Bigarren mailako langileak

2020ko otsailaren 13a


Versión en castellano

Rosa[1] goizeko 05:50ean iristen da Gasteizko Letren Fakultatera, 06:00etan puntuan hasi behar baita lanean. Gogorra da goizeko txandan lanean aritzea, baina ez du beste aukerarik arratsaldean semeaz arduratu behar bada. Behin baino gehiagotan saiatu da gerentearekin hitz egiten ordutegiak moldatzen saiatzeko, baina horrek dio ordutegiak unibertsitateak jartzen dituela, eta fakultateko administratzailearengana jo duenean hori enpresaren kontua dela erantzun diote. Ondorioz, semea eskolatik goizago ateratzen hasiko denean «kontziliazioa» delakoa lortzeko lanaldi murriztua edo eszedentzia eskatzea izango da haien aukera bakarra. Clara, aldiz, arratsaldeko txandan dago Bilboko Ingeniaritza Fakultatean, 18:00etatik 00:00etara. Hiru aldiz joan da medikuarengana eskumuturreko eta bizkarreko mina dela-eta; dirudienez lunbagoa du. Gauzak are gehiago okertzeko, gaur lan bikoitza du: U-30eko greban fakultatean egin ziren pintaketak garbitu behar dituela esan diote. Orain arte beste langile batzuk kontratatu izan dituzte horrelako lanetarako, baina enpresak erabaki du merkeagoa dela berak egitea, bere ohiko lanaz gain. Alejandra, azkenik, Arkitekturako Fakultatean aritzen da. Alabak, berak egin zuen bezala, Historiako Gradua egiteko joan-etorria egiten du egunero Gasteizera. Baina ikasketak gero eta garestiagoak direnez eta alabari beka kendu diotenez, irizpide akademikoak ez betetzeagatik, eta senarrak taberna itxi zuenetik, garbiketa-lanetan hasi behar izan zen, ordutegi finkoa duen lan bat izateko.

Garbitzaile horiek ez dute unibertsitateko beste langileek baino lan gutxiago egiten, beren lana ez da besteena baino arinagoa. Are gehiago, irakasle finko batek baino ordutegi okerragoak, lan gogorragoa eta baldintza kaskarragoak dituzte, eta, hala ere, soldata eta prestigio txikiagoa dute. Ume txiki bat ere konturatuko litzateke, UIBren programan jartzen duen bezala, soldatak berdindu beharko liratekeela. Hori horrela izan arren, martxoan greban hasteko erabakia hartu dute garbitzaileek. Nola iritsi dira egoera horretara?

2015ean sektoreko hitzarmena indargabetu zuten. Hitzarmen horretako aurre-eraginaren klausula batek zioen berri bat negoziatu arte zaharra ezartzen jarraitu behar zela. Hori ezarri ordez, EHUk kontratatuak dituen enpresek hitzarmen berri bat negoziatzeko aukera blokeatzen zuten bitartean hitzarmen zaharra ezartzeari uzten hasi ziren. Horrenbeste laudatzen den negoziazio kolektiboa inongo begirunerik gabe saltatu dute enpresa horiek irabazia handitzeko aukera ikusi duten unean bertan. Baldintzen okertzea aspektu askotan gertatzen ari den arren, greba nagusiki bi eskari soilik lortzeko deitu da. Alde batetik, lanean pasatzen dituzten hiru urtero antzinatasunagatik soldata handitu beharko lieketelako. Enpresak «trienio» deituriko igoera horiek ordaintzetik ihesean ari dira: 2019an kobratu zituzten, adibidez, 2016tik zor zizkieten ordainketak. Patronalak igoera horiek oso altuak direla errepikatzen du, baina nola ez dira hala izango hezkuntza sektoreko soldata baxuenak badituzte garbitzaileek? Nola ez da antzinatasuna kobratuko, horrelako lan errepikakor batek gorputzean eragiten dituen kalteekin? Bestetik, 2000. urtean sinatu zen hitzarmenean jasotzen zen arren, inoiz jaso ez duten plus bat eskatzen dute: urteko 2.200 euroko plus bat. Plus hori ez da beren lan gogorra aitortzeko modu bat, hezkuntzako gainerako langileek jasotzen duten plus bat baizik. Hezkuntzan lanik gogorrena eta beharrezkoena egin arren, beste langile guztiek kobratzen duten plus bat ukatzen diete. Hausnartu dezagun apur bat, mesedez: ez dira haien baldintzak hobetzea eskatzen ari, ez eta haien lanari dagokion aitormena eskatzen ari; hitzarmenean duela 20 urtetik jasota zeuden neurriak ezartzeko eskatzen ari dira. Teorian grebak hitzarmenak lortzeko diren arren, orain langileek hitzarmena eta legea aplikatu dadin ere borrokatu behar dute: hitzarmeneko zati bakan horiek ezarri daitezen bost astez egin beharko dute greba, pentsa! Non daude orain epaileak, fiskalak, lan-ikuskariak eta zuzenbide burgesaren pantomima eta hitzontzikeria guztiak?

Bost urteko borrokaren ondoren nekatuta eta frustrazioz begiratzen diote panoramari. Haien soldata igoera horiek patroiak ordaindu beharko lituzke; garbiketa enpresek. Hemen hasten da arazoa, enpresa horiek langileek eskatzen dutena ordaintzeko nahikoa diru ez dutela diotenean. Enpresa horiek zerbitzuagatik kobratzen dutena Hezkuntza Sailarekin negoziatzen dute lehiaketa publiko baten bidez (Eusko Jaurlaritzak garbiketa behar duela argitaratzen du, eta baldintza onenak eskaintzen dituen enpresari egiten dio kontratua). Patroiek honakoa argudiatzen dute: beste enpresekin lehian prezio baxuegiak eskaintzera behartuak daudela eta, beraz, ez dutela dirurik. Kontratu horiek, alabaina, bost urtean behin ateratzen dira lehiaketara, beraz, ugazabek irakurtzen badakite, jakingo zuten hitzarmenean zer jartzen zuen kontratua onartu aurretik. Baina, tira, horrelakoxea da merkatu librea, ezta? Hori ikusirik, Eusko Jaurlaritzara jotzen dute garbitzaileek (mobilizazio gehienak Lakua parean izaten dira), Hezkuntza Sailarekin hitz egin nahian. Gobernuak, horren aurrean bere karta klasiko bat erabiltzen du: hori langileen eta patronalaren arteko gatazka bat denez, Jaurlaritzak bezero den heinean ez duela ezer esateko. Ale, eta hori esan bitartean merke-merke jasoko ditu garbiketa zerbitzuak. Pentsa, hala ere, egoera zein den: langileak, patronalaren aurrean babesgabe, Jaurlaritza presionatzen saiatzen dira enpresei gehiago ordaindu diezaien (gero ikusi beharko da igoera horretatik zenbat den garbitzaileentzat). Dena den, zalantza izpirik gabe nire gustukoena EHUren posizioa da: bereak dira garbitzaileak, bere zentroetan egiten dute lan, baina iritsarazten digun propagandak behin eta berriro hitz egiten badu ere, unibertsitatearen balore eta Gizarte Erantzukizunaz, ez du hatz bat ere mugitu garbitzaileen alde. Hiru otso ditugu eta hirurak ardiz jantzi dira. Patronala eta Eusko Jaurlaritza garbitzaileen kontura aberasten ari dira, EHUk beste aldera begiratzen duen bitartean. «Arrisku moral» gisa ezagutzen denaren adibide argia da. Egoera honetan ez dago esplotazioa geldituko duenik langileen borroka ez bada.

Garbitzaileek haien egoera hobetzeko unibertsitateko beste langile klaseko edozein sektorek baino premia gehiago badu ere, baldintza okerrenak ditu borrokarako. 2016an bost eguneko greba baino ezin izan zuten deitu, eta laugarrenean jada gutxieneko zerbitzuak handitu zizkieten beren «grebarako eskubidea» zapuztuz. Haiek grebatik bueltan zikindu den guztia garbitu behar izaten dute; imajinatu lantegi batera itzultzen diren langileek greba egunetan egin ez duten lana egin beharko balute. Lan-egoera ezegonkorra dute langile hauek, eta gehienek beren menpe norbait dutenez (seme-alabak, adibidez), lanpostuarekiko mendekotasun horrek borroka zailtzen du, beldurragatik. Haien egoera zaurgarriaren seinale da patronalak langile komiteekin negoziatzerako orduan duen jarrera. Clarak kontatu dit behin enpresaren negoziatzaile bat haren aurrean eseri zela eta mugikorrari begira honako hau esan zion: «Pues aquí vengo, a calentar la silla». Babesgabetasun horretan funtsezkoa bihurtzen da horrenbeste errepikatzen dugun langile elkartasuna: garbitzaileen egoera ez da garbitzaileena, langile klase osoarena baizik. Horregatik azpimarratzen dugu batera antolatu eta jarduteko beharra eta betebeharra. Inoiz baino hautsiago dago batasun hau. Horren adibide da Alejandrari 2016ko grebatik bueltan unibertsitateko beste langile batek esan zion lehen gauza: «greba egin dezakezue dena zikina utzi gabe». Klase batasunaren nozio oinarrizkoenak ere ahaztuak daudela dirudi. Ikasketen kostua, ordezko irakasleen egoera ezegonkorra edo ikerlarien zabor-kontratuak ez dira ikasle, irakasle edo ikerlarien arazoa, denona baizik. Horregatik egin behar dugu denok garbitzaileekin bat.



[1] Izen eta identitate guztiak asmatuak dira anonimotasuna gordetzeko, baina datu eta istorioak egiazkoak.