Ramses II.aren garaiko (Inperio Berriko XIX. dinastia) esklabo batek, Germaniako Erromatar Inperio Santuko jopu batek eta proletario batek topo egin zuten zeruan eta, hizkuntzaren oztopoak oztopo, hantxe paratu ziren, kontu-kontari.
Hasierako galderak errutinarioak izan ziren. Esklaboa ur zikina edateagatik hil zen, proletarioa, berriz, bihotzekoak jota, 53 urterekin. Jopuak aurpegi tristearekin kontatu zien zein izan zen bere patua:
—A zer izurritea hura! Ez nuen uste halako goserik izan zitekeenik ere. Ikaragarria zen… Ikusten ziren niniak, hezur eta azal besterik ez; aste berean, jaio eta hil. Eta urteak joan, urteak etorri, uzta bakoitza aurrekoa baino eskasagoa…
Hunkituta, ahotsak dar-dar egiten zion, halako desesperazioa pasatzeak hil eta gero ere ezabatu ezin den marka uzten baitu pertsonarengan.
—Zuek ezagutu al duzue horrelakorik?
Proletarioak, zeina, kasualitatez, entomologiako afizionatua zen, ez zuen bere burua gai ikusi gizajoari nekazaritzan eta osasungintzan egondako aurrerapenak azaltzeko.
Izan ere, txoke kulturala nabarmena zen. Proletarioaren begiak asko handitu ziren esklaboak haurra zela harrapatu eta saldu zuteneko istorioa kontatu zuenean; jopuak, berriz, ez zirudien hain eskandalizatua. Baina jopuak eta esklaboak biziaz gain burua ere galdu balu bezala begiratu zioten proletarioari bere mundualdian gauez lan egitea normala zela azaltzen saiatu zenean.
Jopuak:
—Bazegoen oso neska polit bat nire herrian, gajoa. Ezkontzera zihoan. Orduan etorri zen zigorra. Badakizue, ius primae noctis. Jaunak nahi zuena egin zuen berarekin. Eta bere senargaia, hortxe, ezin ezer eginik.
Ez zen hori izan gure lagunen solasaldian aipatu zen gauzarik harrigarriena. Izan ziren, baita ere, itsaso zabalenak hegan zeharkatzeko gai ziren tramankuluen, lehen berrogeita hamarrek egiten zuten lana ordezkatzen zuten makinen eta beste mila gauza zoragarriri buruzko kontuak. Hasieran, jopuak eta esklaboak pentsatu zuten, proletarioak kontatzen zituen gauza txundigarriengatik, bere garaian denak esne-mamitan biziko zirela. Jakinarazi zienean gauzak benetan nolakoak ziren, gehiengoarentzat zein tristea eta miserablea zen existentzia, jopua eta esklaboa oso serio jarri ziren, eta esan zuten sekula ez zutela ezagutu halako krudelkeriarik.
Hizketan eta hizketan, hiru lagunak adostasun batzuetara iritsi ziren. Oso ezberdinak izan ziren haien bizitzak, hori argi zegoen. Hirurak ziren, beren burua mantentzeaz gain, beren gainetik beste batzuk mantenduz lana egiteko zorte txarra eduki duten horietakoak. Egia da proletarioari asko kostatu zitzaiola esklaboa konbentzitzea Ramses II.a ez zela de facto Jainko bat eta, beraz, ez ziola ezertxo ere zor. Jopuari, bere aldetik, eskandalosoa iruditzen zitzaion Jainkoa eta erregea nahastea, eta beste bi lagunen erreguek bakarrik frenatu zuten, kostata, Edigio Romanoren De Ecclesiastica Potestateren inguruko ordu eta erdiko disertazioa (arriskua benetan handia izan zen). Lortu zuten, hala ere, ondorio batera iristea.
—Jabetza bakarrik geratzen da —esaten zion esklaboak proletarioari.
—Behin jabetza konkistatuta…
Jopuaren begiak dir-dir alai bat zeukaten orain. Kontatzeko luzeegia den eztabaidaren momentu batean, hain zuzen, proletarioak entomologia zer den azaltzen bukatu zuen, eta orokorrean, nola funtzionatzen zuen nekazaritza modernoak. Jopua ezin sinetsirik zegoen munduak orain eskaintzen zituen aukerekin:
—Lagunak, ja ez daukate aitzakiarik!
Zaila bazen ere beste bien emozioek ez kutsatzea, proletarioa gauzak ziren bezala, era zuhurrean, azaltzen saiatu zen:
—Ez da hain agerikoa. Mila bide faltsu daude. Jendeak bere burua eta bere ingurukoak gorroto ditu, edo hala egingo balu bezala jarduten du behintzat. Eta etsaia oso boteretsua da…
Baina, ordurako, menderaezina zen jopuaren eta esklaboaren optimismoa:
—Bueno. Esaten duzunagatik, gero eta nabarmenagoa izango da.
Eta horrela segitu zuten denbora luzez, soldataren inguruko borroken mugak, hazkunde proportzionala eta kapitalismoaren kontraesanen garapena bezalako auzi interesgarriei buruz solasean.
Aurkitu berri zuten burkidetasuna ospatzen ari zirela, bat-batean, laugarren figura bat agertu zen zeruan. Irribarrez, kontu-kontari zeuden hiru lagunengana jiratu zuen gorputza. Esklaboa, jopua eta proletarioa harengana hurbildu ziren ilusioz; ea laugarren lagun honek zer zuen kontatzeko.
P. D. Komunismo primitiboa lo geratu zen egun horretan, baina entzun dut aurrekoan afari bat egin zutela denek elkarrekin.