AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Iraila heldu eta agortu dira udako azken hondarrak. Ikusi ditugu ikastetxeen irekierak, haur eta gazteen aurpegi erdi estaliak, egoera ia post-pandemiko honen normaltasun irudi bilakatu direnak. Ikasturtea hasterako nekea orokortua da, eta berriro ere guztien ahotan daude aurtengo neurriak: musukoak, ikasleen arteko distantziak, presentzialtasuna eta klase telematikoak… Ez da beste gairik aditzen hedabideetan. Hezkuntzako egoera ezagutzeak, ordea, perspektiba zabalago bat galdegiten du. Azterketa serio bat egiteko, unean uneko koiuntura zehatza gainditu eta hezkuntza zeharkatzen duten aldaketa estrukturalei erreparatzea ezinbestekoa da.

Azken hamarkadak krisi kapitalistek eta ongizate estatuaren gainbeherak ezaugarritu dituzte. Kapitalismoaren urrezko aro deiturikoa agortu zen, eta miseria orokortzen ari da ordutik. Hezkuntzan ere eragin nabarmena izan du prozesu horrek, etengabe eraldatzen ari baita kapitalaren berregokitzeko beharren arabera. Horren ondorio dira, batetik, hezkuntzaren kalitatearen beherakada, eta, bestetik, langile klasearen kanporatzea ikasketa prozesutik.

Bada halako uste bat gurean, kalitatezko hezkuntza unibertsalki bermatzen dela dioena egungo haur eta gazteentzat. Irudi lezake heziketa sistema publiko bat izateak biztanleria osoaren doako sarbidea ahalbidetzen duela; alabaina, zerbitzu publikoetarako sarbidea aldatu egiten da klase posizioaren arabera. Gizarteko sektore pobreenek ez dute derrigorrezko hezkuntza baldintza egokietan egiteko bermerik, are gutxiago goi mailako ikasketak egiteko aukerarik. Eskola «porrota» edo «uztea» deituta apaindu ohi da fenomeno hori, baina kontuan hartu beharrekoa da kasu horietan klase arrakala nabarmena da. Esaterako, Espainiako Estatuan goi mailako ikasketak dituzten gurasoen seme-alaben artean % 3,6koa da eskola uztea; lehen mailakoak dituztenen edota ikasketarik ez dutenen artean berriz, % 39,2koa[1].

Hezkuntza prozesua etetea ez da libreki aukeratzen, gehienetan ikasketa gastuei aurre egin ezina eta soldatapeko lanean goiz hasi beharra dira horretarako arrazoiak. Hortaz, «porrotaz» edo «uzteaz» baino, «kanporatzeaz» hitz egitea litzateke zuzenena. Azken urteetako tendentziak aztertzearren, Espainiako Estatuko hezkuntzaren finantzazio publikoa jaitsi egin da azken 10 urteotan (53.895 milioitik 53.053 milioira), pribatuena hazi den bitartean (5418 milioitik 6339 milioira). Horrela, hezkuntzako gastuen geroz eta zati handiagoa ordaindu behar dute langile klaseko familiek; kalkuluen arabera, 2004tik % 50 hazi da familiek seme-alaben hezkuntzan gastatu beharreko dirua[2]. Derrigorrezko hezkuntzan, jantokien, garraioaren, testu liburuen, eskolako materialen eta abarren gastuei egin behar diete aurre. Unibertsitate ikasketak egitea erabakitzekotan, ehunka (edo milaka) euroko matrikulei kanpoan bizi beharraren kostua ere gehitu behar zaie askotan.  Hori, sinpleki, ezinezkoa da hainbat eta hainbatentzat.

Honaino helduta, hainbat galdera sor daitezke. Hezkuntza kapitalista esplotaziorako lan indarra ekoizteko eta ideologia burgesa hedatzeko tresna bada, zergatik kanporatzen da biztanleriaren zati bat bertatik? Burgesiak hezkuntzari dagokionez historikoki izandako kontraesanen erakusle baino ez da hori. Alde batetik, langile masak hezi eta formatzeko beharra du; bestetik, ikasketa horrek langileei ausardia eta autonomia emateak kezkatzen du. Marxen Kapitala obran, beira ekoizle baten aipua jasotzen da: «Ene ustez, azken urteetan langile klasearen zati batek izan duen hezkuntza gehitzea kaltegarria eta arriskutsua da, independenteegia egiten baitu». Hortaz, bai, soldatapeko langileak oinarrizko formakuntza beharrezkoa du, ugazabaren beharrak asetuko baditu. Ez dezala, ordea, behar baino gehiago ikasi badaezpada, horrek arriskutsu egin baitezake.

Hainbatetan esana da kapitalaren metaketa beharren arabera eraldatzen dela hezkuntza. Hau da, datorren ziklo produktiboaren ezaugarriak aztertuz gero, hezkuntzako aldaketak hein handi batean ulertzeko gai izango gara. Esandakoak zerikusi zuzena du landu nahi dudan bigarren ideiarekin: hezkuntzaren kalitateak behera egin du oro har, jakintza adar estrategiko batzuk indartu direlarik.

Batetik, ingeniaritza eta bestelako hainbat zientziatan inbertsio handiak egiten dira, indar produktiboen garapena bultzatuko duen lan indarra ekoizteko, espezializazio maila handiarekin. Datu batzuk ematearren, enpresen inbertsioak espainiar Estatuko unibertsitate publikoen aurrekontuaren % 10-15 dira, EHUren kasuan % 11,72 (51,3 milioi euro). Bestetik, Lanbide Heziketak ere garrantzia handia hartu du azken urteotan, errentagarrienak diren sektoreetarako langile kualifikatuak sortzeko funtzioa betetzen baitute. Bide horretan ulertu behar da LHko lege berriaren proiektua ere, enpresek bertan duten esku hartzea handitzen duena. Horrela, heziketa ekoizpen beharren arabera malgutzen da; praktiken bidez lan indar merkea (edo doakoa) eskuratzen da eta langile belaunaldi gazteetan soldata baxuen eta aldi baterako lanen ideia orokortzen da. Laburrean esanda, hezkuntzaren gaineko burgesiaren kontrola areagotzen ari dela ikus daiteke, gainbalioaren bilaketa etengabean.

Bien bitartean, giza eta gizarte zientzia ikasketetan gabiltzanok aski ongi ezagutzen dugu gure graduen endekapen egoera. Jakintza eta ezagutza sakonak jaso baino, azaleko ideiak eta akademian produzitzen den zaborra (salbuespenak salbuespen) irentsi behar izaten ditugu. Gero, ikasitakoarekin zerikusirik ez duten lanetan edota langabezian amaitzen dugu gehienok. Ez dago burgesiarentzat errentagarritasunik hor, gazteak lau urtez lanpetuta izateaz gain.

Hainbat auzi aztertu ostean, ez da nire asmoa, inolaz ere, hezkuntzako arazoei erreforma ezberdinen bidez aurre egin dakiekeela iradokitzerik. Aipaturiko arazoak ez dira hezkuntzako akatsak, zuzendu daitezkeen anomaliak, krisi garaiko kapitalismoaren berezko joerak baizik. Hori diot, azkenaldian bolo-bolo dabilelako balizko Hezkuntza Hitzarmen baten gaia. Pello Otxandiandok (EH Bildu), esaterako, hitzarmen «bateratzaile» baten beharra azpimarratu du, «sakoneko eraldaketa bat» eta «euskal hezkuntza Europako herrialde aurreratuenen arrastoan» kokatzea ardatz izango dituena[3]. Egia esan, ustezko eraldaketa hori kapitalaren modernizazio beharretatik hurbilago ikusten dut langileriaren interesetatik baino.

Horrelako proposamenetan, bada berariaz aipatzen ez den egitate bat: ekoizpenaren eta instituzio sozialen kontrola burgesiak duen artean, hezkuntza ere kapitalaren balorizazioaren menpe egongo da erabat. Esan nahi baita, gizarte antolamendu kapitalista gainditu ezean, ezinezkoa da gizateriaren interes orokorrak beteko dituen hezkuntzarik; ezinezkoa langileriarentzat doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsalik. Hemen, premia larria duena zera da: gizarteko esparru guztietan (baita hezkuntzan ere) langileriaren kontrola artikulatuko duen mugimendu politikoa antolatzea.

EZ DAGO IRUZKINIK