Ezer gutxi du ausazkotik testuinguru historiko bakoitzean eragin nahi duten agente politikoek darabilten komunikatzeko erak. Ez dira ausazkoak seinalatzen diren gertaerak, kausak eta ondorioak, ezta horretarako aukeratzen diren hitzak ere, ezta aukeratzen den erregistroa eta tonua ere. Mugimendu politiko baten asmoak eta proiektua irakurri daitezke horien guztien atzean, esplizituago edo inplizituago. Argi eta garbi, masen berehalako kontzientzian hautematen diren elementuak diskurtsoaren bidez lotu, zentzu osatu bat eman eta programa politiko baten pean biltzea bilatzen da komunikazio politikoaren bidez.
Komunikazio politikoak osagai nagusitzat ditu agitazioa eta propaganda. Agitaziozko ekintzak dira injustizien aurrean nahigabea eta haserrea zabaltzea bilatzen dutenak, eta, beraz, masen zentzu komunean edo berehalako kontzientzian hautematen diren gertaera edo egoeretan jartzen da fokua. Propagandaren bidez, ordea, jazoera horien kausa (erantzuleak edota eragileak) eta efektuak azaltzen dira, horren bistakoak ez direnak. Eta, horrela, arazoa desagertzeko, jarduera politikoaren bidez garaitu edo gainditu beharreko egiturak seinalatzen dira. Agerikoa da puntu horretan kabitzen direla bakoitzaren intentzionalitate politikoaren araberako errealitatearen irakurketak. Komunikatzaileak aukeratu dezake egia esatea, baina horrek errealitatearen azterketa sakon eta serio bat galdegingo dio, eta politikoki posiziorik zailenaren aurrean utziko du. Aukeratu dezake egia erdia esatea, soilik interesatzen zaizkion ideia zatiak hartuta, bere programa politikoaren lerroek bete ditzaketen azaleko hutsune batzuk, alegia. Eta aukeratu dezake gezurra esan eta masei iruzur egitea ere. Esaterako, langabeziaren errua inmigranteei leporatuz edo klima larrialdiarena norbanakoei.
Propagandari dagokionez, ez du lan erraza ezkerreko sozialdemokraziak garaiotan. Gertatzen ari denaren kausak zintzoki seinalatuko balitu ebidentzian geratuko litzateke, batetik, bere benetako izaera, erregimen kapitalistaren euskarri izatearena, eta bestetik, bere aldarrien zentzugabekeria eta ezintasuna. Miseriaren gordina haien azalean bizitzen ari diren masei egia esatea aukeratuko balu bere burua (ere) seinalatzen amaitu beharko luke.
Horregatik, agitaziora mugatutako diskurtsoetan geratzen da, esklusiboki emozionala den tonu bat erabilita. Jendearen atsekabea programa sozialdemokratan biltzea helburu izanik, beren jarduera justifikatzeko balio duten kausa-efektu egiazkoen faltan, diskurtso identitarioak dira geratzen zaizkien baliabide bakarra. Ezker abertzalearen adibideari helduko diot, hautatzen dituzten lemak eta mezuak adierazgarriak baitira zentzu horretan.
Batetik, «gu vs. etsaia» logika jarraitzen du, jada errealki existitzen ez den konfrontazio baten itxura emateko asmoz. Gazteen subjektibitatean eragiteko Ernaik behin eta berriro darabil tresna hori. Gaitz guztien iturri gisa kokatuko dituzte estatu espainiarra eta frantsesa eta «sistema» kanpoko agente moduan, gu erasotzen gaituztenak, gure bizitzak usteltzen dituztenak. Agente arrotz bat gure kontra: horixe izango da zentzu komunean aise geratuko den ideia. Bi aldiz pentsatuz gero, ordea, ohartzen zara ez dakizula gu hori nor den, baina batez ere, ohartzen zara hori esan bitartean estatuan aktiboki lan egiten dutela kapitalaren sostengu-lanetan. Horren adibide dira onartu berri dituzten aurrekontu orokorrak.
Bestetik, salatzen duten horri aurre egiteko proposamen politiko baliagarri baten faltan (sozialdemokraziaren mugak kapitalaren muga berberak direlako), subjektu abstraktu bat aldarrikatzen dute irtenbide gisa: irtenbidea gu gara. «Gazteok argi dugu», «gazteok badakigu zer eta nola behar dugun». Eskaintzeko dutena ez da beren bizi-egoerari aurre egiteko proletalgoa antolatzeko proposamen konkretu bat; baizik eta identitate baten parte izatea, indarrak batuta (norekin, nola eta zertarako?) garaipena (zer garaipen?) lortuko duena. Masen parte hartzea proiektu politikoan hauteskunde-bozkaren bidez gauzatzen da, eta ez da errealki besterik behar.
Hori guztia hainbat baliabide formalekin osatuta lortzen dute beren diskurtsoa puztea. Atzo, «bihar» eta «orain» bezalako hitzekin eta «-ra goaz» egiturarekin, gizateriaren izate historikoari eta «garapenari» erreferentzia egitearen bidez konbentzimendua erakutsiz eta promesak eginez: «gure etorkizuna zein gure oraina eraldatzera goazen belaunaldia gara». Eta metaforak erabiliz etengabe, adibidez, azaroaren 12ko mobilizaziorako ur-tanta, itsasoa, olatua, itsasontzia eta enbata (itsasoaren metaforak ez al zuen erabilpen-kupoa agortuta?).
Komunikatzeko modu hori ez darabilte soilik diskurtso publikoetan. Eduki hutsak forma poetikoan azaltzea eta etengabeko auto-erreferentziaren bidez atxikimendua bilatzea kultura militantearen parte bihurtu da, eta oinarri militanteak, oro har, guztiz asimilatuta dauzka horrelakoak. Hala ikusten dugu sare sozialetan, zuzeneko elkarrizketetan, sortzen diren askotariko dinamiketan… Ez nuke, inolaz ere, ezkerreko sozialdemokraziaren antolakundeetan militatzen dutenen borondatea ezbaian jarri nahi zentzu moralean, ezpada horren ondorio politikoak seinalatu. Zirt edo zarteko garai hauetan sozialdemokraziak egiturazko ezintasuna dauka masen haserreari, oinazeari eta etsipenari zintzoki erantzuteko, eta ezinbestekoa zaie, beraz, nortasun bati zuzenduz emozionatzeko gaitasuna erabiltzea beren programa politikoari jaten emateko. Langileriarentzako alternatiba faltsu bat, dena ondo joango delako promesa bat eta benetan hori egia bihurtzeko balio izango duen proposamenik ez mahai gainean. Ez al da hori langilea bere kateak egiteko burdina lantzen jartzearen parekoa?
Proletalgoari munduaren ulerkera osatu baterako erantzunak ematea eta haserrea antolatzeko proposamenak hedatzea dagokigu komunistoi, eta ez da lan erraza hori. Zintzotasuna eta umiltasuna izan behar dira gure eguneroko lan militantearen eta komunikatzen dugunaren ardatza, promesarik ez. Gertatzen ari denaren kausak aztertu eta seinalatu behar ditugu, bere ondorioak parean ikusi baititzakegu, eta (metaforekin jarraituz) ez dugu lorategirik inori eskaintzeko. Hartzen joan gaitezkeen guda zelai bat, ez besterik.