Orain etxebizitzaz hitz egin behar da. Ez politikari profesionalen artean benetako interesa dagoelako gai honetan; etxebizitzaz hitz egin behar da, hauteskunde-marketinak hala agintzen duelako. Kanpainaurrearen testuinguruan, etxebizitza ari da izaten gai komenigarrienetako bat: lehenik eta behin, hautesleen zati handi bat kezkatzen duelako (azken Euskal Soziometroaren arabera, etxebizitza hirugarren postuan dago jendearen kezken artean); eta, bigarrenik, gai horrek parada ematen dielako parlamentuko aukera ezberdinei oposizio programatiko itxurak egiteko.
Horrela, EAJ eta EH Bildu liskar kainita batean ikusten ditugu, asko duena performatibotik eta gutxi programatikotik. Hala ere, EH Bildu da barailezurra eusten duena, bera baita egoerarik erosoenean dagoena: lehen indar munizipalista denez, udaletatik exijitzen du Etxebizitza Legea aplika dadila; eta aplikazio hori Autonomia Erkidegoak baino ezin du onartu. Egia esan, ez du axola lege horrek langile-klasearen bizi-baldintzak hobetzeko balio duen edo ez, bere balioa ez datza bere eraginkortasunean, baizik eta hauteskunde-arma gisa duen erabilgarritasunean. Izan ere, itxura guztien arabera gertatuko den bezala, hainbat eremu tentsionatutzat jotzen badira eta efektuak ez badira aurrez iragarritakoak, EH Bilduk beti izango du aukera sortu duen espektatiben soufflétik aldentzeko eta Eusko Jaurlaritza porrotaren erantzule gisa seinalatzeko. Baina, ez gaitezen engaina, bi alderdien proposamen programatikoak berberak dira, ñabardurak ñabardura (alokairu-merkatua sustatzea, higiezinen eta eraikuntzaren sektoreak suspertzea etxebizitza eskuragarriak eraikitzeko, zerga-pizgarriak eta jabeentzako hobariak…), eta performance aktibista batek berak ere ez du aldatuko guztiak, salbuespenik gabe, beren Jainko bakarraren irizpenenetara makurtzen direla: Kapitala.
Performance honen efektua ez da zirku parlamentariora mugatzen, eta ondorioak ditu gizarte osoan. Sortutako itxaropenetara egokitu behar da errealitatea, eta ez alderantziz. Erreforma batek etxegabetzeak "debekatzen" dituela baieztatzen bada, ordutik aurrera gauzatzen diren etxegabetze guztiak sistematikoki ikusezin bilakatuko dira, eta arauaren salbuespen gisa aurkeztu. Izan ere, erreformista bati ezinezkoa zaio bere erreformaren muga aitortzea; lehenago egozten dio erantzukizuna etxegabetuari, lehenago ezkutatzen da oraindik lortu gabeko aritmetika parlamentarioan, lehenago egozten die funts handiei jabe txikien inpunitatearen errua, lehenago aurkezten ditu prezio-igoerak ezkutatzeko txosten makilatuak… Den-dena, sinpleki eta apaltasunez, jabetzak agintzen duela aitortu baino lehen; onartu baino lehen legea dela, hain zuzen ere, beraiek alda dezaketela dioten hori, eta beren funtzioa eguzkitan topa egitera mugatzen dela.