AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Eraldaketarako ezinbesteko tresna omen da hezkuntza. Horren esparru estrategikoa izanik, heldu diote gaiari agintariek: hezkuntzan egiten diren inbertsioak eta gastuak inoiz baino handiagoak dira, lege berriak onartu dituzte Espainiako Estatu mailan, EAErako zehaztapena den curriculum berria ere jarri dute martxan, Hezkuntza Legea onartu berri da... Ezin esan eztabaida batzuk ireki ez direnik.

Hala ere, hezkuntzan dihardugun langileok egunerokoan bizi eta ikusten duguna ez da hezkuntzaren urrezko aroa, ez. Konpetentzien bidezko ebaluazioarekin ikasgaiak edukiz husten ari dira; digitalizazioaren eskutik enpresek inoiz baino gehiago esku hartzen dute; ikasleak ordu luzez egoten dira geletan sartuta, pantailei begira, eta gero eta gaitasun gutxiago dute irakurtzeko, ulertzeko, adierazteko, hausnartzeko, kritika egiteko; irakasleon denbora lan burokratiko amaiezinek betetzen dute, gure ikasgaien prestaketak beharrean. Argi daukat izaten ari diren aldaketa, inbertsio eta gastu publiko horiek guztiek zerikusi gutxi dutela kalitatezko hezkuntza baterako bermeekin.

Mahai gainean dauden eztabaidek itxi egiten dute eztabaidagai dagoenaren markoa. Hauteskunde-kanpainan murgilduta, inoiz baino gehiago hitz egiten dute alderdi zein sindikatuek hainbat auziri buruz: hezkuntza-sistemaren kudeaketaz, ikastetxeen titulartasunaz, lan-baldintzez... Haientzat erabakigarriak diren garaiotan, dena da promesa eta itxaropen. Kontrara, inork ez du hitz egiten hezkuntzak betetzen duen funtzioaz, konpetentzien ebaluazio honen oinarrian dagoenaz edota ezagutzaren desbalorizazioaz ere. Hezkuntza Kapitalaren interesen arabera moldatzen duten azken erreformak ia kontrakotasunik gabe ezarri dira. Eta horretaz guztiaz eztabaidatzen ez badugu, hauxe ari gara onartzen: hezkuntza izan dadila negozio-iturri, enpresariek inposa dezatela hezkuntzaren norabidea eta eskolak bihur daitezela euren mesederako espazio ideologizatzaile eta diziplinatzaile. Presta daitezela belaunaldi berriak zain duten lan-mundu basatirako.

Garai latzak ditugu aurretik; krisialdi kroniko eta dekadenteari erantzutea eskatzen duten garai latzak. Eta, horretarako, pentsamendu kritikoa, gauzak aldatzeko grina eta gaitasuna duen jendea behar da. Hezkuntza eraldaketarako ezinbesteko tresna izan daitekeela badiogu, irakasleok heldu beharko diogu auzi honi. Ezinbestean, beste batzuk irekiko ez dituzten eztabaidei ekin beharko diegu, ematen zaizkigun aukeren artean horren txartzat ez duguna aukeratzearekin konformatu gabe. Panorama beltz honetan argi-izpi bat sartzearren, pozgarria da, gutxienez, ikasle sektore batek lanean nola diharduen ikustea, martxoaren 20rako ikasle greba deialdiarekin. Pozgarria, hezkuntza-sistema honi egin zaion kritika esanguratsuena belaunaldi gazteenek egin izana, guztioi aurrea hartuta. Ez gaitezen atzean gelditu hezkuntzan dihardugun langileok ere: eztabaida zabaldu eta langileon interesei erantzungo dien kalitatezko hezkuntza-sistema unibertsal baten alde pausoak emateko unea da.

EZ DAGO IRUZKINIK