(Itzulpena)
Testu honetan, gazteriari erradikaltasun edo/eta iraultzailetasunaren itxura edo ezaugarria emateak duen funtzio politikoari buruzko azalpen labur bat ematen saiatuko gara, batez ere termino ideologikoei dagokienez. Gazteen karakterizazio/karikatura horren izaera eta ondorio politikoak aztertuko ditugu. Asmoa ez da balio moral burgesetan sartzea, kontrara, zentzu politikoa eman eta diskurtso horiek duten potentzial emantzipatzailea ikertzea da, edukitzekotan behintzat.
Lehenik eta behin, erradikaltasunaren eta iraultzailetasunaren arteko bereizketa egin behar dugu, labur bada ere. Erradikaltasuna, langile mugimenduari dagokionez, bat-batean agertzen da koiuntura uneetan, haserre kolektibo edo indibidual bati erantzuna eman diezaioke, eta, oro har, zuzeneko ekintzetan gorpuzten da. Klaseen araberako gizarte banaketaren ondorioz sortzen den erantzuna da, zeinak, egiturazko pobrezia, miseria morala... sortzen dituen. Egia da bat-batekotasun hori kontzientzia hastapen baten sintoma izan daitekeela, baina ez da mistifikatu behar, etengabeko erresistentzian oinarritzen baita. Bat-batekotasun hori erradikala izan ohi da formaz, baina ez edukiz, eta hori da iraultzailetasunarekin duen desberdintasunetako bat. Iraultzailetasuna mugimendu gisa ulertu behar da, zeinetan, eferbeszentziazko une historiko batean, abangoardia politiko moduan antolatutako proletalgo iraultzaileak masa sozialekin bat egiten duen gizarte eraldaketaren alde. Egun –komunismoa nazioartean desartikulatuta dagoen honetan– iraultzailetasun hori mugimendu komunista berrartikulatzera bideratutako zerumuga politikoak determinatzen du, eta hortik letorke proletalgoaren antolakuntza zein independentzia ideologikoaren garrantzia. Horregatik, hemen kontua ez da balorazio subjektiboak egitea –sarritan ez baitute moral burgesarekin hausten–, baizik eta nola bideratu proletalgoak kapitalaren erasoen aurrean gauzatzen duen erresistentzia (askotan ofentsiba burgesak aurretiaz sortuta zuen egoerara itzultzera mugatzen dena), haren autoemantzipazioa lortzeko helburuz, komunismoaren programa unibertsalerantz, zeinak gizateriaren autoemantzipazioa ekarriko duen.
Historiaren motorra klase borroka dela eta klase borrokaren motorra gazteria dela ondorioztatu dute hainbat posizio sozialdemokratek (1). Sektore horientzat gazteria denez klase borrokaren motorea, gazte antolakunde baten helburu politikoak betetzeko ezinbesteko elementu gisa determinatzen dute gazte kontzientzia (2). Haien aburuz, kontzientzia horren garapenak elementu erradikalen eskutik joan behar du, gazteentzat diskurtso horiek gertukoak eta erakargarriak baitira, eta (3) hortik dator «gazte iraultza» bezalako kontzeptuak erabiltzeko beharra. Horri dagokionez, esan beharra daukagu ez direla gauza bera gazte kontzientzia helduekiko diferentziazioan eta haiekin botere harremanean edota klase kontzientzia iraultzailearen saretzea gazte proletarioen artean. Hori alde batera utzita, zergatik hitz egin gazte iraultzaz eta ez iraultza proletarioaz? Zergatik hainbeste interes gazte proletarioa, gazteen berehalako eta une bateko interesak soilik asetuko dituen subjektu politiko bereizia izateko?
Sozialdemokraziak iraultzailetasuna gazteriarekin lotzearen funtzio politikoa, indar-korrelazio demokrata-parlamentarioaren taktika da. Diskurtso hori bi interpretazio okerren ondorio da. Lehenengo interpretazio okerra iraultzailetasuna gazteriaren ezaugarri propiotzat hartuizana da. Hori analisi biologizista-determinista litzateke, zeinetan prozesu sozialetik kanpo uzten diren superestruktura eta klase borroka. Beraz, gazteriaren potentzialean iraultzarako hazia ikusiko bagenu –dituen ezaugarri fisiologiko eta biologikoengatik–, eta ezaugarri hori ematen badiogu per se, garapen linealaren analisi mekanizistan eroriko ginateke, eta horrek hazi horretatik bere ustezko ondorio logikora arteko garapen bat egongo dela pentsaraziko digu: iraultza sozialista. Ordea, ez da horrelakorik gertatzen. Hori egia balitz, herrialde gazteenak iraultzatik gertuago daudela suposatuko genuke. Bigarren interpretazio okerra da mekanikoki gazteriari erradikaltasun ezaugarriak lotzea eboluzionismo kultural gisa, sistema kapitalistan duten egoeraren ondorio gisa. Baina, kontrara, aparatu ideologiko burgesak transmititzen dituen balioak (komunikabideak, familia, hezkuntza…), tentelgarri, zuritzaile, otzan eta infantilak dira, besteren artean. Ekoizpen prozesuan gazte proletarioak duen egoera zehatzak berari ezaugarri iraultzaileak emango balizkio, kontzientziazio iraultzailea ez litzateke beharrezkoa izango. Hori horrela ez denez, gazte antolakunde sozialdemokratek euren gazte kondizioa nabarmentzen dute –eta behar izanez gero puztu– (4), sistema kapitalista barruan izate bereizi modura duten ikuspuntua ez galtzeko. Modu horretan, gazte ikuspuntua esentzia batera murrizten da, gazte proletarioaren positibaziora, gazte gisa autoidentifikatu behar dena (bere problematika zehatzari dagokionez) (5). Horren ondorioz, diskurtso oro gazte erredukzionismo politikoan zertzen da: gazte indarra, gazte danbada, gazte martxa, gazte eta aske, gazte borroka…(6)
Identitarismo politiko hori eta obrerismoa ez dira hain desberdinak, langile klasea kokatzen baitu subjektu politiko iraultzaile gisa, ekoizpen prozesuan eta kapitalistarekin duen zuzeneko harremaneko egoera zehatzagatik, hots, ezaugarri ekonomikoagatik. Hemen gertatzen den desitxuratzea zera da, zapaldutako subjektu oro, zapaldua izateagatik bakarrik, subjektu isolatu, partzializatu gisa subjektu iraultzailea dela sinestarazten dela.
Leninek zioen kontzientzia sozialista proletalgoaren klase borrokan kanpotik sartutako zerbait dela, eta ez berez sortu den zerbait (7). Hortik ondorioztatzen dugu, arestian aipatu modura, bat-bateko erradikaltasuna komunismora bidean aurrerapausoa izan dadin, kontzientziazioa bat-batekotasun horretatik kanpo ezarri behar dela. Horregatik, langileak ezin du bere egoera langile gisa gainditu; sozialista gisa bai, ordea. Era berean, gazte proletarioak ezin du bere lantokian –sindikatuan–, kasuan kasuko kapitalista indibidualarekiko kontzientzia iraultzailea lortu, ezta ikasle batek bere irakasle autoritarioarekiko ere, ez bere familia-eremutik helduaren figura autoritarioarekiko ere. Kontzientziazio hori problematika zehatzetik kanpo lortu behar du. Egun, badirudi iraultzailetasuna norbanakoak jasaten dituen zapalkuntzen baturak determinatzen duela.
Diskurtso identitarista klase borrokaren koordenatuen barruan ulertu behar dugu, baita sistema kapitalistan borroka horrek dituen barne-kontraesanen barruan ere. Programa politiko –sozialdemokrata– baten aterabide logikoa da, eta ez du helburutzat klaseen gaindipena. Horregatik, Otegik mugimendu sozialista azalekotzat jotzen duen bitartean, eta une historiko honetan mezu erradikalentzat lekurik ez dagoela ulertzen duenez (8), Ernaik, alderdi politikoak baztertzen dituen diskurtso erradikalekin, gazteen artean indarra irabazi behar duela ikusten dugu. Laburbilduz, oportunismo politiko elektoralista baten berezko kontraesanak dira. Konpongaitzak diren berezko kontraesan horien ondorioz bat-bateko mugimenduei atxiki eta deslotu beharra daukate, kalkulu politikoan duten komenentziaren arabera, boterean dagokien zatia indartzeko. Horren adibide gisa ikus ditzakegu azken hilabetean Donostiako gertakizunetan burgesia handiaren defentsan «guztion onuraren alde» jokatzeko eginiko deia eta proletalgoaren kriminalizazioa.
Kalkulu politikoa bat-batekotasun horren defentsaren alde agertzen denean, gazte proletarioari erradikaltasun kutsu bat ematen diote, eta modu horretan, gazte proletario hori idealizatu eta burgesia txikiaren markoan kokatzen dute, hau da, klase kolaborazionismoan txertatzen dute, eta horrenbestez, prozesu sozialistari blokeo politiko bat eragiten diote, sozialdemokraziak ez baitio ideologizazio iraultzaileari lekurik uzten. Hori dela eta, langile mugimenduaren koiunturara mugatzen dute erradikaltasun hori, eta helburu parlamentarista du. Horrela, soldatapeko esplotazioa zein burgesiaren dominazio politikoa legitimatu eta sendotzen dituzte.
Bukatzeko, egia da gazte langileriak kapitala bere alderdi guztietan borrokatuko duen osotasunaren parte izan behar duela, harreman sozial gisa. Baina ez bereizitako subjektu politiko modura, baizik eta klase gisa bere gaindipenaren alde altxatuko duen prozesu sozialistaren parte modura. Ideologizazioaren bitartez, proletalgoa klase modura ikusi behar da, ez identifikazio pertsonal bat gisa, baizik bere buruarekin akabatzeko objektiboki altxatu behar den klase sozial bakar baten kontzientzia modura. Horrenbestez, identifikaziorako bulkada kontzientzia iraultzaileaz ordezkatu behar da. Beste modu batera esanda, langile klasea –klase objektiboa sistema kapitalista barruan– ideologia sozialistaz hornitu behar da –baldintza subjektiboa– bere egoerarekin amaitu ahal izateko, eta horrela, baita sistema klasistarekin ere. Hori guztia esanda, gazte antolakunde sozialista baten jarduera ezin da, bere subjektibitatea azpimarratuz, gazte problematikaren positibizazio bat egitea izan, edo hobeto esanda, euren jardunbidea soilik gazte problematikari dagozkien arazoak konpontzera murriztu kapitalaren diktadurak gobernatzen duen sistemaren gaindipena alde batera utzita.
Klase borroka izanik, klase borroka politikoa, prozesu historikoan lehentasuna duena, soilik helburu politiko eta kontzientzia iraultzailearen sinbiosiak eta proletalgoaren betebehar historikoak antolakuntzaren osotasun baten testuinguruan –Alderdi Komunista– bat egiten dutenean izango da posible klase gaindipena lortzeko borroka-ofentsibari ekitea. Lerro horien barnean besterik ez luke lekurik proletalgoaren iraultzak, eta hortik dator gazteria proletarioaren antolakuntza komunistaren beharra.
(1) https://ernai.eus/wp-content/uploads/2018/05/FORMAKUNTZA_4-1.pdf 8. orrialdea
(2) https://ernai.eus/wp-content/uploads/2018/05/FORMAKUNTZA_4-1.pdf 23. orrialdea
(3) https://ernai.eus/wp-content/uploads/2018/05/FORMAKUNTZA_4-1.pdf 23. orrialdea
(4) https://ernai.eus/wp-content/uploads/2018/05/FORMAKUNTZA_4-1.pdf 24. orrialdea
(5) https://ernai.eus/wp-content/uploads/2018/05/FORMAKUNTZA_4-1.pdf 24. orrialdea
(6) https://ernai.eus/wp-content/uploads/2018/05/FORMAKUNTZA_4-1.pdf 24. orrialdea
(7) https://www.marxists.org/espanol/lenin/obras/1900s/quehacer/que_hacer.pdf 62. orrialdea