Gaztelaniazko bertsioa / versión en Castellano
Iraila hilabete zaila izaten da, zeregin handikoa jende askorentzat, oporretako egonaldiaren ostean, lana pilatu egiten da eta. Nik neuk, oporretan oso ondo ibili naizenez, orduan izandako eztabaida batetan eman nituen argudioak sintetizatuko ditut artikulu honetan[1]. Artikulu hau euskal eliteek tradizionalki euskarari bizkar emateko hartu izan duten erabakiaren inguruko datuak eta arrazoiak labur-labur azaltzeko erabiliko dut.
Jakina da baita ere Espainiar Estatu moderno nazionalak, ez Francorekin soilik, baizik eta baita ere lehenago, Euskal Herria Espainiara homogeneizatzeko hainbat lege atera zituztela, euskararen erabilera mugatuz edota debekatuz. Horietako famatuena, adibidez, 1857ko “Moyano Legea” izan zen[2], zeinek derrigorrezko eskolatzea ezarri zuen, baina noski, erdaraz izan behar zen eta hain xehe azaldutako lege horretan ez zen inolako euskarazko ikasgairik edo irakaskuntzarik aurreikusten; eta testuliburuetarako “Espainiar Akademiaren Gramatika eta Ortografia testu derrigorrezko eta bakar” izan behar ziren (88 art.), eta horrez gain, inspektoreak ezartzen zituen, Gobernuak izendatutakoak, “hizkuntza nazionalaren” garapena zaintzea betebehar gisa zutenak[3]. Bestetik, hamarkada batzuk beranduago, Alvaro Figueroa Torres Romanonesko kondeak Hezkuntza ministro moduan, 1902ko azaroaren 21ean sinatu zuen dekretuaren bigarren puntuan, erlijio-dotrina “gaztelania ez den beste hizkuntza edo hizkera batean irakastea” debekatu zuen, hala egiten zuten irakasleak “lehen aldiz ohartaraziz, eta jarraituz gero, kanporatuz”. Orduan erlijio-dotrinako klaseak, normalean, berezko hizkuntzaren gordeleku bakarra ziren, izan ere Elizari umeek erlijioa ondo jakitea komeni zitzaion (eta ume askok ez zekiten erdaraz). Dekretuaren azalpenean edo hitzaurrean, Romanonesek ondo adierazten zuen helburua: “Inspektoreek bildutako txostenen arabera (…) dotrina gaztelania ez den beste hizkuntzetan irakasten diren eskualdetako egoera anomaloa da”, “ausardia da uste izatea dotrina Cervantesena ez den, mundu berrian gure fedea eta zibilizazioa hedatzeko balio izan digun hizkuntza hori ez den beste hizkuntza batean irakatsiz gero bihar ahaidetasunak batutako, Aberri amankomuna maite duten herritarrak izango ditugula (…) ilusioa da baita pentsatzea dotrina gaztelera ez den hizkuntza batean emateak gazteleraren ez-ezagutza ekarriko ez duenik, ezagutza-faltak Aberriaren interesak kaltetuko dituelarik, hizkuntza baita probintzia guztien batasunerako loturarik onena”. Hezkuntza eta hizkuntza asmo politiko eta politizatzaileez blai, asmo nazionalistez lepo. Hau zen Estatu-nazionalen jarduteko ohiko modua. Hezkuntzatik kanpo ere bazeuden halako lege hertsatzaileak; adibidez 1862an, Isabel IIaren aldian, Espainiako Parlamentuak onartu zuen “Notaritzaren Legeak” dokumentu publiko guztiak gaztelaniaz idaztera behartzen zuen. Hauek ez ziren lege bakarrak, bestelako legeak ere izan baziren, baina bai agian ezagunenak. Ondorioak ezagunak dira, XIX mende bukaeran zentsu ofizialetan oinarrituta Ladislao De Velascok egin zituen kalkuluen arabera ia erabat euskaldunak ziren Gipuzkoan (%96,4) eta Bizkaian (%81) erdara nagusitu zen[4]: 1975an egoera tamalgarrian zegoen euskara, baita ere aipatutako herrialde horietan. Nafarroari dagokionez, Mikelarena eta Erizek kalkulatu dutenaren arabera, atzerakada lehenago hasi zen: 1587an 98.000 euskaldun zeudela jotzen ditu Mikelarenak (populazioaren bi herenak), 1778an 120.000 inguru (%53); eta Erizek hurrengo mendeetan atzerakada nabartzen du: 1863an 90.000 (%30) bat zirela dio, eta 1936an 60.000 (%17)[5]. Nafarroan (eta Araban) euskararen atzerakada XIX mendea baino lehenago eman zen, Araban XVIII mendean, Odon Apraiz eta Agustin Kardaberazek esan bezala.
Baina Estatu moderno (espainiar) nazionala ezarri aurretik, zer gertatzen zen (Hego) Euskal Herrian? Kontuan izan behar dugu XIX mendea arte Hegoaldeko lau euskal herrialdeek euren foruak ia osorik zituztela: Nafarroak 1841 arte, eta beste hiruenak 1839an moldatu zituzten, eta 1876an desagertu ziren. Bat etorri al ziren autogobernu politikoa eta hizkuntzaren defentsa? Xabier Zabaltzaren arabera, euskara “beti egon izan da beste hizkuntzen menpe, latinaren menpe lehen, eta gero gaztelaniaren eta frantsesaren menpe, eta are gaskoiaren menpe baita”. Honen beste pista bat ematen digute Mikelarena eta Erizeren Nafarroarako zenbakiek: “1778 arte jaitsiera ehunekoetan izan zen, hau da populazioa igo adinako neurrian ez zen euskaldunen kopurua igotzen. Hortik aurrera, jaitsiera ehunekoetan eta baita ere zenbaki absolutuetan ematen da”. Hau 1841ko Hitzartutako Legearen aurretik gertatu zen.
Jakin badakigu ez daudela berezko “hizkuntza burgesak” edo “hizkuntza proletarioak”; “hizkuntza aurrerakoiak” edo “hizkuntza atzerakoiak”, “egokiak” edo “desegokiak”. Baina bai elite ezberdinek edo klase sozial ezberdinek (nobleziak, burgesiak, eliz-kastek eta abarrek) hizkuntza baten aldeko apustua egiten dutenean eta herriak hitz egiten duena alboratzen, azken honek prestigioa galtzen duela. Stalinek berak esan zuen hizkuntza bat ez dela gainegitura bat, hau da, ez dela klase baten (klase nagusitzailearen) ikuskera politiko edo filosofikoen parte; eta are gehiago, errusiera adibide jarrita, Errusia sozialista izateak hizkuntzan ekarpen batzuk egin zituela baina “errusieraren oinarri trinkoak bere horretan dirau”. Stalinek gogor kritikatzen du hizkuntza eta gainegitura nahastea, hau da, hizkuntza nazional, klase guztientzako amankomunen ukapena –klase bakoitzaren “hizkera” hizkuntza ezberdina izan daitekeenaren ustea-, zein hizkuntza konkretu bat, fase historiko edo produktibo bati dagokionaren ustea –hizkuntza konkretu batek berezko klase-izaera edo ideologia zatekeenaren ustea-. Hots, Stalinentzat hizkuntza bat klase sozial denek, “belaunaldi askoren ahaleginez” sortutako tresna bat da, ez klase batena soilik, ez garai historiko konkretu batena soilik. Stalinen ustez, gainegiturak bata suntsitzerakoan beste batez ordezteaz aldatzen dira, hizkuntzek ordea eboluzionatu egiten dute: “klaseen agerpenak, Estatuen agerpenak, inprentaren agerpenak, salerosketaren garapenak, iraultza sozialek, tribu eta herri ezberdinen nahasketak edo suntsitzeak, prentsa agertzeak, Estatuarekiko korrespondentzia agertzeak hizkuntzengan eragin handia izan zuten. Baina ez zuen ekarri automatikoki hizkuntzak suntsitu eta besteez ordeztea, suntsiketa bailitzan, gainegiturekin gertatu ohi gisan; baizik eta hauek eboluzionatzea, hobetzea, eraldatzea”. Baina baita badio hizkuntzek “klase sozial baten mesedetan” erabil daitezkeela historiaren momentu konkretu batzuetan, baina baita ere beste klase sozial batzuen alde bestelako momentuetan: ez dago hizkuntza “aurreratu” edo “eboluzionatuagorik” berez, hizkuntzek berez gizartearekin batera eboluzionatzen dute. Artikulu horretan Nikolai Marr eskoziar-georgiar hizkuntzalariaren teoriak kritikatzen ditu Stalinek. Marren teoria izan zen hizkuntzak, bere horretan, pentsaera mota baten produktu direla, hau da, hizkuntza ezberdinek gizartearen pentsaera eta eboluzio maila adierazten zuten. Marrek zioen hizkuntza “sinpleagoak”, gizateriaren lehen fase historikoetarako egokiak, eta “konplexuagoak”, fase eboluzionatu batetarako egokiagoak bazeudela; hau da, hizkuntzak berez “eboluzionatuagoak” edo “primitiboagoak” zirela (eta gizarte batek eboluzionatzerakoan, zitekeenez, aurreko hizkuntza laga egin behar zuen)[6]. Marren teoriaren beste akats bat, semantikaren garrantzia puztea zen, hau da, hizkuntza baten “konplexutasuna” edo “eboluzio maila” lexikoaren eta etimologiaren arabera neurtzen zuen, ez hainbeste esaldi-formazioaren arabera. Stalinek hau ihardesten zuen; Stalinen arabera, hain zuzen ere gizarteek eboluzionatzean, euren hizkuntzen lexikoa aldatu zitekeen, baina ez hainbeste gramatika, sintaxia edo morfologia; eta hemendik adierazten zuen hizkuntzak berez berdina izaten jarraitzen zuela, gizartea eboluzionatu arren (beraz, gramatikari Marrek baino inportantzia handiagoa ematen zion)[7]. Bere arabera, hizkuntza bat tribu-hizkuntzatik nazionalitate-hizkuntza izatea, eta handik nazio-hizkuntza izatera pasa zitekeen gizarte hori aldatu adina, baina jarraikortasuna mantenduz. Bere arabera ez zen hizkuntza eboluzionatu edo sinplerik, hizkuntza guztiek eboluziona zezaketen “pixkanakako metatzearen bidez, balio berrien elementuak txertatuz”.
Zer gertatu zen bada euskararekin? Ikusi dugu akatsa ez dela hizkuntzaren berezko izaerarena, hizkuntza denak eboluzionatzeko gai baitira. Alta, Stalinen arabera, hizkuntza bat klase batera soilik mugatzerakoan, “ez da gizarte osoaren komunikazio tresna, klase baten hizkera da (egun, soziolekto esan ahal dugu), eta beraz endekatu eta desagertzerako bidean jartzen da”. Hain zuzen ere, horixe bera gertatu zitzaion euskarari mende luzeetan, are Estatu-nazio modernoen erasoa baino lehenago, “prestigiozko” guneetatik kanporatua izan zen, eta analfabetismo handiaren erdian, “letren gunetatik” at, aho-hizkuntza izatera pasa zen (Hego Euskal Herrian behintzat)[8]. Ez da euskara ez dela gai mundu modernoan aritzeko euskara delako (Gustavo Buenoren jarraitzaileen korronteak esaten duen moduan), baizik eta haren eboluzioa moztua izan zela faktore politikoak direla eta. Zeini dagozkio faktore politiko horiek?
Egia esan, foruen mugaketaren aurretik izan ziren euskararen (eta baita ere foruen sistemaren) kontrako erasoak Madrilgo Gobernuaren aldetik. Horietako bat, adibidez 1838ko Hezkuntza Legea izan zen (Moyano Legearen aurretikakoa), Hego Euskal Herrian guztiz aplikatu ez zena hain zuzen foruen existentziagatik. Aurretik ere bazeuden, adibidez 1716an Gaztelako Kontseiluaren fiskal Jose Rodrigo Villalpandok Nafarroan euskara debekatzea proposatu zuen “Nafarroan gehienek euskaraz egiten dutelako baina orain gaztelar agintariek gobernatuko baitutelako” (kontutan hartu behar da mende erdi beranduago, politika hauek ezarri ostean, nafar populazioaren %53 oraindik euskalduna zela). XVIII mendean aurrera egin ahala eta Estatu homogeneizatzailearen prozesuan aurrera egin ahala, halako legeak geroz eta gehiago hasi ziren agertzen (Westfaliako bakeak ezarritako Estatuaren burujabetza prozesuak ere zerikusiren bat izan zuen absolutismoa ezartzearekin)[9]. Karlos IIIak, 1768an, Erret-Zedula batean gaztelania ez ziren beste hizkuntzetan irakaskuntza debekatu zuen eta 1772an beste Zedula batean merkataritza liburuetan gaztelaniaz idaztea inposatu zuen. Aranda konteak 1776an gaztelerazkoak ez ziren bestelako liburuak ateratzea debekatu zuen (esan behar da orduan pase forala egon bazegoela). Borbondarren garaian, foruak kendu baino lehenago eta Estatu nazional modernoa ezarri baino lehenago ere, kultur-zentralizaziorako ahalegin edo inposaketa batzuk agertzen dira: adibidez Kardaberaz zein Mogelek euren lanak ateratzea debekatua izan zuten, eta kasu batzuetan hamarkada batzuk beranduago soilik atera ahal izan zuten[10]. Esan bezala XIX mendean oldarraldi hori askoz gehiago handitu zen. Baina honek ez du beste gauza bat ezabatzen: euskal foru instituzioak ere, baita ere botere (ia) osoa zutenean, euskarari bizkar emanda bizi izan zirela. Euskaltzaindiak, 1977an, Gonzalez Olle aipatuz, hau dio Nafarroaren inguruan: “gehiengo euskaldun elebakar bat bazegoen, nekazariek, abeltzainek eta artisauek osatutakoa; eta honen ondoan gutxiengoa zen estamentu politiko elitezkoa, erdalduna, hirietan, noblezian, zientzian eta militaritzan”. Hitz hauek Nafarroari buruzkoak dira, baina ñabardurak ñabardura XIX mendea arte (Hego) Euskal Herri osoaren egoera erakusten dute: Larramendik esan zuen bere garaian gipuzkoarren “hiru laurdenak” euskaldun elebakarrak zirela, baina erdaldunak (edo elebidunak, baina erdara ohiko hizkuntzatzat zutenak) “ikasi dutenak, zaldunak, erlijiosoak, aldi batean Gaztelan bizi izan direnak dira; eta erdara pixkat uler dezakete herrietako alkateek, merkatariek eta dendariek”. Zer dela eta erdararen elitizazio hori? Zerk eragin zuen eta zer eragin izan zuen epe luzera euskararentzat? Goazen adibide batzuk ikustera.
Euskaltzaindiak 1977 urtean atera zuen liburuan dionez “foru-instituzioek herriarentzat egonkortasun politiko eta linguistiko handia ekarri zuten. Karguak bertakoak ziren (…) Hala ere bazegoen baldintza negatibo bat: euskara ez zen ofiziala Euskal Herrian”. Hau da, politikatik at zegoen. Egia al zen? Nafarroako Estatutik hasi gaitezke. Santi Leonek behin baino gehiagotan adierazi du hura hainbatetan esaten den moduan “Estatu kulturalki euskalduna eta politikoki nafarra” bazen, zergatik ez zuen dokumentu ofizialik sekula ere euskaraz igorri (azken urteetako Leizarragaren Biblia protestantea kenduta); kontutan izanik latinez, nafar-aragoar erromantzez, gazteleraz, okzitanieraz, frantsesez eta are hebreeraz eta arabieraz dokumentuak aurkitzen ditugula. Xabier Erizek esan zuen moduan, “konkistak ez zuen hizkuntz-arazoen norabidean aldaketarik ekarri. Erromantzearen aldeko apustua aspaldi egina zegoen Nafarroako Estatuan”. Jose Maria Lacarra historiagileak esan zuen moduan, Nafarroako historia egiten denean zailtasun handi bat dago historialarientzat: “Erdi Aroko Nafarroa ikertzen dugunontzat (…) herriak hitz egiten zuen hizkuntza dokumentuetako hizkuntza ez izatea. Nafar agintari eta elizgizonek ez zituzten aginduak eta emakidak herriaren hizkuntzan ematen. Denak elebidun al ziren? Herriak ulertzen al zituen? Eta eurek, askotan euskaldunak zirenak ulertzen al zuten edo itzultzaileengan fidatzen al ziren?”. Xabier Erizek beste era batera dio: “Nafarroako gizartea komunitate erromantzedunak egituratu zuen. Nafar instituzioek baldintza oso sinple eta bakar batekin funtzionatzen zuten: gaztelania jakitea beharrezkoa zen. Ez zekiena bizitza politikotik baztertua zegoen”[11]. Euskaltzaindiak 1977an esan zuen moduan, erdara ezberdinak (lehenik erromantzea eta gero gaztelania) bai faktore erlijiosoak zein barne faktoreak zirela ezarri zen Nafarroako Estatuan, “nahiz eta populazioaren parterik handiena euskalduna izan, testu erdaldun horietan agertzen diren hitz, izen, toponimo eta mailegu euskaldun kopuru handiak erakusten duen moduan”. Euskaltzaindiak bi arrazoi ematen ditu: alde batetik erlijioak latinaren eta hurbileko hizkuntzen alde egin zuela, eta bestetik ximenotarren dinastia “Nafarroaren zonalderik erdaldunenetik zetorrelako”. Euskaltzaindiaren arabera, gerora, Nafarroak Birkonkistan parte hartzea, eta bertako nobleek bestelako herrialdeetan (Aragoin edo Frantzian, adibidez) interesak izatea, herrialdearen erdalduntzearen faktore bat izan zitekeen. Kontuan izan behar dugu Estatu horren “herria” euskalduna zela, Fernando Mikelarenaren arabera populazioaren bi herenak euskaldunak ziren konkistaren garaian. Are, lehen ikusi dugun moduan, XVIII mende hasieran Gaztelako agintarien arabera Nafarroan “gehienek euskaraz hitz egiten dute”. Arturo Kanpionek eman zuen labur-hitza nahiko argigarria da: “Nafarroako eta beste euskal estatuetako gorteak erdara, eta sekula ez euskara, hedatzeaz kezkatu ziren”. Egitate honek ez du oso ondo hitz egiten “Nafarroa euskal Estatua” zela diotenen alde.
Nafarroatik kanpo ere arazo hori izan zen, adibidez, Gipuzkoan, non 1529an, Batzar Nagusiek, batzarkide izateko gaztelania jakitea derrigorrezko ezarri zuten. Bizkaian 1613 urtean antzeko lege bat atera zuten. Arabako Batzarrak urrutiago joan ziren: 1682an Batzar Nagusien egoitzan euskaraz hitz egitea debekatu zuten. Ikusi dugun moduan, agintarien politika linguistikoa herritarren errealitatearen guztiz kontrakoa izan zen, eta are gehiago, tematu egin ziren karguetan eta politika-guneetan erdara inposatzen. Iparraldean egoera ez zen oso hobea, han gaskoia edo frantsesa baitzen “hizkuntza ofiziala” (eta are Nafarroa Beherean gaztelera batzarretarako dei egiteko). Bistan da populazio elebakar euskaldun bat zuten zonaldeetan eta are gehiengo euskalduna zuten lurraldeetan halako legeek populazioaren gehiengoa baztertzen zuela eta euskararen prestigioaren kontra jotzen zuela. Eta bistan da lege hauek protestak ekarri zituztela, adibidez, Bizkaian 1631an lege hori ezartzerakoan Matxinada bat piztu zen, baina inork ere ez zituen zuzendu edo abolitu euskal instituzioek hartutako lege antieuskaldun horiek. Oro har, Juan Madariaga Orbeak esan bezala: “Euskal Herriko instituzioek, arau gisa, euskara hizkuntza erromantzeen alde bigarrengoratu zutela esan dezakegu”. Zaila da aktak erdaraz hartu arren (eta hartzearren) euskal instituzio foraletan euskara ahoz funtzionatzeko hizkuntza nagusia noiz arte ote izan zen jakitea. Maite Lafourcaderen arabera, Lapurdiko Biltzarrak euskaraz funtzionatzen zuen iraultza arte. Esan beharra dago 1790an Lapurdiko hiriburua Ustariztik Baionara aldatu zutenean, Ustarizko Udalaren kontrako argudio bat linguistikoa zela, lapurtarrei aldaketak ez ziela mesede egiten Baionan euskara gutxiago egiten zela-eta. Juan Madariagaren arabera, nahiz eta Bizkaiko Batzarrek 1613an erdaraz ez zekitenak ordezkari bezala bidaltzea debekatu, hainbat aldiz errepikatu behar izan zuten debeku hori, horrek debekua zorroztasunez betetzen ez zela adierazten ez zuelarik. Madariagaren arabera, XVII mende bukaera aldera “legearen eta errealitatearen arteko koexistentzia modu batetarako joera zegoen” (eta hori erakusten du Batzarrek itzultzaileak kontratatu behar izateak). Madariagak, XVIII mendera arte Bizkaiko Batzarretan ahoz euskaraz aritzen zirela esaten du, baina Imanol Trebiñoren arabera, XIX menderako jada Batzar horietan erdara zen ahozko hizkuntza nagusia[12].
[1] Eztabaida Twitter bidez izan zen. Ez dut eztabaidakidea zein zen esango, itsusia baita defendatzeko aukerarik ez duena aipatzea. Bestetik, artikulu honetan, ez dut haren argudioei erreferentzia egingo eta ez dut ezta ere ihardetsiko.
[2] Teknikoki bi lege izan ziren: 1857ko uztailaren 17ko Oinarrien Legea eta 1857ko irailaren 9ko Hezkuntza Publikoaren Legea. Lehenak legearen nondik-norako nagusiak ezartzen zituen, eta bigarrena askoz ere xeheagoa zen. Bigarren horretan agertzen zen erdara irakaskuntza-hizkuntza bakar gisa agertzeko derrigortasuna.
[3] Inspektoreak lehen aldiz Espainiako Gobernuak 1849an izendatu zituen Euskal Herrian, baina orduan euskal aldundiek kontra egin zuten.
[4] Velascoren arabera, arabarren %10 zen euskalduna momentu hartan. Nafarroari buruz ez zuen kalkulurik egin. Iztuetaren arabera, 1829an, 120.000 gipuzkoarretatik 100.000 euskaldunak ziren eta beste 6.000k gaizki hitz egiten zuten euskara. Iztuetaren arabera, euskaldun eskastu horiek erdarara asimilatu nahi izanagatik ari ziren euskara galtzen: “beren buru orroak guizon handi eta jaquintsu eguiteagatic”.
[5] Mikelarenaren arabera, 1587an, Nafarroa zen zenbaki absolutuetan euskaldun gehien zituen herrialdea, “Gipuzkoan %100 euskaldunak izanik ere, herrialde horrek soilik 70.000 pertsona zituelako, eta Bizkaian zonalde batzuk, Enkarterriak kasu, erdaldunak zirelako”. Mikelarenaren arabera, 1778an jada Nafarroa ez zen euskaldun gehien zituen lurraldea.
[6] Marren pentsaera ez zen soilik hizkuntza ezberdinetan zentratzen; bere arabera komunikazio-kanalak era garrantzizkoak ziren. Bere arabera, prehistorian jendea mimikaz komunikatzen zen, gero hitzez, gero hitzak idaztera ekarri zituen, eta etorkizun batean “pentsaerazko hizkuntza” izango zen.
[7] Stalinen eredua balkaniar hizkuntzak ziren: “mendeetan turkiar mailegu asko txertatu dituzte. Turkiarrak saiatu ziren balkaniar hizkuntzak hausten edo suntsitzen. Baina hizkuntzek iraun egin zuten, maileguak mailegu, euren gramatika-egiturek iraun egin zutelako”.
[8] Stalinek, Marren jarraitzaileen aurka, hauek Ingalaterrari buruz jartzen duten eredua ihardesten du: “Ingalaterran nobleek frantsesez hitz egiten zuten eta nekazariek ingeleraz”. Stalinen ustez hau ez da balekoa “klasezko hizkuntzak” egon daudela esateko, izan ere “nobleziak hitz egiten zuen frantsesa, frantses herriarena zen, ez frantses berezi bat (…) Bestalde noble horiek, mendeetan, ingeles herriarekin komunikatzeko, ingelesaren beharra zuten”. Antzeko gauza bat gertatu zen Euskal Herrian foruen garaian, oligarkiak gaztelania bazerabilen ere, euskal baserritarrekin hitz egiteko euskara behar zuen. Alta, Stalinen ereduan “azkenean, ingelerak gaina hartu zion frantsesari, eta hau Ingalaterratik desagertu egin zen”. Euskal Herrian ez zen posible izan bi faktoreen arteko bilbatzeagatik: bai bertako oligarkiaren axolagabekeriagatik (eta Estatuan zuen integrazio-asmoengatik) eta baita ere Estatu modernoaren “nazionalizatze” politika antieuskaldunagatik.
[9] Hala ere, esan beharra dago aurretik ere halako nahiak zeudela, adibidez, 1492an Elio Antonio Nebrija filologoak “hizkuntza Inperioaren bidaide da” esan zuen, eta “bizkaitarrei eta nafarrei irakatsi behar zaiela”.
[10] Euskaltzaindiaren arabera, Habsburg monarkiak “gaztelania penintsulako beste hizkuntzen gainetik prestigiatu zuen eta kolonietan huraxe inposatu zuen (…) baina barne-hizkuntzekiko nolabaiteko axolagabetasun bat erakutsi zuen, aldaketak behartzeko asmorik gabe”.
[11] Juan Madariagaren arabera, 1662an Martin Agoitz izeneko batek Nafarroako zonalde euskaldunetan Erresumaren instituzioek, epaitegiek eta abarrek euskara (“lenguaje cantábrico o vascongado”) erabiltzea proposatu zuen. Onartuz gero, “ofizialtasunaren” antzeko zerbait zatekeen, baina ez zen onartua izan.
[12] XIX mende hasieran bi alemaniarrek Gernikako Batzarrak bisitatu zituzten: 1802an Wilhelm Ludwig von Vincke egon zen, eta 1808an Philipp Joseph von Rehfüs. Bien arabera bai euskaraz zein erdaraz aritzen ziren eztabaidetan, “ordezkari batzuek euskararik eta beste batzuek erdararik ez zekitelako”.