AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren berri izan dugu egunotan, maiatzaren 30ean onartua izan zena Espainiako ministro-kontseiluan. Gizartearen masa zabal batek ilusioz hartu du errenta honen agerpena, begiratu batean ona izan litekeena, baina errealitatean, askatzailetik gutxi erakutsi duena. Gazteongan antzeko egoerarik eman den ikertu nahian, hau da, askatasun itxuran saldutako kondenak bilatu nahian, hezkuntzaren aurrekontuen auziarekin egin dut topo.

2008. urtean gordindutako krisiaren faseak, BPGa 2009. urtean Espainiar Estatuan -3,6raino eror zedin eragin zuen. 2009. urtetik 2012. urtera arteko aurrekontuen, diru laguntzen zein soldaten murrizketak nabarmen ugaritu ziren, herstura-politika (gazteleraz politica de austeridad delakoa) bezala ezagutu genituen erreformek egunkarietako azalak betetzen zituzten eta albistegiak irekitzen, horien artean ikusi ahal izan genuen funtzionario publikoen soldaten jaitsiera, irakasleenak barne. Irakasleen soldatekin batera, hezkuntzan egindako inbertsioek ere behera egin izana espero genezakeen, baina ez zen horrela izan. EAEn, 2008tik 2009ra, 1.000 miloi euro gehiago zituen hezkuntzako aurrekontuak eta 2009tik 2010era, 27 miloi. Hori ere ilusioz har zitekeen, begiratu batean, baina askatzailetik gutxi erakutsi du horrek ere.

2008tik 2010era aurrekontuek izandako garapen horiek ez ziren modu homogeneo batean banatu hezkuntzaren alor ezberdinetan, izan ere, azpiegituran eta helduentzako hezkuntzan murrizketak egon ziren, % 38 eta % 45eko jaitsierak hurrenez hurren, euskalduntzean eta irakaskuntzaren formaziora bideratutako dirua ere gutxitu zen. Aldiz, lehen eta bigarren hezkuntzan, lanbide heziketan, unibertsitatean eta ikerketan diru gehiago inbertitu zen, eta, gainera, % 23 hazi zen alor zehatz bateko aurrekontua: hezkuntza promozioarena hain zuzen, deigarria egiten zaidana. Inbertsio horiek gazteriarengan izandako ondorioetako bat da urte horietan eskola-abandonu ehunekoa nabarmen jaitsi zela eta errendimendu altuagoko ikasketak burutzen zituen gazteen ehunekoa, aurrekoaren ildo beretik, igo egin zela.

Datu pila horrek badu bere zentzua eta honakoa da: gobernuak bi modu erraz zituen langabezia-tasen estatistikak jaisteko krisi garai hartan: bata, lanpostuak sortzea, ebidentea eta irreala, eta, bestea, langileria-aktiboaren ehunekoa murriztea. Bi modutara egin zezakeen azken hori, jubilazioa aurreratuz –pentsioak ordaintzeko prestutasun handia ikusten ez dudan arren–, edo gazteon lan-mundurako sarrera atzeratuz. Lan-mundurako sarrera hori, ukatua izan zitekeen esplizituki eta konfrontazioa eragin, edo ongizate estatuaren zutabeetako bat sustatu ahal zen, erdi mailako klasea baketuz eta gazteria langilearen gaineko kontrola areagotuz. Azken hau izan zen aurrera eraman zen plantemendua.

Gazte belaunaldiengan interbentzio kultural handia egon zen urte horietan, eta institututik lan mundura igarotzeko iruditeria ezabatzen hasi zen erabat, eta institutuari osagarria zitzaion heziketa batera bultzatu zuten gazteria langilea. 2009. urtea izan zen lehen aldiz bi hamarkadetan batxilergoko matrikulazioaren beheranzko joera eten zela, eta unibertsitate eta lanbide heziketan % 10 ugaritu ziren matrikulazioak. Urte horietan Bolonia plana martxan jarri zen. Planaren ezaugarrietako bat zen, hiru urteko diplomaturak lau urtetara luzatu zirela eta lehenago bost urte irauten zuten lizentziaturek orain lau urte irauten dutela, gerora, gehienetan master baten bidez osatu behar dira, urte bakarrekoak edo bikoak izan ohi direnak. Horrek, 2, 4 edo kasu askotan 6 urte atzeratu du gazteriaren lan mundurako sarrera. EHUn solik 40.000 ikasle inguru daude, EAEn langabezian kontabilizatzen diren langileen erdia litzateke hori, baldin eta langileria aktibo gisa kontsideratuta baleude. Hortaz, urte horietako gazteon langabezia-tasaren hazkundeari gehitu beharko genioke interbentzio burgesik egon ezean ikasketa horiek egingo ez lituzkeen gazteria.

Hezkuntzan egindako inbertsio estrategikoak, Bolonia planak eta krisiaren testuinguruak, lan-mundurako sarrera atzeratzeaz gain, ikasketa-plan trinkoagoak inposatu zituen. Praktika eta lan osagarriek eskolaz kanpoko orduak ikasketetara bideratzea eragin zuen, etxean egin beharreko lan osagarrien bidez edo diziplina anitzeko formakuntza sustatuz (musika, kirola, hizkuntzak…), adibidez. Horrek ere, lana eta ikasketak uztargarriak izan ez zitezen eragin zuen, ezin zen soldata minimoa jasotzeko gutxieneko lan ordurik eduki eta gazteongan ohikoa den pobrezia areagotu zen, % 7, alegia. Errendimendu altuko ikasketekin, gainera, familia nuklearrarekiko dependentzia handiko bizimoduak ekoiztu ziren independizatzeko adina atzeratu baitzen, gehien bat ezintasun ekonomikoak zirela medio.

Horretaz gain, hezkuntzaren bidezko prozesu disziplinarioaren eragin-tartea luzatu zen, eta gazteriaren masa handiago batengan eragiteko gaitasuna lortu zuen burgesiak; batetik bere instituzioei zilegitasuna eman zitzaielako eta, bestetik, beren edukia erreproduzitzeko eta izaera sustatzeko indibiduoengan zuen esku-hartzea handiagoa zelako. Horrela gazteria sumisoago bat hezten joan da, nabari infantilizatzen. Horrela, gazteriak barne hartzen duen adin tartea gutxinaka handituz doa, trantsizio fase horretara kondenatzen da, subjektu debaluatu gisa betikotzen da baliabide ekonomikoak eta materialak ukatzen baitzaizkio urte luzeagoz, eta, horrela, burgesiak proletalgoarekiko dituen botere-kuotak handituz doaz.

Aipatutako fenomeno hori izan da tarteko Z belaunaldian kulturalki interbenitzea posibilitatu duen maniobretako bat, millennial belaunaldia, niniak, atzean utzi eta gazteria eredu berri bat ekoitzi duena. Horregatik, tentuz ibili beharra dugu, burgesiaren politikek ez dutelako proletalgoa salbatuko, ez dagoelako horien partetik azpijokoa ez den beste ezer. Begiratu batean mesede egin ahal zigun horrek kondena gaitzakeelako, kasu batzuetan esplizituki helburu horrekin egin delako edo beste kasu batzuetan sozialdemokraziaren ezintasunagatik.




1. Eusko Jaurlaritza, 2012. La Educación en Euskadi. Informe 2008-2010.

2. Gazteen Euskal Behatokia, Eusko Jaurlaritza, 2019. Gazteen Adierazleak, Euskadiko Gazteen Panoramika.