AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Azken hilabeteetan, Donostia presentzia polizial eta jazarpenaren lekuko izaten ari da, azkenengoz larunbat honetan. Ez da mota honetako ekintza poliziala pairatu duen toki bakarra (Mungia, Lizarra, Ondarroa, Santurtzi...); bai, ordea, agian intentsitateagatik eta maiztasunagatik, alderdi politikoak eta gizarte zabala posizionamendu bat hartzera bultzatu dituen testuinguru tentsionatu bat sorrarazi ahal izan duena. Donostian ematen ari den ezohiko aktibitate polizialak partikularitate batzuk izan badituen arren, eremu horretan jardun hori intentsifikatu zedin eragin duena batik bat, errealitate orokorrago batean txertatu behar dugu. Izan ere, badago logika orokor bat Euskal Herriko txoko ezberdinetan testuinguru honetan gazteria langilearekiko jazarpen oro azaltzen duena.

Esan beharra dago, gazteriaren kriminalizazioa gazte subjektibitateari berezko zaion ezaugarri bat dela gaur gaurkoz. Kriminalizazio hau, gazteria subjektu debaluatua izatearen kausa eta efektu delarik aldi berean. Pandemiaren aurretik gazteen bizitza ardazten zuen pobrezia estrukturalak determinatzen zuen politikoki subjektu hau, eta horrela izaten jarraitzen du orain ere. Produkzio esferara txertatu ezin daitekeen lan indarra eta bere buruaren erreprodukziorako gaitasunik ez duen subjektua da. Horrek zeharo determinatzen ditu gazteriaren harreman sozialak, eta era berean errealitatean betetzen duen papera. Gazte lan indarra produkzioan txertatzeko zailtasunak duela urte batzuetakoak badira ere, produkzioaren modernizazioak, hau da, ematen ari den iraultza teknologikoak (automozioak, inteligentzia artifizialak...) produkziotik lan indarra kanporatzea eragin du orokorrean eta gazteriariarena partikularrean. Horrek hiru ondorio orokor eragiten ditu. Lehena, diru sarrera minimoen faltan, gizarte kapitalista ezaugarritzen duen merkatuaren logikaren ondorioz, behar izan minimoak ukatzen zaizkiola gazteriari (etxebizitza, elikadura, garraioa...), egoera miserable batera kondenatuz. Horrek dekadentzian dagoen ongizate estuarekiko kohesio falta ikaragarria suposatzen du gazteriarentzat eta zatiketa sozial bat ematen da zeinak inplikatzen duen klase ertainari berezko zaion tendentzia aspirazionala desagertzen hasten dela subjektibitate oso baten baitan. Bigarren ondorioa da, ehun produktiboa desegiten ari den honetan eta soldatapeko lanerako sarbidea mina zelai bilakatu denean, baldintzak ukatuak zaizkigun bitartean gazteriarekiko exijentziak mantentzen direla. Azkenik, hirugarren ondorioa, produkziotik desplazatzean dinamika burgesean modu integralean lekukotzea ekiditen duela da.

Ondorio hauek eragin zuzena dute gizarte kapitalistaren funtzionamendu normalizatuan. Batetik, gazte langileongan tendentzia aspirazionalak esponentzialki desagertuz joan ahala, kontzientzia hartzen da klase ertainak burgesiarekin eraikitako paktu sozialetik kanpo kokatzearen ondoriozko bizi baldintzen kaskartzea ematen eta emango dela. Horrek burgesiak gazteriari behar izan minimoak zein bizi kalitate dezente bat ez bermatzea eragiten duen bezala, gazteriak estatu burgesarekiko obedientzia ez mantentzea eragiten du; horrela, espontaneoak diren protesta eta jarreren katalizatzaile izan daiteke egoera hau. Gainera, egoera honek guztiak eragindako frustrazio eta miseriak, estatu burgesarekiko zein bere administrazioekiko deskonfiantza eragiten dute, eta gazteriarengan geroz eta legitimazio gutxiago dute instituzio burgesek eta era berean hauen ordezkari, neurri zein dekretuek. Ezaugarri guzti horiengatik, administrazioekiko eta Estatuarekiko urruntasunagatik, desordena publikorako prestutasunagatik eta eros-ahalmen gaitasun nuluak izateagatik (horrek dakarren guztiarekin), subjektu ez-zibilizatzailea bilakatzen du, ondorioz, kriminalizatzeko erraza den subjektibitate bat; estatus quoa zalantzan jartzeko potentzialitatea duen fragmentu soziala baita. Horren ondorioz, gazteriarekiko disziplinamendu prozesu baten beharrezkotasuna mahaigaineratzen da.

Azaldutakoak burgesiaren kontrol sozialerako teknika eta jazarpen polizialean eragin handia du, izan ere, sozialki deszibilizatzen duen subjektu hori, juridikoki eta administratiboki ere egiten du. Izan ere, tendentzia sozial batzuetan karga biolentoa ezartzen da, tendentzia horien ondorioen balorazio subjektibo emozionala ekintzaren parte izatera pasatuz. Adibidez, lagunekin plaza batean zerbeza lata batzuk edatearen intentzionalitatea ematen du COVID-19 gaitzaren hedatzea eta, hortaz, gizarte zibilaren kutsatzea dela. Ondorio emozionala, kutsatuak izateren beldurra, esaterako, estatuaren partetik komunikabideen laguntzaz, elikatu egiten da, beldur horren erantzulea kriminalizatuz. Beldurra norbanakoak kontrolatu ezin dezakeen zerbaiten aurrean osatzen den espresioa da, mehatxu bilakatzen den zerbait. Norbanakoak kontrolatu ezin, baina Estatuak beso armatuaz egin lezakeen zerbait.

Momentu honetan, pandemia eta krisi ekonomiko baten bidegurutzean gauden honetan, gizarte zibilak eta gehien bat proletalgoak bi beldur ditu: bata, ziurgabetasun ekonomikoa eta bigarrena, pandemiak eragindakoa, kutsatu eta horrek eragin ditzakeen osasun kalteena. Lehena, ziurgabetasun ekonomikoa eta miseria estrukturalarena, Estatuaren partetik erregularizazio mekanismoekin kontrolatzen da, sentsazio itxaropentsuak hedatu, jasangarritasun sozialerako mekanismoekin eta ke-lainoekin. Sentsazio itxaropentsuak komunikabideen bidez ekonomiaren susperraldi bat irudikatuz edo eta diru laguntza bidezko estimuluekin egiten du gehienetan; jasangarritasun sozialerako mekanismoa orain arte tendentzia aspirazionalak bultzatuz lortu izan du. Azken auziari dagokionez, dimentsio handiko «beldur ofizial» bat eraikitzean datza, existitu daitekeen beldur orokortu bat eklipsatu, jatorrizko beldur horretan esku hartu ez (borondate eta gaitasun faltagatik) eta a posteriori hedatu den beldur horretan interbenitzeko. Hala ere, egoera honetan bi beldurrak jarri zaizkio parez pare Estatuari: pandemia eta krisia. Krisiaren auzia bigarren plano batera pasatzea lortu da pandemiak sortutako ta hortaz horri subordinatutako arazo gisara sozializatzea lortu dutelako besteak beste. Pandemiak sortutako beldurraren aurrean eta egoera katastrofiko honek estatuaren deslegitimizazio eta hortaz botere demokratikoa zalantzan jartzearen arriskuaren aurrean, beldurraren paradigma desplazatu du: batetik, naturala den elementu batera, birusera, aldaketa sozial eta ekonomikoen erantzulea bailitzan, eta, bestetik, birusaren hedapena eta arriskugarritasuna handitzen duen kriminalera, gazteriarengana. Estatuak berak elikatutako beldur horren aurrean esku hartzea, gazte esparruetan presentzia polizial itogarria mantendu eta gazteria jazartzera murriztu da, hau da, kriminal arduragabea konbatitzera, bestelako eskubide politiko eta zibilen ezabapenarekin batera. Hau da, pandemiaren beldurra neutralizatzeko apustua, estatu polizial baten inposaketarekin exekutatu du. Pandemiaren beldurra neutralizatzeko diot, pandemia edo birusa bera neutralizatzeko modu bakarra osasun zerbitzuetan inbertitu edo birusaren hedapena ekiditeko baldintza errealak jarriz bakarrik lor daitekeelako, hain zuzen hartu ez dituzten neurriak.

Laburbilduz, Estatuak eta era berean poliziak, gatazka hipotesi batzuk mahaigaineratu ditu, delituen pertzepzio determinatu bat ez ezik, jazarpen estrategia bat ere baduena. Erresistentzia jokabideak bultzatzen ari da polizia; jokabide guzti horiek judizializatu eta etsai bat sortzen ari da, gazteria. Honekin ez dut esan nahi gazteriak beti osasun irizpideak betetzen dituenik, baizik eta jarrera arduragabe horiek orokortu eta maximizatu nahi dituztela, halako gisan non soilik pertzibitu daitekeen ekintza kriminala eta ez daitezen analizatu subjektuaren baldintza ekonomiko, sozialak eta, oro har, errealitate zein distopikoa izaten ari den.