Noren hezkuntza? Hezkuntza klase borrokatik pentsatzen hasteko ekarpena

2019ko apirilaren 29a



Izenburuan eta azpi-izenburuan aurreratu dudan moduan, hekuntzaren eta bere inguruan dabilenari buruzko hausnarketak partekatzeko espazioa izango da hau. Tarteka eta koiunturaren arabera idatziko dut, baina batez ere, iraultza sozialista galdu ezin den iparrorratz gisa duen ikasle proletario baten begietatik. Langileriaren erronka potoloa den hezkuntza proletarioaren eraikuntzari ekarpena egitea da asmoa, egungo fase historikoak eta nire gaitasunek inplikatzen dituzten muga guztiekin, baina borondate eta ausardia guztiarekin. Sarrera txiki honekin amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet Gedar Langile Kazetako burkideei, honetarako aukera eta espazioa eskaintzeagatik. Animorik indartsuenak ere bidali nahi dizkiet, euskal langileriarentzat interesgarria bezain beharrezkoa den proiektu honetan aurrera egiteko. Aupa zuek!

Hezkuntzaren inguruan hitz egiten hasteko, aproposa iruditzen zait izenburuan agertzen den galderari heltzea. Izan ere, orokorrean gure herrian asko idatzi eta hitz egiten den gaia da hezkuntza. Esaterako, ikasleen borroka, mobilizazio eta grebek eraginda. Baita ere, irakasle eta langileen lanuzteen ondorioz edo gobernu ezberdinen erreformak sortzen duten eztabaida publikoengatik. Baina gutxiago hitz egiten da, guzti honen ezkutuko aldeaz edo mugimendu politiko hauek ezaugarritzen dituen “noren hezkuntza?” galderaz. Ez ordea galdera hau bere forma sinpleenean ulertuta, honek bere baitan dakartzan inplikazio edo dimentsio politikoekin ulertuta baizik.

Izan ere, Leninek Kautsky eta bere jarraitzaileei gogorarazi behar izan zien bezala, sozialistok edozein fenomeno sozial eta politikoren aurrean ezin dugu inoiz “Zein klaserentzat?”[1] galdera formulatzeaz eta erantzuteaz ahaztu. Gauza bera gertatzen da egun hezkuntzaz dihardugunean ere: noren hezkuntzaz ari gara? Hau da, zein klaserentzat eta zein klase sozialen mesedetara jarduten -edo jardungo- duen hezkuntza prozesuaz? Oinarrizko galdera honen gainean egiten saiatuko naiz datozen artikuluetako ekarpenak, gaur-gaurkoz eta hezkuntza esparruari dagokionean ere, proiektu politiko baten bideragarritasunerako ardatza izaten jarraitzen duen galdera delako, nire iritziz.

Oraindik badira batzuk, klase borroka  XIX. mendeko kontu gisara saltzen saiatzen direnak. Badira ere, sindikatuek enpresetan garatzen dituzten borroketara mugatzen saiatzen direnak. Eta badago, lurralde batzuk dituzten berezitasun territorial, etniko edo kulturalen ondorioz, proletalgoa burgesiaren mesedetarako klase borroka garatzeaz konbentzitu nahi duenik klase borrokak forma konkretua hartzen duela baliatuz. Kontua guztiz bestelakoa da ordea. Izan ere, utopia eta ilusio idealistetatik haratago, klase borroka bizi-bizirik dago, eta gure bizitzen egunerokotasuna osotasunean ezaugarritzen du. Ihes egin ezin dugun borroka da klaseen artekoa. Horregatik, langileok honen aurrean daukagun aterabide bakarra, gure klasearen batasun eta independentziaz burgesiari aurre egitea da. Bizi ahal izateko, esplotatu izateagatik daukagun dependentzia gainditu nahi badugu behintzat.

Hain zuzen ere, klase borrokaz dihardugunean, ekoizpen prozesuaren gain duen kontrolaren bitartez botere soziala metatzen duen burgesiaren eta bizirauteko lan-indarra saltzera kondenatua den langile klasearen arteko adiskidetu ezinezko gatazka iraunkorraz ari gara. Gatazka honen indar korrelazioak gure egoera ekonomiko eta soziala ezaugarritzen du. Edo nahi bada, errealitate sozialaren esfera guztiak baldintzatzen ditu. Horregatik borroka hau, etorkizuneko belaunaldien izaerari forma ematen dion hezkuntza esparruan modu argigarrian azaleratzen da. Alde batean, Europar Batasunaren bitartez estatu guztietako heziguneetan bere intereseko eduki, pedagogia, balore eta jokaerak ezartzeko gai den burgesiaren estratu altua -oligarkia-, maila lokalagoetako instituzioetan eragin eta baldintzatzeko gaitasuna duen burgesia txikiarekin batera koordinaturik agertzen delako. Bestaldean, burgesiaren estratu ezberdinekiko menpekotasun egoeran dagoenez, arrotza zaion kualifikazioa jaso edo transmititzera behartua den  proletalgoa. Edota, jakintza transmisio hau posible izan dadin, heziguneen garbiketan, mantenuan, eta jangelako sukaldeetan lan egitera kondenatua dagoen proletalgoa.

Orain arte aurreratu dudanarekin ondorioztatuko den bezala, Euskal Herrian ere, ikasketa prozesuaren gaineko kontrola burgesiarena da. Bera da gizartearen formakuntza edo kualifikazio prozesua osotasunean gidatzeko gaitasuna duen klase soziala. Honekin batera, proletalgoak, ikasketa prozesuan eta bere nolakotasunean esku-hartzeko edo eragiteko, geroz eta gaitasun gutxiago dauka. Proletalgoaren esku-hartzeko gaitasun galera honen adibide da esaterako, -batez ere, Europar Batasunetik datozen azken erreforma eta plan estrategikoen bitartez- ikasleei, ikasketa prozesuaren eta irakasleei, irakatsi beharreko edukiaren gaineko kontrol maila gutxitzeko neurriak ezartzea. Neurri hauen bidez, kontrol hori gauzatzeko eskumenak kentzen dizkio burgesiak proletalgoari.

Hezkuntza prozesuaren gaineko kontrol edo boterea behar-beharrezkoa du burgesiak, bere boterearen erreprodukziorako berme garrantzitsuenetako bat baitu. Izan ere, hezkuntza, gizakiaren ahalmenen garapenaren bitartez, gizartean bizitzeko prestatzearen eta gaitzearen[2] prozesu gisara ulertzen badugu, honen gaineko kontrola duenak, bere intereseko ahalmenen garapena bermatzeko gaitasuna izango du. Horregatik, botere burgesaren inposaketa erabatekoa den gizarte kapitalistan, ahalmen hauek burgesiaren boterea areagotzeko forman garatzen dira, hots, merkantziak ekoizteko ahalmen modura. Modu honetan, hezkuntza prozesua bere osotasunean etorkizuneko lan indarra prestatzeko prozesua bihurtzen da.

Proletalgoaren hezkuntza aldiz, honen aurkakoa da. Hobeto esanda, honen aurkakotasunean eraiki behar da -eta eraikitzen ari da-. Izan ere, botere burgesa elikatu ordez, langile boterea elikatzea helburu duen prozesuaren parte da. Hezkuntza proletarioa, prozesu sozialista indartzea -bere momentu historiko bakoitzaren beharrei erantzutea- helburu daukan langileriaren heziketa prozesua da.

Langile boterea elikatzea helburu duen prozesu honek, gaur-gaurkoz eta nire iritziz, proiektu politiko sozialista indartzeko dauzkan eginbehar nagusiak bi dira:

1) Burgesiari, hezkuntza burgesen gaineko botere edo kontrol kuotak lehiatzea. Pixkanaka, proletalgoak ikasketa eta lan prozesuaren gaineko kontrol handiagoa izateari egiten dio erreferentzia honek. Hau da, hezkuntza instituzio burgesen funtzionamenduaren inguruan, proletalgoak erabakietan eragiteko edo zuzenean erabakiak hartzeko ahalmen geroz eta handiagoa lortzea. Kontrol honek, instituzio burgesak ahuldu eta prozesu sozialista indartzea izanik helburutzat.

2) Hezkuntza sozialistaren hastapenak martxan jartzea. Hezkuntza burgesean botere kuotak lehiatzetik haratago, langileria prozesu sozialistan hezteko instituzioak -edukia, azpiegitura, ikerketak...- maila nazionalean eta proletalgoaren kontrolpean egituratzeari egiten dio erreferentzia. Aurreko puntuan aipatu bezala, instituzio burgesetan lortutako kontrol gaitasuna, instituzio burgesak ahuldu eta sozialistak indartzeko helburura bideratzea da gakoa. Puntu honekin lotzeko adibide bat izan daiteke, klase orduen derrigorrezkotasun maila gutxitzea, langileriari hezkuntza sozialistaren parte izatea errazteko.

Gaurkoz, eta hezkuntzaren inguruko ikuspuntuak partekatzen hasteko sarrera gisara, nahikoa dela esango nuke. Ez nuke agur bero bat bidali gabe amaitu nahi ordea. Doakie berau, lagun batek esan zuen bezala, miseria garaietan duintasun dizdira diren horiei. Eredu zarete!



[1]- V. I. Lenin. (1918). La revolución proletaria y el renegado Kautsky. En OBRAS ESCOGIDAS, TOMO IX (1918-1919) (página: 10). Moscú: Progreso. https://www.marxists.org/espanol/lenin/obras/oe12/lenin-obrasescogidas09-12.pdf

[2]- Harluxet hiztegi entziklopedikoa.