AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Ideologia burgesaren bertsio aurrerakoiak hainbat topikorekin bonbardatzen gaitu, hala nola «errealitateak» adina «egia» daudela esaten digu; izan ere, guztiaren oinarrian zera dago, begia ardatz optikoaren norabidean egoki jartzen den, ardatz hori behar baino motzagoa edo luzeagoa ote den; edota kornearen kurbadura egokia ote den, edo ez den nahikoa, edo behar baino handiagoa den.

Jakina da ez dagoela osotasun objektibo egituraturik barne-kontraesanetatik sortutako funtsezko batasuna duten oinarrien gainean (kanpo-forma askotan adierazten diren arren, koherenteak dira beren oinarri unitarioarekin). Beraz, nahi adina lentetako optika-denda daukagu, hasi alegiazkoak edo zuzenak diren irudiak ematen dizkiguten lupetatik, eta errealak edo alderantzizkoak diren irudiak ematen dizkiguten argazki-kameretaraino.

Ondorio politikoa argia da: nahi adina aukera daude. Errealitatearen deskribapenaren testua  zabala, orokorra eta zehaztasun gutxirekin egindakoa da, egon daitezkeen «subjektu» guztiak erakarri eta barne har ditzan. Teoriak jada ez du inolako funtziorik, edo, baldin badu, oso txikia da.

Bada errealitateak beste egia daudela pentsatzea bezain arriskutsua den usterik: iritziak beste egia daudela uste izatea. Iritzia, egiak baino balio epistemologiko txikiagokoa den arren, uste subjektibo bat den arren, maiz, egiarekin parez pare agertzen da. 

Eta bat-batean, buruz burukoan, sinesgarritasun eta zilegitasun maila berberean jokatzen dute egiak eta iritziak (maiz baieztapen gisara formulatutako gezurretan). Dagoeneko, berdin dio epistemologiak. Partida hasi denerako, bi iritzi baino ez daude jokoan. 

Babes handiari eta garaipenari esker, gezurra egia bilakatzen da, eta, orduan, «historiaren amaierarekin» eta materialismo historikoaren ikuspegi totalizatzailearen amaierarekin egiten dugu topo.

Hala ere, eztabaida filosofikoan baino gehiago ideologizazioan eta kontzientzia faltsuaren sorreran ezinbesteko papera jokatzen duen instituzio bat jo-puntuan jartzera nator gaur: hezkuntza-instituzioa, egia iritzi forman eta iritzia egia forman transmititzen duen instituzioa (gehienetan okerra, fundamentu gabea eta beti ere interesatua). 

Erabat ahula da garapen teoriko kontzeptual sistematikorik gabeko egungo hezkuntzaren testua. Jakintzaren gotorleku baino, ezjakintasunaren eskola da. 

Borrokatu gaitezen zientzia naturalen transmisioan oinarritzen den heziketaren alde, esku artean izan dezagun errealitatea den moduan hauteman eta ulertzeko eta bertan interbenitzeko tresna, eta ez hori guztia ezinezko bilakatuko ligukeena.