AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Larunbateko kongresuan, PSOE gogaitu arte aritu zen errepikatzen buloek dutela beren hautesleria eskubirantz mugitzen ari diren arrazismo, matxismo eta bestelako munstroen errua. Ez dut komunikabideek gezurrak zabaltzeko duten ahalmena (PSOEren aginduz askotan, bide batez) ukatzeko asmorik. Hala ere, matxismoaren ukapena edo paperik ez duenaren mespretxua gure artean horrenbeste zabaldu izanak fake news batzuen engainua baino kausa sakonagoak ditu. Are gehiago, sozialdemokraziak bertsio horri halako burugogorkeriaz heltzea ez da zorizkoa.

Izan ere, txanpon beraren bi aldeak dira joera horiek erokeria iragankor bezala aurkeztea eta faxismoari osasun-hesia jartzeko proposamena. Bestela esanda: olatu erreakzionario hau politikari eta medio gaizto batzuek sortu duten moda bat denez, hura igaro arte eskuin muturraren proposamen populistak oposizioan mantendu behar dira, haiek bozkatuz, programa gustuko ez izan arren. Hori "herri-fronte" deitzeko aurpegia ere badute, gainera. Alabaina, botoak lortzeko trikimailu hori garesti ordaintzen ari gara. Europan dugu adibide ona: sozialistek zein berdeek Von der Leyen babestu zuten Meloniren hautagaitza garaitzeko udan, gerora Weber popularrak italiarrarekin negoziatzeko beharraz konbentzitu zituen Orban kanpoan uzteko (italiar faxista gutxienez NATOren aldekoa baitzen) eta, azkenik, denak sartu dituzte komisioan, "baina hungariarrak pisu gutxiago izatea lortu da". Bide berean doaz Portugal, Frantzia, Suezia edo Alemania; jendearen "ezjakinrasuna" bat-batean desagertuko delako esperantza saltzen, eskuin muturreko alderdiak inkestetan indartzen diren bitartean.

Jendea halako destainaz begiratzea, baina, ez da erreakzioa garaitzeko era egokia. Joera horiek garaituko badira, elikatzen dituzten gerra eta pobrezia desagerraraziz izango da soilik. Hori aitortzen duen proposamen politikoak agerian utziko du eskuin muturraren erradikaltasun faltsua. Izan ere, zinez apurtzailea den proposamen politiko batek kapitalisten aberastasuna espropiatzera joko du, zapalduenen aurka jo beharrean. Horretarako luzatzen zuen eskua hain zuzen ere EHKSk aurreko larunbat goizean, kezka zintzo batetik, besteren batzuek Sevillan hauteskunde-kanpainarekin jarraitzen zuten bitartean.

EZ DAGO IRUZKINIK