Alarma egoera eta konfinamendua aplikatu zenetik UIB (Unibertsitateko Indar Batasuna) EHU eta NUPen antolatutako kolektiboak martxan jarritako Ikasle Babes Sarean parte hartu dut. Sare honetan bi mekanismo jarri dira martxan: apunte banku bat eta ikasketetarako laguntza sarea. Horien arrakasta nabaria izan dela erakutsi behar den bezala, beren funtzioaz eta izan beharreko garapenaz hausnartzea ezinbestekoa da.
Apunte bankuak ikasle mugimenduan ibilbide luzea izan duen ideia bat hartuta egin du aurrera: Gizarte Langintza edo Zientzia eta Teknologiako fakultatean egindako apunte bankuen antzera unibertsitate zein batxilergoko apunte mordoa bildu eta denentzat eskuragarri jarri dira. UIBk, baldintzak hobetzera bidean, batera jarduteko tresna izateko xedea du, eta fakultate edo gradu bakoitzean ikasle kontseilu edo asanbladek bakarka aurrera eramaten saiatutako proiektuak batu ditu. Horrela, 1. eta 2. batxilergoko irakasgai guztien apunteak lortzeaz gain, 41 graduko irakasgaienak bildu dira.
Apunte bankuak erabiltzaile mordoa eta hedapen handia izan duen arren ikasleentzako laguntza sarea izan da ospe handiena lortu duen mekanismoa. Hainbat komunikabideetan azaldu den bezala, unibertsitateko ikasleek eta ikasketetan laguntzeko prest zeuden boluntarioekin sare bat osatu dugu. Honela, gurekin harremanetan jarri direnei laguntza eskaini diegu zalantzak argitzen, errepasoan laguntzen… gure gaitasunen mugen barnean beti ere. Hiru hilabete baino gutxiagoan 70 kasutik gora izan dira sare honetan (kasu askotan ikasle bati baino gehiagori lagundu diogularik). Gainera, kasuak erabat heterogeneoak izan dira, gehiengoa batxilergoan kokatu bada ere, unibertsitateko ikasleetatik lehen hezkuntzako seme-alabak zituzten familietaraino aritu baikara laguntzen. Dena den, ez gara tresna honen mugetaraino iritsi inola ere, 100 kidetik gora izan baititu sare honek; laguntza eskaerak irakasgai zehatzetan kontzentratzea, antolakuntzarako esperientzia falta, hedapenerako gaitasun mugatua… faktore askok eragiten dute tresna honek pandemia garaian erakutsi duen ahalmen izugarria gainditu ez izana.
Emaitza horiek zoriontzekoak dira zalantza izpirik gabe. Unibertsitateko tasak merketu eta bekak hobetzeko martxoaren 26rako greba prestatzen bete-betean ari ginela, planak erabat aldatu eta egoera berri baten aurrean aurkitu ginen. Lehenik eta behin, egoera baliatuz Eusko Jaurlaritzak, EHUk eta patronalak bertako garbitzaileen greba deuseztatu eta lanera itzultzera behartu zituztela salatu genuen. Ez dezagun ahaztu haiek izan zirela azkenak unibertsitatetik ateratzen (osasun arrisku handia beren gain jarri zieten, AZP[1] langileekin egin bezala hein batean), eta lehenak izaten ari dira orain itzultzen. Ondoren, unibertsitateen eta Hezkuntza Departamentuaren erabakia jakin genuen: inolako baldintzarik egon gabe ere kurtsoa telematikoki edo beste edozein modutan amaituko zela. Irakasle eta ikasleek zituzten zailtasun erraldoiekiko erabateko axolagabekeriaz, azterketak bai ala bai egin behar zirela erabaki zuten. Aste pare batean planteamendua erabat aldatu zen, eta egoera berrian baldintza gogorrei aurre egiten lagundu zezaketen mekanismoak jarri genituen martxan: alde batetik, apunteen bankua –bereziki unibertsitatera begira–, bakoitza bere etxean egonda apunte komisioak edo bestelako apunteen kolektibizazioak bertan behera geratu zirelako, eta, bestetik, ikasketa laguntza –batik bat bigarren hezkuntzako ikasleei eskainia–, irakasleekiko harreman zuzena galdu zutelako eta unibertsitateko ikasleek haien zalantzak argitzeko maila zutelako, hain zuzen ere. Ordudanik fakultatez fakultate aritu gara egon diren baldintza kaskarrak salatzen eta aldatzen saiatzen, azken talka NUPeko errektoretzak argitaratutako iritzi artikulu baten inguruan izan dugularik.
Hala ere, hasieran aipatu dudan bezala, aurrera eraman ditugun ekimen hauen analisi sakona egin behar dugu orain, betik bat ikasle babes sareari dagokionez. Tresna horren, eta bereziki ikasketetan laguntzeko sarearen ideia, oso sinplea eta eraginkorra da; laguntza jakin bat behar duen jendea eta laguntzeko gaitasuna duen jendea antolatzea. Ideia hori bera beste aspektu askotan aplikatu izan da: Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak, besteak beste, elikadura bankuak osatu dituzte garai gogor hauetan jatekoa ere falta zaien horiengana iristeko. Horrelako planteamenduek potentzial erraldoia dute zuzen-zuzenean pertsona batek duen arazoari aurre egiten diozulako, janaria ematen edo ulertzen ez duena azaltzen. Eragina berehala azaleratzen denez, planteamendu hauen muga ezkutatzen da, alabaina; hots, arazo zehatz bati aterabidea ematen zaio, besterik ez. Pertsona horrek une zehatz horretan duen arazoari aurre egitean, nolabait, esan daiteke arazo orokorra atzeratu bakarrik egiten dela. Hori argi ikusi da ikasketetarako laguntza sarean: laguntza eske jotzen zuten ikasle gehienek zituzten arazoak estrukturalak ziren, ez pandemiak berak sortutakoak. Adibidez, laguntza eskatu ziguten gehienak familia erdaldunekoak ziren, (gaztelera eta arabiarra) eta irakasgaiak ulertzeko arazoak baino euskaraz ulertzeko arazoak zituzten. Era berean, pandemia baino lehen irakasle partikularrak ordaintzeko gaitasuna zuenak konfinamenduan ere hori bera egin du, eta ezin izan duenak gugana jo behar izan du. Puntu honetan konturatu gaitezke ikasketetan laguntzeko tresna hau asko indartu arren, ikasle gehienei hamaika laguntzaile jarrita ere ezingo geniela lagundu, haien arazoak bestelakoak direlako: etxeko egoera, baliabide falta, «integrazio» falta (pintzekin hartzeko hitza azken hori)…
Hori dena aurreikusirik, gure sarea hasieratik zalantza puntualak argitzeko planteatu genuen: ariketa, kontzeptu edo gehienez gai jakin batzuekin lagundu zezaketen boluntarioek. Baina, azkenean, ikasle askok ikasketa ohiturak hartzeko edo azterketak guztiz prestatzeko laguntza eskatu dute, eta ezin izan dugu hori saiestu. Ez diegu laguntza hori nahita ukatu edo mugatu nahi izan, baina honelako tresnek duten azaldu berri dudan muga horregatik beharrezkoa da laguntza zehatz bat eskaintzea. Izan ere, ikasle bakoitzaren eskola porrotaren atzean dauden kausa guztiak konpontzeko (baliabide falta, hizkuntza, etxeko egoera…) haren klase baldintza gainditu beharko genuke, hori baita haren egoeraren erroa. Kausa horiek areagotu egin dira COVID-19arekin noski, baina ez dira horrekin jaio, ezta gutxiago ere. Ezin dugu langile klaseko kide bakoitzaren bizitzako arazo bakoitza banan-banan konpondu laguntza sareen bitartez, bestela GKE baten antzeko jardun batean eroriko ginateke.
Ez da faltako orain «zerbait egitea ezer ez egitea baino hobea da» esango duen baten bat. Gakoa egiten duzun «zerbait» hori zeren baitan egitean duzun da. Izan ere, lan honek baliorik ez duela usteko bagenu, ez genuke ikasketetarako laguntza sarea osatuko. Eraiki dugun laguntza sare honek klase batasun eta antolakuntzaren lezio politikoa garatzen du: egoerari bakoitzak bere aldetik aurre egin ordez, batera antolatuz gure baldintzak hobetzeko potentziala biderkatzen dugu. Apunte soil batzuk partekatzeak edo klase sinple batzuk emateko saretzeak printzipio politiko hori gorde dezake, hein txiki batean bada ere. Unibertsitatean garbitzaileek zein ikerlariek aurrera eramandako borroketan frogatu dugu ere gure premisa den printzipio hori; klase batasunean antolatzen den elkartasuna. Ekimen bat, beraz, klase elkartasunaren hauspo edo karitate boluntaristaren produktu izan daiteke, duen izaeraren arabera.