AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Amore eman duzu. Ihes egin nahi bazenion ere, harrapatu zaitu eta begi parean daukazu Youtubek irenstera behartu zaituen iragarkian. Hor dago, goizero villavesari itxaroten diozun markesinan. Hor dago, Santiago Abascal Iruñeko Tres Reyes Hotelean. Iritsi da lau urtean behineko espektakulu bera, bozken gosez piztiak elkarri hozkaka, funtsean denak berdin jarrai dezan. Hor daude, zu ere ohartu zara, hemen dago alderdi instituzionalen aurrekanpaina politikoa. Telebistan, igandeko familia bazkarietan, okindegietan, sareetan, panel publizitarioetan, etxeetan, etxebizitza legeetan, hezkuntza legeetan, «Somos un equipo» paneletan, «Uxue presidenta», «Bidean Laura Aznal», zerrendak, zerrendaburuak, mitinak, hitz emateak, herri plataformak, kasualitatez berraktibatzen diren borroka prozesuak eta zure auzo/herri/hiriko tabernako barra ertzean zurrumurru bat. 

–Ez dakit ba… ez al duzu entzun? Ba omen daude zenbait gazte herrian zehar, ez omen dutenak bozkarik emango… eta tira, agian herriak behar duen aldaketa iritsiko litzateke… tontakeriak ahaztu eta bozkatuko balute… ez diot bakarrik haien errua denik eh, baina egia esan, ez gaude bozkak galtzeko eran. 

Akaso, lotsati erantzungo dio hitz egin baino lehen pentsatzen duen norbaitek herrian jardun politikoa aurrera eramateko konpromisoa eta denbora hartu duten gazteei zor zaien lehen gauza errespetua dela. Akaso, aukeran nahiago du bozkatze hutsa zalantzan jarri ez duen norbait, zeinak lau urtean behin bozkatzearekin asetzen duen bere baldintza material baldarrek mundua hobetzeko tarteka eragiten dioten grina. Baina denbora aurrera doa, eta, dirudienez, bozkak mundua aldatzeko ahalmena baino gehiago, seguruenik borondate onez bozkatuko dutenen nahien plazebo dira. 

Imajinatu denbora bat, beste zerbait imajinatzeko denbora izango zenukeen denbora bat. Politika instituzionalak hesitutako iruditeriatik harago doan paraje bat. Kultura jakin batek zehaztutako egingarriaren eta eginezinaren artean dauden pentsamendu eta asmo fluxuak kontrolatzen peaje bat, eta alboko tabernako barra ertzean zurrumurru bat. 

–Ez dakit ba… ez al duzu entzun? Ba omen daude baldintza material baldarretan bizi diren hamaika pertsona, gizartearen gehiengoa, antza, ez omen direnak kexatzen, ez omen direnak elkartzen eta antolatzen… eta tira, agian behar dugun mundua iritsiko litzateke… ez bagina konformatuko bozkekin, ze bozkek okertze bidean dagoen mundua erreproduzitzeko aldaera ñimiñoak bakarrik dakartzate, eta aldaketa errealetarako antolatzen hasiko bagina, eginezina egingarri bihurtzeko ahalmena garatuko bagenu… ez diot bakarrik haien errua denik eh, baina ez gaude denbora galtzeko eran. 

Egingarria eta eginezinaren arteko muga artifizialean, peaje bat sutan. Tupustean, inoiz irudikatutako parajeak hesiak apurtzeko prest gauden iruditerietan, paraje zahar bat erretzear eta gurea ez dela ohartu garen denbora bat, zeinak ohartzerako ihes egin nahi digun. Gonbidapen bat zuretzat, paraje berri baterako bidezidorretara. Pentsatu, denborak ihes egin baino lehen, eta, baietz erabakiz gero, etorri, batu eta borrokatu, gogoz hartuko zaitugu eta. 

Baina jakizu kanpaina politiko eternal bat dela gurea. Mundu berri baterako daukagun grinak ez baitu ulertzen lau urtean behin soilik agertu daitekeenik; etengabea da, etengabe egon behar dugu markesinetan, okindegietan, igandeko familia bazkarietan eta zure auzo/herri/hiriko tabernako barra ertzeko zurrumurruan.

EZ DAGO IRUZKINIK