«Garai ilunetan, / egongo ote da kantarik? / Egongo da kantarik. / Garai ilunez». Galdera eta erantzuna ematen ditu Bertolt Brechtek Svendborger Gedichte (Svendborgeko poemak, 1939) liburuan, hainbat kanta biltzen dituen atalaren hasieran. Garai ilunetan idatzitako kantak dira Brechtenak, Alemanian botere politikoa eskuratu zuten naziengandik ihes eginda erbestean zegoela idatzitakoak. Langile mugimenduaren ereserki bilakatu ziren abesti horietako batzuk, eta bestelako garai ilunak izan arren gure garaietan ere badute zentzurik askok, nahiz eta borrokatu beharreko zentzua izan.
Brechtek idatzitako «garai ilunetako kanten» artean dago ezaguna zaigun beste poema bat: «Denak ala inor ez, dena ala ezer ez / bakarka ezin da / fusilak ala kateak / denak ala inor ez, dena ala ezer ez» errepika daramana. 1969ko EP batean jaso zuen Mikel Laboak, Euskal Kantagintza Berriaren garai betean, Brechten beste hiru poema musikaturekin batera. Antza denez, 1975ean utzi zion Laboak Denak ala inor ez kantatzeari.
Etorkizunik nekez imajina dakiekeen aldiak dira garai ilunak: porrotarenak, etsipenarenak. Baina baita amorruarenak eta inpotentziarenak ere. 1980ko hamarkadan, proletarizazioak eta planteamendu iraultzaileen integrazioak ekarritako etsipenari –etorkizun ezari, funtsean– orainaldiaren onarpen suntsitzailearekin erantzuten zion Eskorbutok, adibidez: «Lana dutenek langabeak ahazten dituzte / Libre daudenek, presoak / ez dago lagunik, ez etsairik / borroka ergela / denok denon aurka» (Anti-todo, 1986). Aldi berean, inpotentzia hori bideratzen saiatu zen Ezker Abertzalea, Euskal Herriko eszenaren bueltan biltzen ziren gazteak, politikarekiko mesfidantza izan zezaketenak, bere proiektu politikora batzeko –Martxa eta Borroka dinamika, Euskadi alaitsu eta borrokan kementsu, Egin Rock lehiaketak eta gisakoak–.
Etorkizun ezak forma ugari hartzen ditu esparru artistikoan ere. Artisten gehiengoak egun konpromiso politikotzat duena gutxitan doa gauzen egoera gainditzeko gai ez den kritika moraletik harago. Zabalduta dago arte politikoarekiko eta propagandarekiko mesfidantza, baina politikarekiko mesfidantza du horrek oinarrian: propagandak artea zikintzen duela esaten dutenek, sarri, politika iraultzailea bera dute jopuntuan.
Porrotaren eta etsipenaren garaietan ere egongo da Denak ala inor ez abestiari esanahirik aitortuko dionik, zentzua ematen dion asmoa eta proiektu politikoa bera, komunismoa, erabat hustu eta historiaren zabortegira bidaltzen duen bitartean. Gainera, abestiaren izaera politikoa ukatuko dute, zentzu etiko betea horrexek ematen dionean: «Gose zaudena; nork asetuko? / ogia nahi duenari, / gose daudenek, ogia emango / bidean dute lagunduko». Polita da «denak ala inor ez» esatea, abestea, baina esaten denaren inplikazio etikoak eta politikoak aztertu eta horiekiko koherentzian jokatu ezean ezer gutxirako balio du. Izan ere, kanta horietan gutxitan aipatzen du Brechtek «iraultza» hitza, baina horri buruz ari da beti, iraultzaren beharrezkotasunaz, proletalgoaren autoantolaketa sozialistaz.
Nondik pentsatzen dugu gure jardun artistikoa? Zein da betetzen duen funtzioa? Zaila bezain ezinbestekoa da garai ilun hauetan posizio komunistatik pentsatzea eta ekitea, bizitzako gainerako esparruetan bezala artean ere: norberaren interesetatik harago planteatzea egiten duguna eta hori modurik egokienean egiteko antolatzea, estrategia sozialistari ekarpena egin eta kultura komunista hedatzea. Horretantxe ari gara, pixkanaka: Mugimendu Sozialistaren garapenak zabaldutako abagunean artea egiteko bideak aztertzen eta, ezinbestean, Mugimendu Sozialistaren garapenerako lanean.