AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Mundu honetara sufritzeko jaioak omen gara, edo hori diote behintzat ezin konta ahala esamolde eta esaera zaharrek; Evak sagarrari hozkada emateko ideia malapartatua izan zuen unetik, paradisutik kanporatuak, minez erdituko ginenak, izerdiz eta lanez baino ez genuenak eguneroko ogia eskuratuko. Eta ez dut nik kosmogonia kristaurik defendituko, baina aurreikuspenetan asmatu zutenik behintzat, ezin ukatu: horretarako jaioak izan ala ez, majo sufritzen du gizakiak.

Kosta egiten da bizitzea. Sufrimendua dakar gaixotasunak eta heriotzak, lo eza eta estresa lanak edo lan faltak, ezinegona etorkizun ezegonkorrak, eta gauetako hotza hezurretaraino sartzen da lotarako etxerik ezean. Zerrenda nahi beste luza daiteke, miseriak ez baitira erraz zenbatzen. Jakin nahiko nuke, ordea, zerrenda luze horretan zenbat diren ezinbesteko minak, eta zenbat ekidin daitezkeenak. 

Ziurrenik, ez lurrean ez beste inon ezin izango da paradisurik eraiki, eta bizitzeak, gehiago edo gutxiago, beti emango du min. Baina, jakintzak eta teknologiak aurrera egin ahala, gero eta txikiagoa da ezinbesteko mina, eta gero eta handiagoa ekidin daitekeena. Adibiderik sinpleenean: mila gaixotasun, sekulako oinazea eragin zezaketenak nik zer dakit ze mendetan, gaur egun ulertu eta sendatu daitezke, are aurreikusi eta ekidin, eta gutxienean, sortzen duten oinazea baretu. 

Horrek ez du bizi garen munduarekin zerikusirik ordea. Honezkero ondo dakigu teknologiaren garapena ez dela giza jendearen bizimodua erraztu eta leuntzeko izan, kapitalaren etekinak etengabe handitzeko baizik. Mantra baten antzera errepikatzen den «XXI. mende betean» –mendez aldatzeak zuzenean gizatasunaren ez dakit zein balio gorenetara eramango bagintu bezala–, non ondo bizitzeko tresnak egon badauden, tonaka banatzen da miseria kale kantoi guztietan. Mila biolentzia formatan oinarritutako gizarte antolamenduak sufrimendua sortu besterik ez du egiten. 

Guztiok ditugu bina begi eta belarri, eta badugu miseria horien guztien berri. Bere azalean bizi izan ez dituenak, auzoan ikusi ditu. Bihotz txiki bat ere badugu, eta sentitzen ditugu pena, errukia, inpotentzia, amorrua. Nik ez diot hori gaizki dagoenik. Baina horretan geratzeak badu arrisku oso handi bat: sufrimendu eta sufritzen duen oro maila berean jartzea –«guztiok gara pertsonak, azken finean». Eta guztiok gara pertsonak, baina batzuk jantzita jaiotzen dira eta beste batzuk biluzik. Batzuk minei aurre egiteko baliabide guztiak dituzte eskura, eta beste batzuk biziraun baino ezin dute egin. Batzuk sufrimenduaren erantzule dira, eta beste batzuentzat bizi-legea da sufrimendua. 

Negar zotin antzuak baino zerbait gehiago egin nahi duenak argi izan behar du zein den gaitzaren jatorria, eta, beraz, zer konpondu beharrekoa. Jakina, munduaren antolaketa goitik behera aldatzea ez da kontu makala, eta ez da gauetik goizera egiten. Baina horrek ez du ezer esan nahi. Edo, akaso, minbiziaren sendabidea aurkitzea zaila delako ikertzeari utzi behar al zaio? Zilegi litzateke gaixoari ibuprofeno bat eman, egin ahal duen onena –errealistena– horixe dela esan, eta kontsultako atea muturren parean ixtea? Eskuetan mina apenas arinduko dion pilula, erraietan dena jaten ari zaion gaitza. 

Paradisurik ez dugu eraikiko, baina handia da ekidin daitekeen mina.

EZ DAGO IRUZKINIK