Titular bakarrak eta azpititular errepikakorrek hartu dute azken egunetan komunikabideetan presentzia. Mendebaldeko potentzien eta Errusiaren arteko talkak irekitako gerra ekonomiko politiko eta militarrak, hain zuzen ere. Petrolioaren prezioaren igoera azpititular, gasolinaren eta dieselaren prezioen errekor historikoak, Europako Banku Zentralak aitortu bezala energiaren kostuak eta, ondorioz, inflazio orokorrak 2022. urtean zehar ere bere horretan eutsiko dion berriak, migrazio krisiak… eta batez ere gerraren aurkako mezuak.
Iraungiko da hau ere. Etorriko da gaurkotua, eguneratua izango den mezu edo gertakari berririk. Gaurkoa atzokoa bilakatuko duena, zaharkituko duena. Oraingoak beste batzuk iraungi dituen bezala. Izan ere, non gelditu dira gaur Covid-19aren gaitzak? Non Covid pasaportea, lan-erreforma eta kolapso sanitarioa?
Zertaz ari naizen galdetuko zenuen honezkero. Arituko garen horretaz nabil bada. Den-denaz. Entzuten denaz eta jasotzen dugunaz. Baina batez ere esan behar denaren barruan, esaten ez denaz.
Harrigarria bezain ohikoa bilakatu da, kontresankorra dirudien arren, informazio-agentzia burgesek eztabaida politikoaren gaia gure egunerokotasunean ezartzeko duten gaitasuna.
Masa-komunikabideak agertu zirenetik, biztanleriak horiek erabili ditu informatzeko edo politikoki prestatzeko, eta oso arma indartsua dira, kapital handiek ihes egiten utzi ez dutena. Pentsamendu hegemonikoa erreproduzitzeko mekanismoak dira, mundu globalizatu honetan, modu inmediato batean milioika pertsonarengana iristeko gai direnak. Klase pribilegiatuaren hegemonia erreproduzitzeko mekanismo perfektua, beraz.
Ez da gaurko kontua eliteek komunikabideetan interbenitzearena. Eta haien atzean informazio-monopolioa dago, ez etekin ekonomikoaren logika gisa, baizik eta iritzi publikoari begira beren burua legitimatzeko modu gisa. Aspaldi da jada komunikabideek alde batera utzia dutela informatzeko funtzioa, akzionista nagusiaren interes ekonomikoen zerbitzura jartzeko.
Manipulazioa ez da soilik errealitatea faltsutzea datu faltsuak erabiliz edo gertaera bati buruz gezurretan arituz, modu sotilagoan ager daiteke begi hutsez hautematen ez diren teknika eta metodoekin, ikus-entzule edo irakurle bat manipulatua izaten ari dela ez ohartzeraino. Estrategikoki jarritako hitz baten bidez albiste baten zentzua aldatu, eta hala, gertakari bati buruz genuen ideia bera ere alda daiteke. Horrez gain, maiz, gaiaren egiazko funtsa edo erroa arreta mediatikotik desbideratzea da. Bitartean, hedabideek hutsalkerietan edo sakoneko arazoa ezkutatzen duten puntu zehatzetan oinarritzen dute eztabaida.
Estrategia oso argia da: iritzi publikoa sortzea, diskurtso hegemonikoa eraikiz, biztanleriak existitzen ez den errealitate bat barnera dezan. Ondorioak ateratzen errazak dira; mass mediek ez dute informatzeko lana betetzen, baizik eta eliteari bere boterea iraunarazteko balio diote.
Agerikoa da gaurkotasun mediatikoa ez dela ikuspegi iraultzaile batetik deskribatzen, eta elite handiek inposatzen dituztela gaiak, hau da, haiek direla koiuntura horren jabeak.
Garbi izan behar dugu, beraz, koiunturako eztabaidaren gaia ez dutela ezarriko sare sozialetako aktibista solteek, ez eta iritzi-emaile atomizatuek ere. Dominantzia eta kontrola horren da handia, ezen esanda baitator ez bakarrik gai baten inguruko iritzi bat edo bestea, baizik eta baita zer gairen inguruan eman behar den ere, batzuk ohartzen ez diren arren.
Zertaz arituko garen galdetuko zenuen honezkero. Hortaz arituko gara, bada, esan behar denaren barruan, esaten ez denaz.