AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Erakargarriak zaizkit telebistako talent-showak. Musika, argiztapena, dantza, koloreak, parte hartzaileen urduritasun eta ilusioa, aurkezleen exagerazioak, epaileen handinahikeriak, telebistaren erritmo totalitarioa, faltsutasunari darion auzo-lotsa ezagun hori… Gainera, programak euskaraz badira gertutasun arraro bat sentitzen dut, eta emozioak indartsuagoak dira. Horrela irentsi nuen ETB1eko A ze banda! 2014an, eta horregatik ari naiz Ztanda programa ikusten, ahal dudan neurrian.

Ztandan, dozena bat gazte ari da lehiatzen 15.000 euroko (zifra oso ezaguna euskal eszena musikal eraberrituan) sari baten bila, iganderoko galetan ahal duten onena ematen. Garai eta estilo askotako abestiak ikusi dira oholtzan: rock musikaren aitzindariak, 90eko hamarkadako hit-ak, Pop-aren “diva” handien ereserkiak… Tartean, Euskal Herriko musikaren historiako kantu oso garrantzitsuak ere abestu dira, nola ez. Pantxoa eta Peio, Lourdes Iriondo, Errobi, Mikel Laboa, Kortatu, Hertzainak… Ziur badela zuzendarien erabaki hori ospatzen duenik, “euskal kulturari” bultzada bat ematen diotela esanez-edo. Nik, aldiz, hotz-ikara moduko bat sentitu ohi dut, zikinkeria-sentsazio bat.

Izan ere, tendentzia orokortu bat da Industria Kulturalean garai bateko kantu, melodia, hitzak, irudi edota ideiak berreskuratzea. Horrek, Euskal Herrian, kutsu politiko argi bat hartzen du ezinbestean, proiektu politiko jakinei estuki lotuta egon baitira sorkuntza artistiko interesgarri asko. Ondorioz, gaur egun ere euskal ondareari erreferentzia egiten zaionean, pentsatu daiteke nolabaiteko ekarpena egiten zaiola balizko askapen borroka bati, edota “herriari”, euskarari, etab. Zer edo zer politikoki positiboa “berreskuratzen” dela pentsatu ohi da, finean. Nire ustez justu kontrakoa da lortzen dena.

Euskal Herriko historiako abesti esanguratsu asko eginkizun politiko batzuei lotuta sortu ziren, komunitate politiko bat zen hartzailea, eta bere jardunean osatzen zuen artelanen esanahia. Gaur egun aldiz, rememberraren tendentzian orokorrean, edota Ztandaren adibidean zehazki, eginkizun bakarra irabazi ekonomikoa lortzea da, hartzailea kontsumitzaile aspertu bat, eta inolako esanahirik gabe jaurtitzen dira abestiok. Inoiz merkantilizazioari eta botere burgesari muzin egin zion ondarea Industria Kulturalaren esku uzten da, iraganarekiko harremana kontenplazio hutsera zigortu, eta hartzailearen lana “hori ezaguna dut” esatera mugatu. Azken batean, ondare horren oinarrian zegoen eginkizun politikoa baztertuz gero, iragana berreskuratzea ez baita hildakoak berpiztea, gorpuak saltzea baizik.

EZ DAGO IRUZKINIK