Zalaparta (apur bat) sortu du berri batek: iragarkiak txertatuko dituzte telesailak eta filmak ikusteko ordainpeko streaming plataforma batzuetan (Netflixen, oraingoz). Harpidetza merkatzeko helburuarekin, publizitatea eta beste zenbait muga edukiko dituen tarifa bat eskainiko dute. Denetarik irakur daiteke horren inguruan, tartean, plataforma horren heriotza izango dela. Ez dit axola, egia esan. Zera da kontu guzti honetan interesgarria: gizarte kapitalistaren berezko joerak uzten dituela agerian, kasu honetan, kulturaren esparruari dagozkionak.
Interneten hedatzearekin, norbaitek pentsa zezakeen garaiko telebista eta industria kultural handien monopolioa eta gehiegikeriak gainditu ahalko zirela: foro eta plataformetan edozeinek izango zuen bere edukiak partekatzeko aukera, eta, itxuraz, ez zegoen interes ekonomiko zuzenik Interneten atzean. Horrela, telebista ez bezala, publizitaterik gabeko esparru «aske» bat izan zitekeen: merkatuak inposaturiko modetatik ihes egin ahalko zen. Nolabait, kulturaren demokratizazioaren eta kalitatearen gordeleku izatera zetorren Internet. Bestalde, Netflixen moduko plataformak ikus-entzunezko produktuen kudeaketa kapitalista zintzo eta onbera baten eredu izango ziren: kontratuan zehazturikoaren araberako harpidetza ordainduz gero, ikuslea guztiz aske izango zen edukiak nahieran eta publizitaterik gabe kudeatzeko. Denborak aurrera egin ahala, ordea, disolbatu egin da itxura hori guztia, eta sarean ere gupidagabe inposatu dira merkantzia formaren ondorioak.
Plataforma batzuen adibideak, Youtuberena edo Twitchena, esaterako, argigarriak dira. Sortzaileen eta hartzaileen askatasuna bermatuko omen zuten plataforma horiek telebista tradizionalaren hizkuntza odoltsua erreproduzitu eta hura azken muturrera eraman dute ezinbestean: estandarizaturiko formatu komertzialak, clickbait basatiak, patrozinatzaileak eta publizitate ezin inbaditzaileagoa, monopolioak, algoritmo oroahalduna, moda ziklikoak, entretenimendu hutsalak, hipersexualizazioa… Plataformen jabeen eta bertan parte hartzen duten bestelako enpresen irabaziak handitzea da azken helburua, eta, horretarako, edozer egitera irits daitezke. Bide berean ulertu behar da Netflixen iragarkiak sartzearen kontu hori guztia. Izan ere, ezin dugu ahaztu: gizarte honek produzitzen den guztia merkantzia gisa agerrarazten du, eta, bertan, kapitala akumulatzea da edozer ekintzaren azken helburua.
Kapitalismoa gizadiarentzako oztopo handi gisa agertzen da horrela, oraingoan kulturaren arloan. Imajinatu: literaturaren, musikaren eta zinemaren biltegi unibertsalak eratu ahalko genituzke, eta gizadi osoaren esku utzi historia osoan zehar egindako artelanak, eta hemendik aurrera egingo direnak, bai eta bestelako beste edozein eduki zientifiko, kultural edota didaktiko, noski. Izan ere, egon badaude horretarako baldintza teknologikoak. Horren ernamuina gaurdanik ikus dezakegu. Baina orainak erakusten digunez, ez da auzi teknologikoa, politikoa baizik, askatasun eta berdintasun materiala kontraesanean sartzen baita gizarte burgesaren oinarriekin. Eta klase dominatzaileak gogor zapaltzen ditu edukiak unibertsalizatzeko saiakera guztiak: ikusi besterik ez da behar zer gertatzen den Z-Libraryren moduko ekimenekin, edo orokorrean pirateriarekin. Horra hor kapitalismoaren izaera atzerakoia: interes pribatua da agintari, eta ez dago kapitala akumulatzearen helburuari gainjarri ahal zaion bestelako irizpide arrazional, moral edota estetikorik.
Auziari politikoki heldu behar zaio, beraz: gizartean jada existitzen diren potentzialitateak askatzeko eta langile kontrolaz produktu eta bitarteko ororen jabetza eta eskuragarritasuna era erreal eta materialean unibertsalizatzeko, forma kapitalistak deuseztatu beharra dago. Eta, bitartean, noski, jarrai dezagun iragarkiak blokeatzen, eta edukiak ahal bezala deskargatzen eta partekatzen.