AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Dena ondo doa; izan ere, Txagorritxuko larrialdietan ez dago 6 ordutik 12 ordurainoko itxaronaldirik, lehen arretako medikuak ez dira egunean 40 paziente baino gehiago ikusten ari, erizantzak ez ditu hilean 20 kontratu baino gehiago, Zainketa Intentsiboetako Unitate mugikor guztietan medikuak daude, eta Etengabeko Arreta Guneetan ez dituzte erizainak bakarrik artatzen uzten; itxita ez daudenean, behintzat. Dena ondo doa Laudion, eta anbulantzia guztiak iristen dira.

Eta zer gertatzen da etxe barruan? Osasun-profesionalak suak itzaltzen, osasungintza kolapsatuaren etorkizun ziurgabe baten aurrean. Eta kolapsatuta dagoela diot, ez soilik baliabide faltagatik, baizik eta bere izaera estrukturalagatik; biztanleriaren osasun-ongizatea zentzu guztietan betikotzeko gai ez den sistema baten barruan baitago. Eta kolapsatuta dago, gainera, ez delako lehentasunezkoa baliabideak gastatzea nagusiki produktiboa ez den biztanleriaren bizi-kalitatea hobetzeko, horrek jada egituran defizitarioa den Estatu baten balorizazioa kondenatuko lukeelako. Azken batean, pobreena eta pobreentzat den osasungintza bat. Beste aldean, sektorean borrokan ari diren langileak kriminalizatuta. Greban dauden anbulantzia-gidariak erruduntzat jota pertsona baten heriotzagatik, eta korridoreetako osasungarritasunik eza eta egin gabeko oheak leporatu dizkieten garbitzaileak. Ez dute arrazoi onik izango osasun-sistema perfektuan mobilizatzeko.

Eta, bitartean, erakundeek ez dute inolako proposamen efektiborik atera mahaira dagoenari eta datorrenari aurre egiteko, aberastasuna gehiago banatzeaz eta aurrekontua handitzeaz harago. Baina hor daude: merkantilizazioa, zerbitzuen azpikontratatzea eta autokontzertazioa, gero eta leku gehiago egiten. Eta hemen sartzen da Pradales, hitz-joko ederrak eginez "gure osasungintzaren zauriak sendatzeari" buruz; eta aurrez aurre EH Bildu, beste alderdi batzuei kirats elektoralista egotziz. Benetan uste duzue hau guztia konpon daitekeela sistema kapitalistaren barruan? Ikusiko dugu zer gertatzen den osasungintzaren arazo handi honekin...

EZ DAGO IRUZKINIK