2024/01/16
Bateriaren % 15 geratzen zaiola jakinarazi dizu mugikorrak, eta automatikoki aktibatu du bateria aurrezlea.
Ikas zenezakeen mugikorra bizirik mantentzeko azken bateria apurrak dosifikatzen, bidean ezbeharrik bazeneuka ere, baina nahiago izan duzu kaskoak jantzi, behin lagun batek hackeatzen lagundu zizun Spotify sasipremiuma ireki eta ordu erdira iritsiko zaizun musika emanaldi pertsonalizatuaz gozatzea.
Bart kargatzen jartzea ahaztu zitzaizun. Bai, berriro ahaztu zitzaizun. Eguna luze joan zen, berandu iritsi eta iraungitzear zeuden bi solomo jan ondoren oheratu zinen. Bai, lehenik oheratu... eta gero lokartu.
Buseko kristalari gerra deklaratu dio denboraleak. Euri-tantaz bete da kristala, eta zu, gerra honen ikusle pribilegiatu hori, hor zaude tantek kristala nola jotzen duten behatzen. Nola kristalera iritsi ondoren irristatzen diren ikuskatzen. Umetan hatz erakuslearekin jarraitzen zenituela gogoratzen duzu.
Behatzen jarraitu duzu nola tanta bat iristean beheranzko inertzia berak hartzen duen, beste tanta batekin topo egin, eta batzen den. Ohartzen zarenerako batzen diren unean, segundo batez bada ere, aurre egiten diotela beheranzko inertziari, beheranzko inertzia berak hartu duen beste tanta batekin topo egiten dute eta batzen dira. Eta orduan berriro, inertziari aurre egiteko beste saiakera bat.
Buseko kristalari gerra deklaratu dio denboraleak, eta inertziak beherantz daramatza tantak eta saiakerak.
Mundua aspaldi hartu zuela beheranzko inertzia batek behatzen duzu buseko leihatilan irristatzen diren tanten artetik, eta gutxi batzuk antolatzen hasi direla entzun eta haiengana hurbildu zara, ea, une batez bada ere, munduaren amiltzeari eusteko gai zareten.
Eskerrak bart ez zenuen kargatzen jarri, zuregandik metro batera gertatuagatik ere, gertatzen ari dela ohartzen ez zaren enegarren gerra litzateke bestela.
Batu Kontseilu Sozialistara.