"En Tolosa, Inauteriak..". Baina, oraingo honetan ere ez zeuden denak Inauteriz. Ustezko liskar bat aitzakia hartuta, polizia-kargak eta atxilotuak izan ziren. 16 urteko gazte bat ospitalera bidali zuen Ertzaintzak, begi bat lehertuta. Eta beren aurpegi torturatzailea ere erakutsi zuten ertzainek. Inauteriz mozorrotutako "sekretek" 17 urteko gazte bat atxilotu, komisaldegira bidean jipoitu, biluztu eta umiliatu egin zuten. Komisaldegian egin zuen gaua. Gertaerek entzutea izan dute eta erreakzioek (edo erreakzio faltek) baten zein bestearen polizia-ereduari buruzko posizioak erakutsi dituzte.
EAJk Ertzaintza punta-puntako indar bihurtu du nazioartean zientzia polizialari dagokionez, eta ezin du bere Polizia eredugarria zalantzan ipini. Ertzaintzak barne-ikerketa bat martxan jarri duela esatea besterik ez zaie bururatu egoera salbatzeko. Baina, jakina da Poliziak Estatuaren organo eta instantzia guztien babesa eta kolaborazioa dituela. Hau da, inpunitate osoa duela. Barne-ikerketa horrek Tolosakoa kasu isolatua izan dela eman nahi du aditzera. Ez du zalantzan ipiniko Polizia bere horretan, are gehiago, zuriketarako erabiliko du, baten edo bestearen bizkar gainean ezarriz "desproportzionaltasun" horren ardura. Alabaina, torturek eta kargek gehiago daukate ohikotik ez-ohikotik baino, eta nahikoa ezaguna zaigu hori Euskal Herrian.
Ezker instituzionalaren partetik inork salaketa sakonago bat espero bazuen, ez da hala izan. EH Bilduren esanetan, Ertzaintzaren esku-hartzea justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa izan zen. Kudeaketa txar baten ondorio, beraz. Kritikoaren eta alternatiboaren mozorroa janzten saiatu arren, maskara aspaldi erori zitzaien. Izan ere, EH Bilduk ez du zalantzan jartzen Kapitalaren ordena sozialaren mantentzean profesionalizatutako eta Estatuak (autonomia erkidegoek) kontrolaturiko instituzio armatuen beharra, hau da, Estatuaren biolentziaren monopolioaren logika.
EH Bilduren proposamena Polizia euskalduna, demokratikoa eta gertukoa da: gizarte zibilean gehiago urtuko den polizia-eredu bat; tarteko instantziak izango dituena; bere funtzioak modu prebentiboagoan beteko dituena; euskal komunitatean txertatuago egongo dena… Polizia-bortizkeria (kargak, torturak...) bailitzan Poliziaren ekinbide bidegabe bakarra. Atsekabe soziala sortzen duten jokaerak saihestu nahi ditu. Polizia etengabe kalean egon dadin nahi du, bere figuraren onespena eta berekin kolaboratzea normalizatuz. Modernizatutako polizia-eredu hori baketutako eta gatazkaz hustutako gizarte batera egokitzen da, eta hala izan dadin arduratuko da. Baina, beharra izatekotan, inoiz baino baliabide eta prestaketa gehiago ditu bortitz jarduteko.
Polizia segurtasuna bermatzeko instituzio espezializatua da. Sistema kapitalistaren segurtasuna. Ezin dira Polizia eta sistema kapitalista bi gauza bereizi moduan ulertu. Polizia ez baita bizikidetza ahalbidetzen duen figura neutral bat, baizik eta klase-banaketa betikotzen duen sistemaren beso armatua. Ez da herritarron segurtasuna bermatzeko instituzio bat; horrela balitz, miseria, gerra eta zapalkuntza sortzen eta betikotzen dituzten horien aurka arituko litzatekeelako, eta ez langileriaren aurka. Proposatzen al du horrelakorik alderdi instituzionalen batek?
Hauteskunde-dinamikan murgilduta gauden honetan, kontrajarritako bi kudeaketa-eredu nahi dituzte eszenaratu sozialdemokratek: autoritarioa eta bortitza batetik, eta demokratikoagoa eta gertukoagoa bestetik. Biek funtzio berbera beteko lukete, ordea, eta gainera, elkar uztartzen dira. Gainontzeko estatu-kontuetan bezala, ñabardura txikietan bereizten diren baina auzi handietan bat egiten duten proposamenak dituzte alderdi instituzionalek. Batzuek zein besteek berdina defendatzen dute funtsean, handien mesederako eta betikoen kalterako.
Elkartasun osoa atxilotu eta zaurituei.