AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Joan den otsail hasieran jaio zen EKIDA kultur ekimen sozialista. Aurkezpen bideo eta testu banarekin bere asmoen berri eman zuen sareetan, eta ordutik hainbat txokotan egin dira jendaurreko aurkezpenak. Izen bereko webgune bat ireki da, ekimenaren asmoak betetzen joateko baliabide gisa: kulturaren eta artearen esparruak ikuspuntu sozialista batetik politizatzea eta arte sozialistaren garapenerako baldintzak sortzea. Hilabete honetan bertan jarriko da webgunea osorik martxan.

Jakina, egitasmo berri honen sorrera Euskal Herriko Mugimendu Sozialista gaztearen garapen politikoaren baitan baino ezin da ulertu, garatzen ari den antolakuntza komunistaren berraktibazioaren baitan lanerako esparru berriak irekitzen baititu finean, oinarri estrategiko eta kontzeptual bateratuekin. Horregatik aldarrikatzen du EKIDAren aurkezpen-oharrak kultur esparruan ere langileok independenteki jokatzeko beharra: masa-kultura despolitizatzaileak gure bizitzaren ia zirrikitu guztiak hartzen dituen garaiotan, beharrezkoa da, esaterako, funtzio politikoak beteko dituen kalitatezko arte-ekoizpen propio bat garatzea. Horra arte sozialistaren kontzeptua; «eman digutenetik harago» pentsatuta «hitzera, doinura, irudira» ekartzea ahalbidetuko duen arte bat, aurkezpen-bideoko poemak zioen bezala.

Sozialismoaren proiektu historikoari heldu dion proposamen orok izan du lotura kulturaren eta artearen esparruekin. Are, hari gorri bat marraztu daiteke artearen historia modernoaren gainean, proletalgo iraultzailearen posizioa hartu duten artistekin eta arte-praktikekin: langile-borroken finkatzen garaian –Lehenengo Internazionalarekin eta Parisko Komunarekin– has liteke hari hori, iragan mendeko lehen hamarkadetako Errusia eta Alemania zeharkatzen ditu, mendearen bigarren erdialdeko Ameriketatik eta Euskal Herritik pasa eta gaur eguneraino iristen da. Hari hori arte sozialistaren proiektuarena da, proposamen guztiz desberdinez, kritikaz eta eztabaidaz osatua, baina abiapuntu komun gisa daukana proletalgoaren interesei eta nazioarteko mugimendu sozialistari ekarpena egingo dion arte baten garapena.

Hain justu, sozialismoarekin lerratu ziren artistez harago, esango nuke ezin dela artearen modernizazioa ulertu klase-borrokatik bereizita. XIX. mende amaieran hasi eta XX. mendearen hastapenetan garatu ziren abangoardia artistikoek egindako proposamen estetiko guztiek –artearen zimenduak erro-errotik zalantzan jarri zituzten horiek, forma erabat berriak ekarri zituztenek– beren baitan zeramaten gizartearekiko proposamen bat, proiektu historiko osoen baitan ulertu zituzten beren proiektu artistikoak. Garai hura klase borrokaren puntu goren batera iritsi zen, non proletalgo iraultzaileak errealki gorpuzten baitzuen mundu kapitalistaren dekadentziari kontrajarriko zitzaion alternatiba historiko bakarra. Kontsigna famatu hura, beraz, sozialismoa ala basakeriarena, XX. mende hasierako klase-borrokaren egoeraren egiazko sintesia zen, basakeriaren forma antolatua faxismoa zen heinean. Horregatik, ez da harritzekoa berrikuntzak zekartzaten artisten gehiengoa ere bi proiektu historiko horien artean polarizatu izana: hainbat izan ziren faxismoarekin lerratu zirenak, baina asko eta asko komunismoaren proiektuarentzat hasi ziren lanean. Kasu horretan, ordea, ez genituzke esparru artistikoa eta politikoa banatu behar. Artistak ez ziren berrikuntzak ekartzen aritu alde batetik eta, gero, bestetik, politika erradikalekin lerratu, nire ustez kontzientzia historiko horrek berak ahalbidetu zituen, hain justu, proposamen artistiko berriak, eztabaida interesgarriak eta artearen funtzioari buruzko hausnarketak.

Modernizazio artistikoak, nik uste, modernizazio politikoa eta kulturala dituela aurrebaldintza gisa. Indar politikoek zabaldu egiten dituzte ortzimuga historikoak, emana zaigun errealitatea mugiarazten dute, eta horrek eragin nabarmena du artisten jardunean, gizartearen parte aktibo diren heinean. Horregatik zioen Walter Benjaminek bere garaiko «tekniko onenek» proletalgoarekiko elkartasuna garatuko zutela lehenago edo beranduago, horregatik batu izan dira hainbat eta hainbat artista proletalgoaren –eta harekin, gizateria osoaren– askapen-prozesura. Horregatik, hamarkadatan zehar, kulturaren eta artearen esparruen zati handi batek lotura zuzena izan du mugimendu politiko emantzipatzaileekin.

Gaur egun bistakoa da ez dela horrela, kulturzale edo artista izateak ez darama berarekin halako eduki politikorik. Are, justu kontrara da batzuetan: auzi politiko eta sozialetatik bereizitako arlo gisa saltzen zaizkigu kulturarena eta artearena, eta sarritan aldarrikatu egiten da artistak gizartetik aparte sortzeko duen eskubidea, bere interes propioen arabera jokatzekoa. Kritika soziala topa dezakegu hainbat artelanetan, baina oro har ez dute betetzen alternatibo izatetik haragoko asmorik, urriak baitira posizio politiko sendoak eta antolakuntzaren beharra aldarrikatzen dutenak. Hala, arte esparruan ohikoak bihurtu dira proposamen nostalgikoak eta errepikapenak –irudimenaren eta ortzimuga historikoaren uzkurtze baten espresio gisa, segur aski– eta mezu iraultzaileak ere gutxituz joan dira. Hau guztia, hala ere, egoera politiko orokorraren ondorio da, artiston ardura bezainbeste.

EKIDAk bestelako arte baten garapena akuilatu nahi luke. Nire ustez, Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak, bere gaztetasunean eta txikitasunean, lan kultural nabarmena egin du gaur arte. Proposamen iraultzaile oro itzalita ageri zitzaigunean, gai izan da gazte batzuen ezinegona politika sozialistaren baitan artikulatzeko eta kultura politiko bat pixkanaka finkatzeko: diziplinaz eta determinazioz heldu diona gure klasearen proiektu historikoari, iraultza-grina berreskuratu duena eta azken bururaino eramateko baldintzak bermatzeko bideari ekin diona.

Hain justu, kultura politiko horrekin batera doan arte bat sustatzea dagokigu: kultura horren espresio izango dena eta, era berean, hura sustatzeko balioko duena. Ondo zioen Bertolt Brechtek «arte sozialista» garatzeko gure irizpideak ez lukeela izan beharko egindako lanen eta estiloen antzekoa ote den ala ez, baizik eta sozialista den ala ez. Horregatik darabilgu «arte sozialista» kontzeptu zabal gisa, arte-diziplina eta generoetatik harago doana. Funtzio politikoak beteko dituen arte batez ari gara: geure errealitateaz hitz egingo duena geure ahoetatik, baina ez duena errealitate hori betikotuko, hura gainditzeko beharra azaleratzen saiatuko dena beti. Gauzak beste era batera erakusten saiatuko den arte bat, gizarte kapitalistak ezarritako esanahiak kritikatu eta hura eraldatzeko beharrezkoak direnak erabiliko dituena. Etikarekin ezinbestean lotuta dauden estetikak garatuko dituena, mezuak ahalbait modu egokienean iristeko formez hausnartuko duena, hegemonikoak diren arte-formen kritikaren bitartez.

Arte sozialistaren garapenerako espazio bat izan nahi luke EKIDAk. Garapen hori ahalbidetzeko, baina, baldintzak sortu behar dira eta baliabideak behar dira, izan sozializazio-baliabideak, baliabide teknikoak edo teorikoak, eta hori antolakuntzaz baina ez da bermatuko. Horretara dator ekimena.