AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

(Itzulpena)

Gizarte kapitalistak berak munstro bat sortu du, eta jada ezin du harengandik ihes egin. Hau da, «erlijioan gizakia bere garunak sortutakoek gobernatzen duten moduan, ekoizpen kapitalistan bere eskuek sortutakoek gobernatzen dute».

Gizakia izaki soziala dela esatea ez da ezer berria inorentzat. Norbanako orok beharrezkoa du gainontzeko norbanakoekin lotura sozialak sortzea, denboran zehar bizirik iraun ahal izateko. Beste modu batean esanda, gizarte orok norbanako bakoitza sistema baten baitan antolatu behar du nolabait; gauzatuko dituen eraldaketen bidez, gizartea bera, denbora pasa ahala, gizartea bera erreproduzitzen jarraitzeko helburuarekin. Hau da, gizarte orok bere lana antolatu beharko du, eta zer ekoitziko den eta atal bakoitza nork ekoitziko duen erabaki beharko du. Lanaren banaketa soziala gizartearen berezko elementua da, baina forma ezberdinak hartzen ditu, ez baitago giza espeziearen erreprodukzioa antolatzeko forma «naturalik».

Ekoizpen modu kapitalistan, lanaren antolaketa, zeharka eta modu inkontzientean, merkatutik abiatzen da. Esaterako, auto ekoizle batek ez du lan egingo autoa behar duenari ondasun erabilgarri bat eskaintzeko. Aitzitik, ekoizleak autoa ekoitziko du soilik errentagarria zaiolako. Izan ere, ziurrenik, auto ekoizleak eta erosleak ez dute inoiz elkar ezagutuko, eta ez dute inongo harreman pertsonal zuzenik izango euren artean. Baina, errealitatean, ekoizleak eta erosleak elkarrekiko mendekotasuna dute, bigarrenak ondasun bat erabiliko baitu lehenaren lanaren fruitua erosteari esker. Lana modu pribatuan inbertitzen denez, elkarrengandik independenteak diruditen ekoizleekin, lan hori modu berezi batean aurkezten zaio gizarteari: balioa.

Lana, jarduera soziala eta ez indibiduala, modu autonomizatuan egitearen ondorio zuzena da balioa, bai eta salgaien ekoizle ezberdinek merkatuko trukeen bidez lotura inpertsonalak ezartzearen ondorio ere. Ekoizpenak zirkulazioaren eremuan, hau da, trukean, soilik erakusten du bere benetako izaera soziala.

Zerbait hutsala badirudi ere, balioak ondorioak ditu gure bizitzetako hainbat alderditan: eragina dauka gizartean harremantzeko moduan, gure interesetan, mundua ikusteko dugun moduan. Azken batean, errealitatea ulertzeko eta harekin elkarreragiteko dugun moduari eragiten dio.

Balioaren inguruko aditu askok nabarmendu dute balioak gizarte osoa dominatzen eta azpiratzen duela, eta sorgin gurpil bat sortzen duela, hau da, ekoizpen jarduera etengabe irabaziak bilatzera bideratuta dagoela. Horrela, gizarte osoa baldintzatzen du. Besteak beste, Wertkritik-az (edo Balioaren Kritika) eta antzeko taldeez ari naiz. Talde horiek objetibotasun kapitalistak pertsona oro, edozein klasetakoa izanik, menderatzen duelaren ideian zentratzen dute euren analisia. Horrela, euren ustez kapitalismoa egitura inpertsonal moduko bat izango litzateke, gizarte osoa (langileak zein kapitalistak) bere ekoizpen jarduera erregulatzera behartuko lukeena, modu automatiko eta oharkabean, irabazia etengabe handitzeko logikaren arabera. Gizarte kapitalistak berak munstro bat sortu du, eta jada ezin du harengandik ihes egin. Hau da, «erlijioan gizakia bere garunak sortutakoek gobernatzen duten moduan, ekoizpen kapitalistan bere eskuek sortutakoek gobernatzen dute». Guztioi eragiten digun inposaketa sozial honen aurrean, labur azalduta, gizarte gisa gure harremantzeko modua berregituratzea proposatzen dute, bai eta balioak zeharkatutako bizimodu oro saihestea ere.

Bat nator kapitalismoak gizarte osoa menperatzen duelaren ideiarekin, bai langileak bai kapitalistak. Hala ere, puntu honetan geratzea gainazaleko analisi-maila batean gelditzea da, eta ez da nahikoa balioaren dominazioaren oinarriak azaltzeko. Mintzagai dugun dominazio inpertsonala gerta dadin, badago ezinbesteko premisa bat: ekoizleen eta ekoizpen bitartekoen arteko bereizketa. Ekoizpen kapitalista irabazien bilaketaren mende jartzeko beharra soilik sor daiteke badagoelako klase bat, lan-objekturik eta bizirik irautea ahalbidetzen duten ekoizpen-tresnarik ez duenez, bere lan indarra bitartekoen jabeei saltzera etengabe behartuta dagoena. Langileak bitarteko propiorik ez duenez, kapitalari duen ekoizpen gaitasuna saltzera behartuta dago. Kapitalak ekoizpen ahalmen hori erosiko du gero eta gehiago handitzeko. Horrela, kapitalaren hazteko beharragatik, bai eta langileak beharrezko bitartekoak (kapitalistaren jabetza esklusiboa direnak) lortzeko duen ezgaitasunagatik ere, jabeen eta jabeak ez direnen egoera etengabe errepikatzen duen dinamika bat gertatzen da. Ideia honetatik abiatuta bakarrik uler dezakegu nola menderatzen dituen kapitalak kapitalista zein langileak.

Bai, kapitalismoak kapitalistak menderatzen ditu, nahiz eta forma berezi batean. Kapitalista subordinatu behar duen gizarte inposizio batzuen morroi eta betearazlea da aldi berean, kapitalaren subjektu automatikoari men egitera behartuta baitago. Kapitala etengabe handitzera behartuta dago, eta, horretarako, lehiakorra izan behar du beti, bai eta abantailazko posizioan egon behar du ere gainerako kapitalekiko. Hori lortzeko, borondatea alde batera utzita, kapitalistak haren langileak esplotatu behar ditu, haien lanaren zati batez jabetuta metatze prozesuarekin segitzeko.

Baina inozentzia orotatik urrun, kapitalistak, subjektu kontziente gisa, haren interes subjektiboak kapital metaketaren egitura objektiboarekin bat egiten ditu. Izan ere, nahiz eta dinamikak preso eduki, dinamikaz baliatzen da eta modu aktiboan parte hartzen du duen posizioari eusteko.

Eta horrek berekin auzi politiko garrantzitsuak dakartza. Harreman kapitalista guztiak gainditzeko baliagarria izan nahi duen azterketa batek kontuan izan behar du merkatu trukean gertatzen den dominazio inpertsonal eta abstraktua ekoizpenean dauden esplotazio harremanetatik sortzen dela. Marxismotik, analisi asko dominazio modu bakar batean zentratzen dira (inpertsonala eta abstraktua zein esplotazioan oinarritutako zuzenekoa), eta bestea bigarren mailako edo bazterreko rol batean uzten dute. Biak modu artikulatuan ulertu behar dira, bata ezin baita guztiz ulertu bestea gabe.

 

EZ DAGO IRUZKINIK