AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

«Aitzitik, jatorrizko harremana hartzen badugu dirua autobalorizazio-prozesuan sartu baino lehenagokotzat, hainbat baldintza agertuko dira –historikoki sortu edo gertatu behar izan direnak– dirua kapital bihurtzeko eta lana kapitala jartzen duen lan, eta modu horretan, soldatapeko lan bihurtzeko». Karl Marx, Grundrisse.

Jar gaitezen une batez eden kapitalistan. Jendea, libre, zoriontsu dabilen tokian, beren salgaiak berdintasunean trukatuz. Non, salbuespen gutxi batzuk salbu, gizakia bere buruaz bakarrik arduratzen den. Dena doa espero bezala, bere naturarekin bat doa dena. Bakoitza egokitu zaion lekuan dago. Salbuespen gutxi batzuk salbu, ordena da nagusi. Han, proletalgoa, bere bizi-baldintza objektiborik gabe, merkatura joaten da bere larrua saldu eta (beste batzuek) ondu dezaten Non kapitalistak, jabetza pribatua eskuan, denak berdin jarraitu ahal izateko behar den guztia biltzen duen. Dena doa espero denaren arabera, dena doa funtzionamendu kapitalistaren legeen arabera. Eden kapitalistan egun guztiak berdinak dira, egunetik egunera merkatuan gero eta larru gehiago dagoela eta hura ontzeko erosle gutxiago dagoela alde batera uzten badugu. Hori horrela izatea da kaspitalismoaren barne logikaren ardura.

Zerbaitek huts egiten du horretan guztian. Proletalgoa bere lan-indarra saltzera behartuta dagoela ikusi dugu, eta ikusi dugu kapitalistak merkatuan metatze-prozesuei ekiteko behar dituen osagai guztiak biltzen dituela. Hala eta guztiz ere, kapitalistaren existentziak kapitalaren erlazioaren existentzia aurresuposatzen du, eta horrek zentzu bikoitzean libre diren langileen aurrexistentzia. Ekoizpen modu kapitalistak baldintza historiko zehatz batzuk eskatzen ditu. «Kotoia iruteko makina bat kotoia iruteko makina bat da. Baldintza jakin batzuetan bakarrik bihurtzen da kapital. Baldintza horiek gabe, ez du ezer kapital izaeratik».

Marxek Grundrisseetan azaltzen du dirua ez zela kapital bihurtu kapitala definitiboki egonkortu zen arte. Kapitala bere horretan funtzionatzen hasi zen arte, balioztatzen den balio moduan, alegia. Horren ondorioz, kapitalaren azterketa kategoriala ez da nahikoa kapitalaren existentzia azaltzeko. Funtzionamendu kapitalistaren azalpenak funtzionamendua bera ulertzeko jakintzaz hornitzen gaitu, hain zuzen ere. Hala ere, ezinezkoa da azalpen horretan funtzionamendu horren zergatia aurkitzea, hori gertatzen den bezala gertatzeko beharraren azalpena, haren baldintza historikoena, dirua kapital bihurtzen duten edo lana soldatapeko lan bihurtzen duten baldintza historiko jakin batzuen sorrerarena. Azaldu beharreko zerbaitekin egin dugu topo.

Hainbat eta hainbat saiatu dira ariketa hori egiten. Hala ere, oro har, kapitalismoaren sorrera azaltzen saiatzen diren kontakizunak aurresuposizio okerren bidez egituratzen dira, Ekonomia Politikoaren esparruan ere antzeko zerbait gertatzen da. Kapitalismoaren kate ideologikoetan harrapaturik, esparru honetan hedatzen diren bertsio ezberdinek kapitalismoa gizakiaren ohitura eta ezaugarri naturaletatik abiatuta, aurreko fase historiko guztietan identifika daitezkeen (potentzian bada ere) praktika eta elementu sorta gisa aurkezten dute. Horrela, kapitalismoaren sorrera praktika eta elementu horien agerpen- eta orokortze-prozesu (saihestezin) bihurtzen da. Prozesu horrek kapitalismoa ezkutuko egoeran edo jaioberri egoeran mantentzen zuten oztopoak pixkanaka ezabatu zituen. Horrela, trilero batek pilotatxoa desagerrarazteko duen erraztasunarekin, azalpen bat behar zuen hori bat-batean bere azalpenaren oinarri bihurtzen da. Gauez, katu guztiak arreak dira. Baina azaltzea, kasu honetan, bereiztearekin identifikatzen da. Azken finean, probatu arte, gatzak ere azukrea dirudi.

Horrek, bistakoa denez, zorigaiztoko ondorio politikoak ditu; izan ere, kapitalismoa garapen historikoaren emaitza natural gisa aurkezteaz gain (joera historiko guztiek ezinbestean norabide zuten estadio gisa, termodinamikaren legeekin aldera zitezkeen legeek gidatuta), horien gailur edo helburu gisa aurkezten du, hau da, gizateriaren historiari xede izatea baimendu zaion egoera gisa. Eden kapitalista, merezi dugun hori baino, merezi genezakeen hori bilakatzen da. Eta, gainera, ez dugu ezer azaldu.

Marx, zentzu horretan, hizpide dugun prozesuaren azalpen kritikoa egiten saiatzen da Kapitalaren kapitulu ospetsuan, «“Jatorrizko metaketa” delakoa». Kapitulu honek funtzio bikoitza betetzen du; izan ere, matrize «merkantilista»tik abiatuta garatzen diren aldaera desberdinei kritika egiteko oinarriak ezartzeaz gain, ezinbesteko barne-funtzioa betetzen du, bere obran kapitalismoaren baldintza historiko zehatzak edo aurresuposatuak sortzeko prozesuaren azalpena sartzen baitu, azaldu beharrekoa dena. Kapituluaren izenburuak eta obran betetzen duen lekuak jakinarazten digute.

Ideia orokorra dirudiena baino sinpleagoa da. Aipu honetan aurki daiteke, adibidez: «Ekoizteko eta metatzeko modu kapitalistak, eta, ondorioz, jabetza pribatu kapitalistak, norberaren lanean oinarritzen den jabetza pribatuaren deuseztapena aurresuposatzen dute, hau da, langilearen desjabetzea». Metaketa kapitalistak lehendabizi kapitalaren harremana aurresuposatzen du, balioaren ekoizpena, hau da, esplotazioa. Zentzu horretan, ez da zuzena jatorriaren oinarria elementu jakin batzuen existentzian aurkitzen saiatzea, elementu horiek, hauen edukitik bereizita, ez baitute zentzurik. Horregatik, bilaketa oinarri hori jabetza harremanei estuki lotutako gizarte harremanetan egiten saiatu behar da. Aldea ez dago, beraz, jendea dirua trukerako erabiltzen hastean, ezta jende jakin batek diru kopuru jakin bat metatzeko gaitasuna eskuratzean ere. Metaketa kapitalista ez da prozesu kuantitatibo hutsa (nahiz eta hori izan itxurazko emaitza). Batez ere, prozesu kualitatibo bat da, funtzionatzeko eta oinarri beraren gainean dena aldatzeko modu bat.

Aitzitik, desberdintasuna langileen eta bere existentziarako baldintza objektiboen arteko zatiketa prozesuan agertzen da, hau da, lana egiteko baldintzen gaineko jabetzan. Prozesu hori langileak beste batzuenak izateari uzteko prozesuarekin paraleloan doa (morrontza edo esklabotza harremanen desegitea). Beraz, jatorrizko metaketaz ari garenean, zuzeneko ekoizleen lan- eta ekoizpen-bitartekoen gaineko jabetza desegiteko prozesuari buruz ari gara (langileen desjabetzea). «”Jatorrizkoa” da, kapitalaren historiaurrea eta kapitalari dagokion ekoizpen modua eratzen dituelako».

Nahiz eta hainbat modutan garatu (tokiko berezitasunak kontuan hartuta), prozesu horrek kontakizun orokor bat osatzen duten ezaugarri batzuk ditu. Lurraren jabetzak hartzen zituen forma juridiko desberdinen pribatizazioak eta kontzentrazioak (lur komunalak, jabetza txikiak, elizaren lurrak) herritarren geruzen eta beren lan-bitartekoen arteko lotura posible oro desegin zuten. Horren emaitza jabe handien (lurrarekin negozioa egiteko prest zeudenak), aberastasunak biltzea lortu zuten jendearen (merkataritzaren, posizio sozialaren –pribilegioak eta errentak– edo zuzeneko indarkeriaren bidez) eta gero eta langile gehiagoren existentzia dira. Langile horiek, beren bizitzarako bitartekoen sarbidetik erauziak izan zirenek, aukera bakarra izan zuten: beren lur zati txikia alokatzea (egun errentak merkatuaren aginduei erantzuten zien zuen logika batean murgilduta) edo beren lan-indar librea erosiko zuen norbait bilatzen saiatzea. Prozesu hori, hartaz egiten den irudikapen idiliko eta baketsutik urrun, odolez eta miseriaz idatzitakoa da.

EZ DAGO IRUZKINIK