Versión en castellano
Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea den Nekane Balluerkak honakoa zioen 2016an bere hautagaitza aurkezteko egindako elkarrizketa batean: “Kontinuismoak ondo edo gaizki egin dena zalantzan jarri gabe, gauza bera egiten jarraitzeari egiten dio erreferentzia. Jarraikortasunak, aldiz, proiektu orokor baten baitan ondo egin dena, ondo egiten jarraituko dela adierazten du”.
2018-2021-eko EHUren plan estrategikoan euskal gizartearen zerbitzura egotearen betebeharra eta hainbat balore etiko aipatzen dira: euskara, berdintasuna, kritikotasuna, gizarte erantzukizuna... Baina, nahikoa da azken hilabeteetako jarduna aztertzearekin lehentasuna zein helburuk duten nabaritzeko: ikerketek eta nazioartekotzeak. Alde batetik, uztailean Balluerkak berak aurkeztu zuen Bilbon “Euskal Unibertsitatearen nazioartekotzeko plana” eta bestetik, apirilean egindako elkarrizketa batean honakoa esan zuen errektoreak: “Unibertsitatea jakintza sortzen duena, ikertzen duena da, hori baino ez. Baliteke diskurtso erradikal samarra iruditzea, baina beti defendatu izan dut ikerkuntzak unibertsitate bateko gainontzeko helburuak hobetu eta ikusgarriago egiten duela berau, lokalki nahiz nazioartean”. Gainerako helburuak, berriz, itxurakeriarako proiektu hutsaletan geratzen dira; edukirik gabeko promesak, betetzen ez diren euskara planak, protokolo antzuak… Interesgarria da beraz, gure errektoreak “kontinuismo” delakoaren kritika zorrotza egitea. Izan ere, aurreko errektore zen Iñaki Goirizelaiak, postua utzi baino lehen, honela laburtu zituen bere zortzi urteak karguan: “Unibertsitate hau unibertsitate ikertzailea den ideia gizartean zabaltzea lortu zuen errektore bezala gogora nazaten nahiko nuke (…), bere nazioartekotzean lagundu zuen errektore gisa”.
Adostasun berdina dute bi hauek beste hainbat gaietan: Finantzazioan – Goirizelaiarekin hasi zen Eusko Jaurlaritza “endowement” bezalakoez hitz egiten. Sei urte beranduago Nekanek zera adierazi zuen: “EHUk aldaketa sozial eta ekonomikoetara egokitu beharra eta sektore pribatutik baliabide gehiago eskuratu beharra dauka, baldin eta aurrera egiten jarraitu nahi badu” –, unibertsitatearen ebaluazioan – Goirizelaiak 2016an: ”Shangaiko rankingean eta Nazioarteko Bikaintasunaren Kanpusean sartzea, azken bi legegintzaldietako aitortza izatetik harago, aurretik egindako lan guztiaren aitortza izan da” zioen. Nekanek, berriz, 2019an: “Shangaiko rankinga oso garrantzitsua da. Guk munduko 100 unibertsitate onenetatik 17rekin akordioak dauzkagu eta hori mundu mailako unibertsitateen artean 300. eta 400. postuen artean gaudelako da posible, 20.000 unibertsitateren artean”–. Europar Goi Hezkuntza Esparrutik (EGHE) markatutako irizpideak betetzeko beharrean, tasen igoeran – aldaketarik gabeko epe baten ostean, aurten berriro igotzen hasi baitira, 2010-2014 tartean Goirizelaiak egin bezala –, IRI[1]-en ezegonkortasunean – 800 irakasle elkartu baino gehiago – AZP[2]-en desoreketan – Goirizelaiak zioen “politika pertsonal egokia” ezin egin izanaz damutzen zela, “ (...) aurrez administrazio eta zerbitzuetako pertsonalarekin hitzartutako konpromisoekin erdizka gelditu gara”, gaur egun, 39.000 eurorainoko aldea dago soldatetan –, garbitzaileen baldintzetan – 2011tik soldatak izoztuak daude eta 2014tik hitzarmena negoziatzen dihardute – eta orain, aipatu ezin ditugun beste hainbat gaietan ere.
Nola da posible, azken hamarkadan, EHU-n aurrera eramandako politikak horren konstanteak izatea? Bada, azaldu ditudan ildo horiek, Europako beste edozein unibertsitateko azken hamar urtetako politikak deskribatzeko balio dutelako. Izan ere, Europa zein nazioarteko mailan politika jakin batzuk aplikatzeko adostasuna dago unibertsitatearen gaineko kontrola dutenen artean. Europako kasuan 1999ko Bolognako adierazpena da adostasun hau ordezkatzen duen dokumentu nagusienetako bat, egun 47 estatuk sinatua. Honek ezarri zuen, denok dakigun bezala, azken hamarkadako lege askoren oinarria; EU 2015/2020 edo 3+2 famatuak, adibidez. Bolognatik hona bizi dugun prozesuan bultzatutako neurriak aztertuz, erraz uler genezake noren interesetara zuzendua dagoen unibertsitatea eta ondorioz, nork duen unibertsitatearen gaineko kontrola.
Bolognako adierazpenean ezarritako lehen bi helburu nagusiak ECTS (Europar Kreditu Transferentzia Sistema) eta gradu sistema martxan jartzea izan ziren. Horiekin Europako lan indarra den merkantzia moldatu dute: mugikortasuna orokortu dute – kanpoan ikasi, ikertu eta lan egin –, espezializazioa bultzatu – graduondokoan enpresek behar duten arlo jakin bat lehenetsiz –, titulazio sistema homologagarria ezartzea lortu dute – langileen kualifikazio maila alderagarria izanik, hauek gehiago espezializatu eta edonon kontratatzeko aukera sortuz – edota lan diziplina txertatzea lortu dute – ordu gehiago eskaini berdina ikasteko, formakuntza duala, praktikak orokortu etab. –.
Bologna prozesuan zehar, IRI eta AZPen kontratazioa malgutzen joan da, beste sektoreetako lan indarraren baldintzetara gerturatzeko: erretiroak azkartzea – 4.400 langileko plantillan 100 jubilazio urtean – erretiratutako langileen ordezkapena baldintza ezberdinetan ematea – kontratu laburragoak, lanaldi partzialak, oposizio bidezko kontratazioaren ordez, beste formula malguagoak erabiltzea etab. – , ikerketaren meritu aitortza igo eta irakaskuntzarena jaistea, departamentu zein administrazioak batzea, ikerlari berriak epe laburrerako kontratatzea, doktoretza zein post-doktoretza prozesuan daudenak munduko zoko ezberdinetara bidaltzea kurrikuluma apaintzera edota publikatutako artikuluen araberako finantzazioa indartzea dira prozesu horren adibide garbiak.
Azkenik, unibertsitatearen kontrolari dagokionean, unibertsitatearen funtzioa kapitalaren errentagarritasuna hauspotzea izango dela bermatzen duten neurriak aipatu genitzake: kanpo rankingen arabera ebaluatu – aipatutako ARWU edo Shangaiko rankinga –, kanpo-finantzazioari pisua eman, unibertsitatearen gobernu organotan kanpo eragileak sartu – EHU-ren kasuan Gizarte Kontseiluan Euskal Enpresaburuen Konfederazioko ordezkariak – edo funtzio hori bermatzen duten planak diseinatu – Euskampus nazioarteko bikaintasun kanpusa, Innobasque, RIS3 Euskadi estrategia, ZTBP-Euskadi 2020, 2015-2018 unibertsitate plana, 2014-2020 Akitania-Euskadi euro-eskualdearen plan estrategikoa, Espainiako unibertsitateak nazioartekotzeko 2015-2020 estrategia, Goi Mailako Hezkuntza Nazioartekotzeko Europar Batasuneko Estrategia, Horizonte 2020 programa etab. –. Aipatu gabe geratzen dira, hala ere, gure unibertsitateetan aplikatzen ari diren beste mila aldaketa.
“Iraultza pedagogiko” gisa izendatu zuten Bolognako prozesu hau beraz, lan indarra eta indar produktiboaren hazkundea – ikerketa, grosso modo – burgesiaren interesetara subordinatzeko baino ez da izan. Izan ere, horiek dira lan indarra erosi eta ekoizpena euren esku daukatenak. Gure errektorea(k) beraz ez da(dira) bere horretan ulertu behar; EHU-ko erabakien atzetik Jaurlaritzaren unibertsitate planak daude (2019-2022), horien atzetik Espainiako legeak, horien atzetik EU 2020 bezalakoak, horien atzetik EGHE edo Bologna eta horien atzetik ZSAO[3] edo MME[4] bezalakoak. Hala ere, egitura bertikal konplexu honek ez du esan nahi “goitik” datozen agindu soilak direnik unibertsitatean pairatzen ditugun neurriak. Nazioarteko burgesiak eta burgesia lokalak azken finean, interes berberak dituzte eta horregatik jarduten dute aipatu ditugun neurri guztien bidez, unibertsitateari eurak nahi dituzten funtzioak egotziz. Aipatu dugun guztia, goitik datozen erreforma sinple batzuen ulerkerara murrizten duenak ez du arazoaren funtsa antzeman. Gure errektoreak benetan sinesten du aurretik aipatu dudan guztia – eta gehiago – dela “proiektu orokor baten baitan ondo egin dena”. Berarentzat eta unibertsitateko gainerako teknokrata guztientzat publikazioek nazioarteko ikusgarritasuna lortzea, rankingetan gora egitea eta Europako irizpideak betetzea helburu onenak dira. Sistema honekin unibertsitateek burgesiak egotzitako funtzioak betetzen dituela bermatzen da.
Unibertsitatea burgesiaren interesetara egotetik, gure interesetara egotera igarotzea maila guztietan eman beharreko borroka bat da, burgesia osoaren interesa baita dagoen bezala mantentzea. Prozesu guzti hau gelditzeko, guk geuk, langile klaseko ikasle, IRI, AZP, garbitzaile edo dena delakoak antolatuz, unibertsitatearen kontrola irabazten joan behar dugu, Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB) eta bere programa bezalako tresnen bitartez. Ikasketa prozesuaren kostua, ikerketaren norabidea, lan-baldintzen kontrola, unibertsitateko gobernantza, lantzen diren edukiak, ematen diren erasoak… xehetasun txikienean ere hil ala biziko borrokan gaude burgesiarekin. Maila lokal zein globaleko burgesiak unibertsitatearen norabidearen inguruko adostasuna izateak, berau kapitalaren balioa handitzeko ezinbesteko tresna dela esan nahi du, burgesiaren biziraupenerako. Burgesiari beharrezkoa zaion harribitxi hau kendu behar diogu, beraz. Nik txikitatik barneratu dut etxean unibertsitatean jakintza sortu eta irakasten dutenekiko mirespena; jakintza eskuratzea existitu daitekeen ariketa aberasgarrienetako bat dela esan didate betidanik. Horregatik, ariketa hori ezin dugu kapitalaren atzaparretan utzi, langile klasearen behar intelektual zein materialak asetzera bideratu baizik.
[1] Irakasle eta Ikertzaileak (PDI)
[2]Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonala (PAS)
[3] Zerbitzu Salerosketaren Akordio Orokorra (GATS)
[4] Munduko Merkataritza Erakundea