AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

(Itzulpena)

Hilabete igaro da Espainiako Bankuak txosten bat[1] argitaratu zuela, non 2019. urte hasierako lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) igoerak enpleguan izan zituen ondorioak aztertzen ziren. Txosten honek polemika sortu zuen, ez soilik ekonomialarien eta akademikoen esparru teknikoetan; langileen mugimenduko zenbait sektorek ere eztabaida politikoak izan zituzten.

Espainiako Bankuaren arabera, LGSren igoerak (735 eurotik 900 eurora igo zen 14 ordainsaritan, hau da, % 22tik gorako igoera) ondorio kaltegarriak izan zituen 1.050 eurotik beherako soldatapeko enpleguetan langileak kontratatzerako garaian. Hau da, Espainiako Bankuaren iritziz, 2019ko LGSren igoeraren ondorioz lanpostu gutxiago sortu ziren, soldata txikiagoko enpleguetan, igoera hori gertatu ez balitz sortuko ziratekeenak baino. Igoeraren ondorio negatiboek, gehienbat, aldi baterako lanpostuetan edota saltoki txikietan (hamar langile baino gutxiago dituzten establezimenduak) lan egiten duten langileei eta langile gazteei (32 urtetik beherakoak) eragingo liekete. Izan ere, hain errentagarriak ez diren enpresen kasuan, LGSren igoerarekin bat datorren soldata-igoerak irabaziak murriztea eragin dezake, eta horrek kontratazioa oztopatzen du.

LGSren igoerak soldata-tarte baxuenen kontratazioan beherakada eragin zuela dioten argudioen aurrean, igoeraren aldekoek azaldu dute, eskariaren ikuspegi keynestarretik, LGSren igoerak ondorio positiboak ere izan zituela, bai enpleguaren sorreran, bai soldata-desberdintasuna murriztean ere. Euren arabera, soldata-tarte baxuenetan kontratua berritu ez zaien langileak, proportzio handi batean, soldata-tarte handiagoko lanpostuetara berresleitzen dira. Horrela, langileak efizientzia gutxiagoko enpresetatik (LGS baino soldata txikiagoak edo pixka bat handiagoak dituztenak) enpresa efizienteagoetara berresleitzeak efektu positiboa du. Berresleitze hori soldata-igoerek kontsumoan duten efektu agregatuari esker gertatzen da (zenbat eta soldata altuagoa, orduan eta kontsumo handiagoa; eta zenbat eta kontsumo handiagoa, orduan eta errenta handiagoa eta enplegu gehiago). Ikuspuntu horrek nahiko baikorra dirudi; izan ere, Espainiako ekonomiaren ekoizpen-egitura ahulak eta etengabeko langabezia-maila handia (25 urtetik beherakoen kasuan ez da inoiz jaitsi % 30etik azken hamarkadan) ez dira egokiak langileak azkar berresleitzeko.

Era berean, LGSren igoerak soldata-desberdintasuna murrizten duela azaldu dute, gutxieneko soldata-maila igotzen baitu. Hori egia bada ere, argudio hori tranpatia da, ez baitu kontuan hartzen lan egiteari uzten dioten soldata baxuko langileak (bai kaleratu egin dituztelako, bai ez dietelako kontratua berritu) automatikoki ateratzen direla soldata-desberdintasunari buruzko estatistiketatik.

LGSren igoerak enpleguan izan duen eragin garbia (enplegua sortzea ken enplegua suntsitzea) kalkulatzeko orduan dagoen arazoa da enpleguaren suntsiketa erraz kalkula daitekeela, zuzenean gertatzen baita; enpleguaren berresleipena, aldiz, zeharka gertatzen da (eskari agregatua handituz), eta horrek asko zailtzen du haren neurketa. Horregatik, konplexua da igoerak enpleguan eragindako ondorio guztiak, positiboak zein negatiboak, kontuan hartzea. Edonola ere, zilegi dirudi baieztatzea LGSren igoerak ondorio positiboak dituela metaketan bai eta soldata igoera izan duten langileengan ere, baina, aldi berean, ondorio negatiboak dituela lan-merkatuko zenbait sektoretako enpleguaren sorreran, batez ere gazteengan, lanaldi partzialeko langileengan eta establezimendu txikietako langileengan.

Eztabaida honetan interesgarriena oro har soldata-igoeren eta bereziki egungo koalizio-gobernuak abiatutako LGSren igoeren ondorioz sortu diren inplikazio politikoan datza, bai eta horrekiko zein jarrera hartu behar dugun ere.

Nire iritziz, langileek soldata igoera aldarrikatzea zilegizko aldarrikapen bat da. Modu orokorrean ulertuz, ez dago soldata justurik, eta langileen baldintzak hobetzeko neurri guztiak izango dira positiboak. Hori bai, gure gizartearen determinazio objektiboez jabetzen den pertsona batek egungo LGSren igoera aldarrikatu behar du, besterik gabe?

Jakina denez, lan-indarraren balioa elementu objektiboek determinatzen dute, hala nola, produkzio indarren garapen-mailak eta ziklo ekonomikoaren momentu zehatzak. Baina baita elementu politikoek, besteak beste, indar-korrelazioak (klase bakoitzaren indar-posizio erlatiboa).

Hori garrantzitsua da, lan-indarraren balioa bi faktore objektiboren mende dagoela esan nahi baitu. Alde batetik, lan-eskariaren mendekoa da, hau da, enplegua eskainiko litzaiokeen guztizko kopuruaren araberakoa. Bestetik, lan-eskaintzaren araberakoa da, hau da, enplegu bila edo enplegatuta dauden langileen guztizko kopuruaren mendekoa. Lan-eskaria ekoizpen-maila agregatuaren mendekoa da, eta lan-eskaintza, aldiz, ekoizpen-bitartekorik ez duten pertsona desjabetuen kopuruaren mendekoa. Gaur egungo koiunturan, lan-eskaria beherantz besterik ez doa COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoa dela eta, zeinak langabeziaren gorakada eta uzkurdura ekonomiko orokorra eragin dituen. Era berean, azken hamarkadetan proletarizazio-prozesu bat izan da nagusi, eta prozesu horretan, gizarteko geruza gero eta handiago bat euren komertzio txikiez desjabetu dituzte eta beste batzuentzat lan egitera kondenatu; are gehiago egungo krisiaren ondorioz.

Baina, gainera, LGSren igoera ez da langileen indar-korrelazioan hobekuntza baten ondorio izan, baizik eta gobernuaren erabaki baten emaitza da, zeinak neurri espantsionistak sustatzen dituen, eskariaren bidez kapital-metaketa errazteko. Gauzak horrela, LGSren igoerak ordaindu gabeko aparteko orduak, kontraturik gabeko enplegua eta jarduera informala handitzea dakar.

Zentzu horretan, langileen sektoreek LGSren igoera aldarrikatzeak bi arrazoirengatik oztopa dezake emantzipazio soziala. Alde batetik, soldata-aldarrikapenak banaketaren eremuan kokatzen dira, eta horregatik ez dute zalantzan jartzen soldatapeko lanean oinarrituriko gizarte-egitura. Eztabaidatzen dutena zera da: langileak zein prezioren truke dauden prest kapitalistei beren burua saltzeko. Bestalde, besterik gabe onartzen bada, bere mugak kontuan hartu gabe, Estatua ekonomiaren egituran esku hartzeko eta moldatzeko gaitasun eraginkorrak dituen eragile gisa aurkezteko tranpan eror daiteke, funtsean, Estatua egitura horren ondorio denean.

Izan ere, soldatapeko lana harreman-forma bat da, eta, horren bidez, bi pertsonek berdintasun juridikoan oinarritutako truke-kontratu bat ezartzen dute. Langileak, bere askatasun osoa erabiliz, bere lan-gaitasunak eskainiko ditu soldata baten truk. Langileak ahalik eta soldata handiena lortu nahiko du; enplegatzaileak, aldiz, ahalik eta soldata txikiena ordaindu nahiko dio. Baina, horrez gain, langile eta enplegatzaile jakin batzuen artean ematen diren soldata-harremanen garrantziak honetan datza:, ezkutatu egiten dute menderakuntza kapitalista langilego osoaren eta kapitalista guztien aurkaritzan gertatzen dela. Hau da, kapitala da, bere osotasunean, langilea lanaren mende jartzen duena eta dominazio hori erreproduzitzen duena. Horrela badirudi ere, kapitalismoan dominazio lotura ez da modu pertsonalean gertatzen. Azken finean, langile batek postu jakin batean lan egiteari uzten badio ere, bere lan-indarra besteentzat saltzen jarraitu beharko du. Horregatik da hain zaila eta, era berean, hain beharrezkoa patroiaren eta langilearen arteko soldata-borroka harreman sozial kapitalistak osotasunean gainditzen saiatzen den borroka politikoarekin artikulatzea.

Berriro diot, ongi etorria izan dadila langileen bizi-baldintzak hobetzea dakarren neurri oro. Hala ere, soldata igoerak ez du zertan hura sustatzen dutenek saltzen duten bezain ona izan. Gauza bat argi dago: klase dominaziorako funtsezko harremanak ezin dira lege-erreformen bidez eraldatu.


[1]https://www.bde.es/f/webbde/SES/Secciones/Publicaciones/PublicacionesSeriadas/DocumentosOcasionales/21/Fich/do2113.pdf

 

IRUZKIN BAT
  1. M
    Máximo 2021/10/23

    "...Hori garrantzitsua da, lan-indarraren balioa bi faktore objektiboren mende dagoela esan nahi baitu. Alde batetik, lan-eskariaren mendekoa da, hau da, enplegua eskainiko litzaiokeen guztizko kopuruaren araberakoa. Bestetik, lan-eskaintzaren araberakoa da, hau da, enplegu bila edo enplegatuta dauden langileen guztizko kopuruaren mendekoa...."

    Ez al zara lan-indarraren prezioari buruz ari hemen?

    "...Hori garrantzitsua da, lan-indarraren balioa bi faktore objektiboren mende dagoela esan nahi baitu. Alde batetik, lan-eskariaren mendekoa da, hau da, enplegua eskainiko litzaiokeen guztizko kopuruaren araberakoa. Bestetik, lan-eskaintzaren araberakoa da, hau da, enplegu bila edo enplegatuta dauden langileen guztizko kopuruaren mendekoa...."

    Ez al zara lan-indarraren prezioari buruz ari hemen?