AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Ertzaintzak gogor jo zuen gazteria komunistaren kontra martxoaren 30eko gauean. Asko izan ziren zaurituak, hainbat ospitaleratuak, eta atxilotu bat ere izan zen. Defendatzen ari ziren etxebizitza, ordea, ez zuten ukitu. Jipoitzera agertu zirenek GKSko militantzia kikiltzea eta jazartzea beste asmorik ez zeukaten, eta irudiek gordin adierazten dute hori. EAJk bere txakurrak kontrolatzeko zailtasunak izan ohi dituela dirudi, baina baldintzarik gabeko sostengua eskaintzen dio gero Ertzaintzari, bertako sektore faxistak eta ultrak indartzen ibili arren.

Gertaera horien aurrean, makineria mediatikoak gazteria antolatua kriminalizatzen jarraitu du, sostengaezinak diren gezurrak eta manipulazioak zabalduz; bai komunikabide handiek, bai Jaurlaritzak eta alderdiek. Bide batez, lotsagarria eta adierazgarria izan da estatu-aparatuen kudeatzaile izatea amesten dutenen mututasuna ere. Poliziaren inpunitate osoa, beraz, estatuaren partetik.

Komunista konprometituen aurkako jazarpena, baina, aspalditik dator. Azkenaldian adibide mordoa ikusten ari gara. Euskal Herriko Unibertsitateko sektorerik atzerakoienen ekimenez abiatutako kriminalizazio-kanpainak, esaterako, Ikasle Abertzaleaken militantzia eta aldarriak baliogabetzea, mobilizazioaren aldeko klima zapuztea eta modu independentean antolaturiko ikasleak erreprimitzea bilatzen du. Horrela, poliziaz jositako campusak justifikatzen dituzte, eta lehendik ere jada murritzak diren jardun politikorako marjinak are gehiago murriztu ditzakete. Instituzioez gaindiko jardun politikoa marjinala izatea bilatzen dute, oposizio errealik osa ez dadin.

Hezkuntza ertainean ere eraso dituzte ikasleria antolatuaren oinarrizko eskubide politikoak. Guztira bederatzi bat ikasle izan dira kanporatuak, hamabost zentrotik goratan debekatu dute greba egiteko eskubidea, eta hogei ikasle inguru identifikatu ditu Poliziak. Zuzendaritzen eta Poliziaren arteko kolaborazioa, zuzendarien arteko bilerak eta greben aurkako planak, ikasleei espedienteak egiteko saiakerak, ikuskariek institutuetan egindako presioak zein sekreten jarraipenak eta mehatxuak ere ikusi ditugu. Ikasle antolatuak jazarri dituzte eta mobilizatzeko eskubidea galarazi dute; ez soilik Poliziak, baita kolore guztietako ikuskariek, zuzendaritzek eta irakasleek ere.

Ondo dakigu errepresioa ez dela Poliziaren eta epaileen jardunera mugatzen: administrazioko postu asko, politikari profesionalak eta komunikabideetako langileak estatuaren errepresiorako funtsezko piezak dira. Kontsentsu kultural eta ideologiko errepresiboa sortzen dute, eta proletalgoaren belaunaldi berrietan proiektu komunista izaten ari den hedapena mugatu nahi dute. Horretarako, urte luzez mantendu diren borrokarako baldintzak deuseztatzeko prest daude, estatuaren instituzioen mesederako.

Handia eta zabala da instituzioez gaindiko jardun politikorako aukerak murrizten ari den olatua. Politikarako esparru errealista bakarra instituzioetan dagoela babesten duten alderdi edo mugimenduek, edota aldaketa posible bakarrak estatuaren bidez egin behar direla defendatzen dutenek, borrokarako baldintzak suntsitzen dituzte. Jazarriak, nola ez, politika parlamentarismotik kanpoko koordenatuetan ulertzen duten antolakundeak dira; ikusten ari garenez, gazteria komunista bereziki.

Dena den, olatu horren aurka, tinkotasun eta konbentzimendu argia erakusten ari dira gazteak: oztopo guztien aurka greba eta mobilizazioak aurrera eramaten, unibertsitatean militantzia politikoaren aldeko sektoreak biltzen, edota jipoiak jasanez emantzipazioaren aldeko proiektu independenteak defendatzen. Determinazio eta diziplina horrekin mantendu eta hedatu beharko ditugu kalean politika egiteko eta borrokatzeko baldintzak, ostera, estatu kapitalistak jarritako muga estuak besterik ez zaizkigu geldituko.

"Gazte mugimendu sozialistara batzen den gazte batek independentzia- eta askapen-ekintza bat egiten du. Diziplinatzea independente eta aske bihurtzea da". A. Gramsci

EZ DAGO IRUZKINIK