AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Apirilaren 9an, Diputatuen Kongresuan onartu zuten Legegintzako Herri Ekimena (LHE), 390.000 etorkin baino gehiago erregularizatzeko. 900 erakundek baino gehiagok hasitako bide luzearen amaieraren hasiera da: bi urtez borrokan egon ondoren, 612.275 sinadura lortu dituzte. Bitxiena da hemen alderdi politiko guztiek –VOXek izan ezik– aldeko botoa eman izana, eta dinamika laudorioz bete izana Legebiltzarreko saioan zehar, beren ustez, parte-hartze demokratikoaren adibide bikaina zelako. Beldur naiz, kasu hau ere, demokrazia burgesaren fartsaren adibide on bat izango dela.

Alde batetik, erakunde horien ahaleginak gorabehera, LHEren benetako emaitza alderdi politiko batzuen esku dago, zeintzuek jada adierazi duten ahal duten guztia egingo dutela irizpide eta burokrazia kopuru izugarrien azpian lurperatzeko erregularizazio hori modu zabalean aplikatzeko balizko aukera. Zentzu horretan, PSOEk, EAJk eta PPk aldeko botoa eman arren, berehala utzi zuten argi zuzenketak aurkeztuko dituztela.

Bestalde, Espainiako Estatuko atzerritar jatorriko pertsonen erregulazio puntuala testuinguru zabalago baten argitan irakurri behar da. Lehenik eta behin, erregularizazio hori zein ikuspegitatik onartzen ari den baloratu behar da. Alderdi politiko gehienek, zentro inperialistak zapaldutako eta esplotatutako herriekiko giza-eskubideen edo justizia historikoaren oinarrizko gai gisa aurkeztu beharrean, atzerriko eskulana barne hartzeko modutzat hartzen dute erregularizazioa. Aitorpen moduko bat izango litzateke, pertsona bakoitzak lan-gizarteari egingo liokeen ekarpenean oinarrituta. Adierazpen ugari egin dira zentzu honetan. Nuñez Feijook (PP) aitortu du "sentibera" dela "Espainian lan egiten dutenekin eta paperik ez dutenekin". Patxi Lopezek (PSOE), berriz, dio kontua ez dela "debaldeko barra bat, ezta mugak ixtea ere. Kontua da jakitea gurea bezalako herrialde batek milaka etorkin beharko dituela bere ehunari eusteko, baina zentzuz eta modu zuhurrean egin behar da". Bestalde, Mikel Legarda (EAJ) erregulazioaren alde agertu zen, "lan egin duten herritar guztien lana aitortzeko eta errespetatzeko", baina ohartarazi zuen "ezohiko erregularizazio-prozesuak lan-merkatuan sartzeari" lotu behar zirela. Erregularizazioa bai, baina kontrolatuta, lan-merkatuak behar duen eskulan merkea xurga dezan. Eta gainerakoak hor konpon! Erdi-esklabotza baldintzetan egongo den eskulana izango da, gainera; Atzerritarritartasun Legeak edo etxeko langileentzako legediak babestuta, besteak beste.

Bigarrenik, horrelako neurriak Europako testuinguruarekin eta immigrazioaren arloan egiten ari diren erreformekin harremanetan jarri behar dira. Gala Pin Sumarreko bozeramaileak paradoxikoki esan zuenez, "erakundeetan gero eta gutxiago sinesten den une honetan, [...] Europako migrazio itun arrazista bozkatzetik egun batera, gaurko bozketak sinbolismo handiagoa du". Sinbolo bat da, bai, baina politikari profesionalen hipokresiarena eta ezein erakundetatik norabide orokorra aldatzeko ezintasunarena. Izan ere, LHE bozkatu eta hurrengo egunean, Europako Parlamentuak onartu egin zuen migrazioari eta asiloari buruzko legedi berria, migrazio-politikak bateratzen dituena, sarrera eta deportazio baldintzak gogortuz. Badirudi Meloni ultraeskuindarraren delirioak ziruditenak edo Sunak britainiarraren ideia zoroak, etorkinak itsasontzi batean espetxeratzeko edo milaka pertsona Ruandara deportatzeko, gure Europa zaharraren norabide orokorra direla. Eta adostasuna zabala da, izan ere, PSOEk berak aktiboki parte hartu du legedi berri horren sorreran. Are gehiago, duela gutxi jakin dugu PSOE-Sumar gobernuak Atzerritarrentzako Atxikitze Zentro berri bat eraikitzeko asmoa duela Alborango uhartean, 600 metro dituen uhartetxo bat, Almeriako kostaldearen eta Marokoko Tres Forcas lurmuturraren artean.

Kondena bikoitza da: heriotza, erbestea eta tortura muga nazionaletan eta esklabotza muga horien barruan. Europako produkzio-sistema baldintza errentagarrietan mantentzeko behar den eskulan esklaboa xurgatzea eta soberakina itzultzea. Hau da zibilizazio europarraren erresuma.

EZ DAGO IRUZKINIK