Genozidio baten zuzeneko emankizuna da Palestinako sarraskia. Egunero notizia den horrek berri izateari utzi dio. Baina are gehiago deshumanitzeak ezinezkoa dirudien honetan, genozidioak aurrera darrai. Iragan den astean, 60 egun bete ziren Gazan elikagaien, sendagaien edo uraren sarrera blokeatuta dagoenetik; eta oinarrizko baliabideak garraiatzen dituzten itsasontziei eraso diete dronekin. Gaza lurralde setiatua da. Aste honen hasieran, ordea, Israelgo Gobernuak Zerrendako lurraldeak konkistatu eta anexionatzeko borondatea agertu zuen. Horretarako, Israelgo erreserbistak deitu dituzte frontera, bertako palestinarrak hegoaldera desplazatzera behartzeko eta garbiketa etniko bat egiteko. Nakbaren 77. urteurrenaren atarian, Nakba berri bat.
Israelek kolonizatutako lurrak hedatuz doaz Ekialde Hurbilean eta Mendebaldeko potentzien enklabe inperialista bezala egonkortzen hasi da. Israel dagoen posizioan dago, Mendebaldeko gobernuen eta NATOren babes zuzena eta zeharkakoa duelako, eta batez ere, AEBena. Palestinaren alde omen dagoen Sanchezen gobernuak ere azken urte ta erdian sinatu ditu 1.000 milioi inguruko salerosketa-kontratuak Israelekin, armamentu militarrarren truke.
Nazio Batuek edo giza-eskubideekin lotutako hainbat instituziok salatu dute Palestinan egiten ari diren sarraskia. Nazioarteko Zigor Auzitegiak duela ia urtebete Netanyahuren aurkako atxilotze-agindu bat ere luzatu zuen, gauzatu ez dena, noski. Diskurtsoaren eta praktikaren artean sortzen den fartsa horretan lortzen dute oreka politikari profesionalek eta oligarkiek: Mendebaldeko ongizate eta zuzenbide estatuen balioei eustea (zuzenbide internazionala, giza-eskubideak....) eta Ekialde Hurbileko lurren gaineko kontrola lortzea. Horrela, batetik, jendearen ezinegona eta laztura apaltzen dira, eta, gainera, oligarkia atlantistak bere interes kapitalistak bermatzen ditu.
Israel espoliazioa eta garbiketa etnikoa gauzatzen ari da militarizatutako palestinar lurretan. Metrailetaz hil ez dituzten horiek gosez hilko dituzte, eta bizirauten dutenak desplazatuko. Proletalgo internazionalari erantzun bat antolatzea dagokio, larritasunarekin bat datorrena: genozidioaren aurka, Israeldik haratago doazen erantzuleak, konplizeak eta interesak seinalatuz; eta aldarrikatuz genozidio horren soluzioa Israelgo Estatuaren suntsiketaren eskutik etorriko dela. Babes osoa duintasunez darraien palestinar herriari eta, batez ere, errepresioaren aurka ere borrokan jarraitzen duen Palestinako Erresistentziari.