Bertolt Brechtek bere garai hitsez zioenak balio digu guri ere: barre egiten duenak, zioen, ez ditu oraindik jaso albiste izugarriak. Euskal oasia deitzen dioten elkarbitzitzaren eta bakearen teatro honetan, badirudi dena doala ondo, batez ere mezu lasaigarrien azpian azterka ez dabilenarentzat. Euskararekin ere antzeko gertatzen da: diskurtso optimistak eta lasaigarriak sinets ditzakezu, baina hor etorriko zaizu saihetsezinki errealitatea belarrondokoa ematera. Alegia, euskararen inguruko datu eta abarrekin irribarre egiten duenak, ez du oraindik jaso haren egoera izugarriaren berri. Berri lazgarri horietako azkenetarik bat Iruñetik etorri zaigu joan den hilabetean: Iruñeko Udalak lehendik ere murritza zen euskarazko haur eskolen eskaintza murriztuko duela adierazi zuen. Hurrengo egunean, jakina, ehunka lagunek egin zuten protesta, euskarazko hezkuntzaren defentsan, baina erabakiak bere horretan jarraituko duela dirudi. Euskararen bazterketa estrukturalaren adibide askotarik bat da Iruñekoa. Lasaitasunaren eta egonkortasunaren diskurtsoaren atzean, hain zuzen, arazo estruktural horixe dago.
Datuek erakusten digute tendentzia orokorra: arnasgune deituriko herri euskaldunetan behera doa euskararen erabilera eta hirigune handietako egoera oso urruti dago egonkortzetik. Irudi orokorra, aldiz, ondotxo dakigu zein den, datuei begiratu beharrik gabe: jende gehienaren bizitzetan erro sendorik ez duen hizkuntza da gurea, arnasketa artifizialez bizi dena, edozein unetan norbaitek politikoki zuzena dena ahaztu eta hiltzen utz lezakeena. Eta hortxe dago gakoa, hain zuzen: gure hizkuntza ez dela gurea, ez dugula guk haren gaineko kontrol errealik. Kapitalak nahinola darabiltza gure bizitzak, nahinola moldatzen eta aldarazten gaitu eta, nahiz eta gehiegitan ahaztu, hizkuntza –eta gure kasuan euskara– ere halaxe darabil, bere menera. Hain zuzen, hortik abiatutako ideia batzuk nahi nituzke mahaigaineratu artikulu laburregi honetan: euskararen egoera ez dagoela inola ere kapitalaren dinamikatik kanpo eta, zentzu horretan, alferrik dabiltzala hori kontuan hartzen ez duten hizkuntz politikak.
Euskararen kontzepzio desklasatu bat jaso dugu oinordetzan. Akademia euskaldunarentzat eta euskalgintza militantearentzat klaseak eta euskarak ez daukate inolako zerikusirik ez bada deskribapen soziolinguistikoetan: generoari edo adinari lotutakoak bezala, erosahalmenari lotutako hizkuntzaren azterketak ere egin izan dira, baina klaseari ez zaio berebiziko garrantzirik eman, beste aldagai deskriptibo baten gisara izan da hartua klasea euskararen azterketan. Ez dugu alferrik esaten, ordea, kapitalak bere akumulazioaren mesederako moldatzen dituela gure bizitzen aspektu guztiak. Euskararen egungo egoera makurraren arrazoia gehiegitan bilatu izan da auzi ideologiko eta identitarioetan eta gehiegitan ahaztu izan zaigu haren erro ekonomikoa. Kapitalari, zirkulazio merkantilerako, dibertsitate linguistikoa traba huts zaio, lurzoru komunikatiboak homogeneoa eta egonkorra behar du merkantzien elkartruke ahalik errazenerako, eta euskarak ezin dio horretan askorik lagundu. Aitor Bizkarrak trenbideei eta hizkuntzei buruzko bere artikuluan zioena gogora ekartzeko, «esango nuke lehenbiziko gainbegiradan euskararen izaera eta kapitalaren logika ez datozela bat: idealki espantsio mugagabea xede duen logika ekonomiko batek eta geroago eta hiztun espontaneo gutxiago dauzkan hizkuntza gutxitu batek ez dirudite, a priori, oso bateragarriak».
Ezinbestekoa da dominazio kapitalista ulertzea, beraz, euskararen egungo egoera ulertu nahi bada eta, ondorioz, akademia despolitizatuari iruditzen zaiona baino dezente gertuago daude klasea eta euskara. Euskalgintzak gaur egun dituen intuizio eta kezka nagusienek nahiko argi uzten dute hori, nik uste. Hiru dira nik hemen labur azaldu nahi nituzkeenak: gaur egun euskararen atxikimendua klase ertainarekin lotzen duen intuizioa, euskararen presentzia urria langile-klasearen kapa proletarizatuenetan eta elite ekonomikoak eta enpresa-mundua euskaldundu beharra. Guztiek azalerazten dute klase-konposizioaren eta hizkuntz erabileraren arteko harremana, baina egungo euskalgintzak haiei aurre egiteko duen ezintasuna ere erakusten dute.
Lehenbiziko intuizioa, klase ertainari loturikoa, Soziolinguistika Klusterrak eginiko azterketak erakusten du ondoen. Berriki aurkeztutako azterketak erakusten du, biztanleen errentaren eta hizkuntzaren arteko lotura eginda, klase ertaina dela euskarari lotuen dagoen giza taldea. Klusterrak, halaber, «aukera» gisa ikusten du egoera, giza talde hori delako «jendetsuena». Baliotsua zaigu azterketa hori oso, baina ondoren egiten den datuen balorazioak argi erakusten digu analisi materialista baten falta: krisi kapitalista garaian, proletarizazio prozesu baten eta klase ertainaren polarizazioaren erdian, klase ertaina euskararen eramale izatea «aukera» gisa ikustea, gutxienez arduragabekeria da. Ez da hori bakarrik, gainera: klase ertainaren paktu soziala politikoki gorpuzten duen Ongizate Estatuaren pixkanakako desintegrazioa ere badakar krisiak, eta harekin euskararen berme instituzionalen balizko galera. Horrek garamatza bigarren kezkara: euskararen presentzia urria langileriaren kapa proletarizatuenetan. Euskararen biziraupenerako bermeak klase ertainaren politiketan oinarritu izanak –zeinak langileriaren goi-kapen bizi-baldintzak mantentzea baitu helburu– gauza asko esan nahi ditu, baina batez ere esan nahi du proletalgoa proiektu horretatik sistematikoki kanporatua izan dela. Hortik ulertu behar ditugu, esaterako, Euskal Herriko proletalgoaren zati handi batek euskararekiko duen atxikimendu falta eta eskoletako klase-segregazio larria. Azkenik, enpresa-mundua euskaldundu beharrarekin dago tematua euskalgintza azkenaldian, eta hala jarraituko du pixka batean, nik uste. Badirudi aurtengo Euskaraldian ere ahalegin berezia egingo dela enpresetako dinamika eta, beraz, elite ekonomikoak euskalduntzearekin. Hau ere disparate politiko bat da, nire iritziz, klaseari dagokion obserbazio bat eginik ere ez duelako klase-interesen gaineko azterketa txikiena ere egiten. Aurrez azaldu dugun bezala, burgesiari euskarak ez dio zipitzik ere axola etekinen metaketarako ez bada, Aldundiek eta Jaurlaritzak urtero euskarazko diru-laguntzetara bideratzen dituzten milaka euroak ez badira, esaterako.
Labur azaltzen saiatu naiz nola gaurko euskalgintzaren intuizio eta kezka nagusiak gizartearen klase-konposizioarekin dauden lotuta. Jakina, askoz gehiago luza gintezkeen eta luzatu beharko genuke, benetan auzi horien azterketa serio bat egin nahi badugu. Hala ere, azalpenek argi uzten dute gaurko euskalgintzak aipatutako arazoei aurre egiteko duen ezintasuna, horrela jarraituko duena, bide batez, hizkuntz politikak analisi materialista serio batean oinarritzen ez dituen bitartean. Optika komunista batetik, ordea, azalpenak benetan argi uzten duena zera da: gure hizkuntza ez dela gurea, ez dugula harengan kontrol errealik. Ikuspuntu horren argitan, dagoeneko erabili izan den slogan hark, «iraultzak soilik salba dezake euskara» dioenak, ez dirudi halako ergelkeria. Slogana zena hipotesi bilakatzen da horrela. Botere proletarioaren eraikuntzak soilik salba dezake, salbatzekotan, euskara; dominazio kapitalistak kentzen digun ororen gaineko kontrolak, erlazio sozialen gaineko kontrolak.