Badago erdian dagoela dioenik, erdian kokatzen denik, eta erdian dagoenak ez du uzten ohi gertatzen ari dena ikusten.
Dabilen edonork badaki gertatzen ari dena ez dela bart gaueko kontua. Gertatzen ari dena komuniston kontrako ofentsiba gero eta indartsuagoa da, Mugimendu Sozialista sortu zenetik bertatik Sortuk eta EH Bilduk kontzienteki abiatua eta gidatua eta intentsitatez igotzen joan dena, korrelatiboki, komunismoaren presentzia panorama politikoan handitzen joan ahala. Donostian gertatutakoak dira azkenak eta garrantzi mediatiko handiena hartu dutenak, baina, dabilen edonork badaki, horren aurretikoak direla hainbat herritako txosnetan talde sozialistak betatzea arrazoi ideologikoengatik, maila lokalagoa edo zabalagoa izan duten difamazio-kanpaina gogorrak egin direla militante komunisten kontra, komunista izate hutsagatik, edota hor egon direla propaganda sozialistari egindako eraso sistematikoak, irainak, mehatxuak eta bazterketa-saiakerak ere. Dabilen edonork badaki.
Gertatzen ari dena, zehazki, politika komunistaren existentzia bera galarazi nahi duen estrategia da. Hots, politika komunista akabatu egin nahi da, eta kosta ahala kosta egin nahi da. Horrek, batzuek aho-berokeria lotsagabez esandakoen kontrara, ez dauka ezer biktimismotik edo protagonismo-nahitik. Historiaren konstatazio bat da: estatuaren mugetan hesitzen den sozialdemokraziari jasangaitza zaio komunismoa, haren existentziak berak espresio politiko integratu ororen izaera burgesa azaleratzen duelako, eta horregatik oldartu izan da historian hainbatetan komunismoaren kontra. Joera hori komunismoaren eta sozialdemokraziaren artekoa izan da, politika orokor gisa, baina, hemengo eta gaurko testuinguruan, talde-izen eta joera konkretuak hartu ditu.
Eta inguru horretan guztian, hor daude: erdian daudela diotenak. Beraiek eta beren sumindura, historiaren halabeharraz, jainkoek egotzitako patu injustuaz kexatzen direnenaren antzekoa. Eta kaletik doan bati besotik eutsi eta desesperatuki galdetzen diote: honek, honek guztiak, horrela izan behar al zuen derrigor?
Erdian dagoenarentzat ulertezin samarra baita gertatzen ari dena, haren begietara gatazka politikoan sartuta dauden aldeak ez dira elkarregandik hain desberdinak, ez, bederen, Liverpooleko eta Evertoneko fultbolzaleak –adibide erabili bat aipatzearren– baino desberdinago. Erdian dagoenak beti daki partehartzaileek baino pixka bat gehiago, erdian ez ezik besteak baino goraxeago ere kokatu nahiko luke, eta, handik, bota: bateragarriak dira zuen proposamenak, etsaiz nahastu zarete. Hark dio ez dela lerratzen, «bi aldeak» ulertzen dituela eta «batasuna» behar dugula, ezkerra beti zatituta dagoelako eta benetako etsaia barrez eta ez-dakit-zer-gehiago. Baina haren sumindura eta kritika morala alde bakarrera doa beti –berriaren aldera–, eta gatazka dagoen uneetan bera alde batera –zaharrera, beti– hurbiltzen da. Izan ere, erdian dagoena ez da ohartzen, berak predikatzen duen «batasunak», berarentzat zerutik eroritako hitz neutro eta ukiezina den horrek, eduki politiko oso zehatza duela, izan: Ezker Abertzalearen paradigma jada zaharrarena.
Eta negar egiten du, negarra da erdian dagoenaren adierazpiderik behiena, bere tristura sakona adierazten du guztien entzuteko moduan, zerarik garrantzitsuena horixe bailitzan, esanez bezala: zergatik ezin du guztiak lehen bezalakoa izan? Erdian dagoenaren tristura beti baitago badoan mundu bati lotua. Harentzat, bazen orain arte inguru harmoniatsu bat aniztasun baketsu bat bermatzen zuena, eta dena zen eroso eta on, harik eta komunista malapartatuak agertu eta bazterrak nahasten hasi ziren arte. Izan ere, erdikoa ez dago kritikotasunaren kontra, jakina, baina nagia ematen dio komunista hauek kritika politikorako duten temak. Berdin dio zergatik kexatzen den, «herri-mugimenduaren garai onen» oroiminez izango da edo txosnagune bakarrean, «denok batera», parranda lasai egin nahi duelako, baina beti izango du malenkonia bat, zaharrean gelditu nahi bat. Ezezkoan tematuko da, baina berak ere hasieratik barneratu ditu gutaz esan dituztenak eta hortik pentsatzen du: «komunismoa berez ondo dago», esaten topatzen du bere burua, «baina komunista hauek, ez dakit ba nik», edo «ni beto ideologikoen kontra nago, baina hauen kasuan, zer espero zuten, ba!». Eta, hara, sorpresa: erdian dagoela dioena ez dago hain erdian ere. Berak ere izaten du susmo hori tarteka.
Badago, gertatzen ari
den guztian, erdian dagoela dioenik, baina errealitateak, haiekin edo haiek
gabe, aurrera egiten du temati, eta ardurarik ez hartzea ez da sekula aukera
bat. Erdikoen hautua erosotasunarena da, koldarkeriarena, lezio errazarena;
finean, betiko horretan gelditu nahiarena. Errealitatea ez da, ordea, inoiz guk
nahi dugun bezalakoa. Jakin beharko lukete honezkero: egiten duzunak eta, are,
egiten ez duzunak ere eragin bat daukala eta borondate ona borondate hutsal
dela, ez bada borondate kontsekuente, praktikarako borondate.