AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

«Toda la historia de la sociedad humana, hasta la actualidad, es una historia de luchas de clases»

K. Marx, 1948, Manifestu Komunista.

Euri asko egin du ordutik, eta errealitateak etengabeko aldaketa bat bizi izan du 170 urte hauetan. Baina, hala ere, oinarrian dagoen ideiari dagokionez, gauzak ez dira gehiegi aldatu. Indar sozialen talkan idazten da historia. Gaitasun produktiboen garapenak bizitzeko «arau» batzuk inposatzen dizkio gizarteari, eta horren arabera bizi gara salbuespenik gabe. Bizitzaren erreprodukzioa bermatzeko borrokak eduki konkretuz betetzen du historia. Hala, historiako fase ezberdinetan, oinarri ezberdin baten araberako forma ezberdinetan bizi izan da gizartea, edo bestela esanda, gizarteak izan dituen gaitasunen arabera, era batean edo bestean ekoitzi izan du bere bizitza. Gaur egun ere, ekoizpen modu kapitalistan, era konkretu batean ekoizten du gizarteak bere erreprodukzioa, eta era konkretu horren arabera egituratzen da gure bizitza. Jabetza pribatuaren formak edo, beste modu batera esanda, norbera ekoizpenerako beharrezkoak diren elementuen arteko batzuen jabe bakar izateak, ekoizpena era indibidual eta independente batean egituratzea dakar, lanaren banaketa sozial definitu baina aldakor baten baitan. Ekoizpen horren antolaketa a posteriori egikaritzen da (merkatuan), zerk balio duen eta zerk ez dikotomiaren baitan. Era horretan, gizartearen baitan aurkitzen diren figura ezberdinek, halabeharrez besterentzat ekoizten duten heinean, merkaturatzeko daukaten merkantziaren arabera parte hartzen dute ekoizpenaren prozesu sozialean.

Faktore horrek ondorio ezberdinak ditu. Pertsonaia ezberdinek prozesu horretan posizio ezberdina dute, noski, baina pertsonaia bakoitzaren baitan ondorio ezberdinak identifikatu ditzakegu ere. Gizartean dugun parte hartzea merkatura goazenean dugun gaitasunak definitzen badu, orduan, parte hartze hori era batekoa edo bestekoa izango da dugun gaitasunaren arabera. Zer esan nahi du horrek? Ikus ditzagun adibide batzuk.

Burgesiak, ekoizpen prozesua abiarazteko beharrezkoak diren bitarteko produktiboen jabe den heinean besteen lan indarra baliatuz, etengabe aberasteko baldintzak biltzen ditu. Ekoizpenaren nondik norakoen gaineko erabakiak hartzeko gaitasuna du horrela, baita, potentzialki ekoizpen prozesuan fisikoki parte hartu gabe, bertatik eratortzen den aberastasuna kapitalizatzekoa ere. Langilea, aldiz, bere lan egiteko gaitasunaren (lan indarra) jabetzatik haratago ezer gutxi duenak, bizitzeko gastuak ordaintzeko soldata baten truke lan egitera behartuta dago, egunez egun, gaitasun hori erosten duen horren erabakiek baldintzatuta.

Hala ere, dimentsio ilun bezain interesgarri bat ezkutatzen du egunerokoan lanera joatean bizi dugun antzezlan horrek. «Aquí solo se trata de personas en la medida en que son la personificación de categorías económicas, portadores de determinadas relaciones e intereses de clase» aipuak dioen moduan gizartean dugun parte hartzea edo posizioa merkatura goazenean dugun gaitasunak definitzen badu historiaren oinarria ekoizteko formaren garapenean aurkitzen bada eta burgesiak ekoizpenaren gaineko kontrola badu, burgesiak –eta ez guk– osotasun sozialaren eta honen etorkizunaren gaineko erabaki gaitasuna duela ondoriozta genezake. Zentzu horretan, eta labur esanda, burgesiak ekoizpen prozesuan duen aginte posiziotik irabazi bikoitza ateratzen duela esan daiteke, ekonomikoki aberasten doan heinean, boterea akumulatzen baitoa. Irabaziaren dinamikak ardazten duen gizarte batean dirua duenak agintzen duela egitate ezaguna da gehiengoarentzat, are edozein egunetan tabernako edozein eztabaidatan entzun daitekeen baieztapen bezala identifika dezakegu.

Baieztapen horren hariari tiraka, gaitasun horren dimentsio ezberdinak identifika ditzakegu. Epe motzean, ekonomiaren biziraupena bermatzeko erabaki koiunturalak hartzeko gaitasuna dauka burgesiak, aparatu eta mekanismo ezberdinen bitartez errealizatzen dena. Adibidez, 2008ko akumulazio krisiaren biharamunetan ohiko bilakatu ziren «austeritate neurriak» eta berdin gertatzen ari da egun bizitzen ari garen egoeran hartzen ari direnekin. Neurri horiek, oro har, gosez dagoen «piztia» (kapitalismoa) kate motzean lotzeko helburua izaten dute, baita gosez piztia noiz hilko desiatzen daudenak (langile klasea)kate berarekin otzantzekoa ere. Horrek ikuspegi politikotik behatuta interes handia duen arren, gaurko honetan, beste aspektu bati erreparatu nahiko nioke, ondo azaldu ezkero aurreko hori ere barne bilduko lukeena.

Osotasunaren gaineko kontrola ez da epe motzean agortzen, epe motzeko erabaki koiunturalek, baita epe luzera egindako planteamenduek ere, dimentsio historiko bat gordetzen baitute beren baitan. Burgesiak, boterea eskuetan duela, bere erreinaldia iraunarazteko erabaki eta neurriak hartzen ditu etengabe, eta historiaren nondik norakoetan esku hartzen du horrela, historiaren garapenak jarraitu beharreko norabidea definituz. Alde batetik, epe motzeko eta luzeko erabakiei dagokienez, duten izaera koiunturala errotzen bada neurriek/erabakiek izaera estrukturala har dezakete, eta horrenbestez, esan genezake epe luzera begirako etorkizuneko igarobidearen ataria baino ez direla. Adibide garbia da GKSk gazte problematikaz dioena, gazteok adin tarte konkretu batean bizi ditugun bizi baldintzak, gradualki inposatzen doan etorkizuneko bizi ereduaren lehen espresio eta hazia direla. Bestalde, etorkizun horretarako bidearen forma marrazteko gaitasuna egongo litzateke garapenaren kontzeptua ze era konkretutan errealizatuko den erabakitzekoa. Puntako baliabide militarrak garatu edo gizakiaren ongizatea era unibertsal baten nola gara daitekeen pentsatu. Gure gurasoen garaian,  etorkizunean (gure oraina den honetan) kotxe hegalarietan mugituko ginela pentsatzen zuen batek baino gehiagok, eta pentsamendu hori bete dela baiezta daiteke historiaren joanak ematen digun ikuspuntu pribilejiatutik. Hobekuntza horiek nork gozatuko zituen galdetzea ahaztu zitzaien, hala ere. Inoiz baino gaitasun handiagoak ditu gizakiak, espazioan ibili daitezkeen kotxeak eraikitzeko gai da gizartea, lehenago gela oso bat okupatzen zuen ordenagailua baino potentzia handiagokoa den mugikor bat poltsikoan eramatekoa, roboten bitartez ebakuntzak gauzatzekoa… eta, hala ere, inoiz baino pobreago bizi gara. Ez agian zentzu absolutu batean (nahiz eta hori ere tendentzialki aldatzen joan, eta honen zantzuak identifikatzen hasi), baina bai zentzu erlatiboan. Burgesiak, osotasunaren gaineko kontrolaren giltza duenak, etorkizuneko gizarte horren disfrute esklusiboa baitu beregain. Gainera, pobreak gero eta pobreago eta gero eta ugariago, eta aberatsak gero eta aberatsago eta gero eta gutxiago diren honetan, gero eta pribilejio esklusiboagoa bilakatzen ari dela baiezta daiteke.

Bitartean, kapitalaren zola pera begiratuz, non dago langile klasea? Ekoizpenean merkantzia forman soilik parte hartzen duen langileria boterearen ekuaziotik kanporatua da. Ez dauka bere bizitzaren gaineko erabakirik hartzeko gaitasunik, are gutxiago etorkizunaren gainean iritzia ematekoa. Boterearen dinamika kapital akumulazioak ardaztutako gizarte batean, lehenago esan bezala, kapitala duenak agintzen du, kapitalik ez duenak, beraz, ez du ezer agintzen. Formulatu dezagun beste era batean, historiaren dinamika kapital akumulazioak ardaztutako gizarte batean, historia, kapitala duenak idazten du, kapitalik ez duenak, beraz, ez du ezer kontatzen. Bik ez omen dute dantzatzen batek nahi ez badu. Hala ere, tango kafkiar honetan, gure etsaiak nahiago du bakarrik dantzatu.

Horren ondorio zuzena da langile boterearen eraikuntzaren paradigma, gizartearen esperantza bakar bezala. Langileriak, etorkizuna esku artean izaterik nahi baldin badu, etsaiaren botereari kontrajarriko zaion botere modalitate propio baten eraikuntzari ekin behar dio, gaurdanik. Historiaren nondik norakoetan esku hartzeko, historiaren ibilbideari buelta emateko, historia egiteko. Kide zahar baten esaldi famatu bat parafraseatuz, «historia ez da egiten, antolatu egiten da». Antolatu; berriro ere historiaren trena martxan jarriko duen indar sozial baten antolakuntzari erreferentzia eginez, alegia, borondate bat izatetik izaera organiko bat izatera pasatzeari eta askatasunaren aldeko borondatea antolatzeari. Antolatu; funtzio hori betetzera begira egin beharreko zeregin espezifiko bati erreferentzia eginez, alegia, historiaren ezagutza sistematizatu eta ezagutza horren zabalpena sistematikoa bilakatzeari. Lehenari aletxoa ematera nator ni, bigarrenean ekinaz. Iragana ezagutzea (eta ulertzea) ezinbestekoa baita oraina ulertzeko, eta, bide batez, etorkizuna egiteko. Garai ilunotan, errealitatea pitzaturik, konbultsionatzen ari den hauetan, Euskal Herrian bada historiaren testigua hartzeko prest dagoenik. Norabide horretan, jarrai dezagun historia egiten, hasi besterik ez gara egin eta!