Kultura dominante edo menderatzailea praktika sozialaren erdigunean dauden (eta ondorioz, ekoizpenaren antolaketa ereduarekin kontsonantzian dauden) esanahi, balio, gogo-egoera eta praktiken batura legez ezaugarritu daiteke. Ez hainbeste, beharbada, kanpotik eta era artifizialean eragindako kontzientziaren manipulazio gisa, ez ideologia gisa abstraituta; nahi baduzu, instituzio ezberdinen bitartez materialki antolatu eta kolektiboki zein indibidualki bizi eta esperimentatutako zerbaiten moduan baizik. Dena den, praktika kultural dominantearen formek ez dute gizarte baten esperientzia eta praktiken multzo totala osoki agortzen. Aitzitik, batzuk hautatu eta bestetzuk baztertzen dituzte, alde batera lagaz forma erresidual edo emergente batzuk, alternatibo edo oposiziozkoak. Hautespen kulturala, nolabait esatearren, hautespen ekintza bikoitza da, batetik, praktika eta balio batzuen, eta bestetik, praktika eta balio horien eramaile diren agente kulturalen alde egiten duena (ikus, adibidez, Fernando Aranbururen Patria eleberria, bide batez esanda marketing inbertsio handia jaso zuena eta euskal gatazkaren historiaren errelato erabat politizatua dena[i]). Esan nahi dena zera da, hautaketa bikoitza dela: batetik errelatoarena, bestetik, bere manifestazio konkretuarena, Patria eleberriarena, alegia. Alde batetik esanahi hautatua, bestetik agente kultural hautatua. Lehenengo honetatik eratortzen den bigarren mementoa agente kultural hautatuak daukan eragin edo influentzia orbitaren (adibidez, Patria liburuaren irakurleria sugestionagarria) xurgapen efektua da. Azkenik, arestiko memento bi horien ifrentzu beharrezkoa bazterketarena da, batzuetan mekanikoa edo automatikoa izan daitekeena (hautaketa orok automatikoki hautatu denaren eta hautatua izan ez denaren bereizketa egiten duen zentzuan), eta bestetan, besterik gabe kontziente edo politikoa, nagusiki zentsuraren edo nahita ikusezin bihurtutakoaren forman.
Lur har dezagun, bada. Iruñeko kultur eta musika jaialdiak barnebiltzen dituen produktu turistiko bat sortu, garatu eta sustatzeko egin berri duen proposamenarekin, irudi luke, EH Bilduk, nafar hiriburuko bere udal taldearen bitartez, maskarapean zetzan maskara erantzi eta kultura dominantearen alde argi eta garbi egin duela apustu; izan ere, kultura dominantearen gorputz zentrala zalantzan ez jartzetik harago, haren artikulazio edo giltzadura bilakatu baita dagoeneko. Proposamena, PSNk eginiko gehitzeko zuzenketa jaso eta gero, aldeko sei bozka (EH Bildu, PSN eta Geroa Bai) eta bost abstentziorekin (Navarra Suma) onartu zuten joan den urriaren 22an, eta honako puntuok jasotzen ditu:
1.- "Jaialdi eta kultur ekitaldiei lotutako produktu turistikoa Iruñeak eskaintzen duen produktu turistikoen eskaintzan txertatzea".
2.- "Marketing eta merkaturatze plan bat garatzea, bidaia-operadoreei eta agente merkaturatzaileei produktu turistiko espezifikoa ezagutarazteko".
3.- "Kultur turismoaren segmentuaren barruan ‘city breaks’ produktu turistikoa aurkeztea 2020ko FITUR Festivalen".
4.- "Iruñeko kultur eskaintza kalitatezko atari batean bateratzea, sortzaile, elkarte, kudeatzaile eta espazio publiko eta pribatuei irekia", azken hau, PSNk eginiko gehitzeko zuzenketaren ondorio[ii].
Proposamenak jasoriko lau puntuek 2016an udalak agindu zuen “Pamplona/Iruñeko 2017-2019 Turismo Plan Estrategikoa” dute oinarri eta, nik uste, funtsezko bi ekintzatara erreduzi litezke. Batetik:
a) Hiriko kultur eskaintza edo produktu turistiko izango denaren hautespen-ikustaraztea, kategoria horretatik landa utziz homologagarriak ez diren praktika, balio eta esanahien manifestazio oro, baztertze-ikusezin bihurtze ekintza gutxienez automatiko bat ere inplikatzen duena, bidenabar esanda (1. eta 4. puntuak).
Eta bestetik:
b) Mundu mailako turismo industriaren negoziorako plaza erraldoiak diren FITUR bezalako azoka hiperkonektatzaileen eta bestelakoen bidez, aurretiaz diseinaturiko pakete honen sustatze-merkaturatzea (2. eta 3. puntuak).
A priori eta pakete turistikoaren sustatze-merkaturatze mementoari erreparatu barik, irudi luke Iruñeko udal taldeak egin nahi duena kulturaren plazaratze eskuzabal eta desinteresatua dela, “jaialdi” motako kulturarena, behinik behin. Datozen urteetan Iruñean “kultura” izateko bidean denak, hain zuzen ere, Santaspascuas, Beltza Weekend, Ibaiertzean, Flamenco On Fire, IruñaRock edo Pim Pam Ville bezalako jaialdiak barnebiltzen ditu. Eta, besteak beste, “bizikidetza kulturala”, “alternatiba musikala” edo jasangarritasuna (sostenibilitatea) moduko balio abstraktuei loturik, edo are, haien errealizazio konkretu moduan agertzen zaizkigu, gazteenei zuzendutako asteburuetako mugikortasun ereduaren edo “city breaks” esaten dioten kontzeptu turistiko berriaren izenpean: esperientzia homologatuak kontsumitzeko modako manera. Alabaina, proposamen honek arestian aipaturiko “Turismo Plan Estrategikoa”rekin daukan ahaidetasunak zimeldu egiten du itxurazko kulturaren aldeko bat-bateko gainezkaldi horren irudi ederra. Delako Plan honen ohartarazpen nagusiek zera diote hiriaren egoera turistikoaz, “helmuga bezala zama turistikoa jasateko gaitasunaren mugak” gainditzetik urrun dela Iruñea (masifikazio basatiaren mugan, alde zaharrean metaturik dagoen eskaintza turistiko eta komertzialarekin bat ez datorren ohartarazpena, bide batez), handiak direla oraindik “industria honen hazkunde aukerak, antza denez”, edo “irudi espezifiko” bat falta duela Iruñeak eta, beraz, “hiri kulturalaren irudiak indartzera” egin beharko lukeela[iii]. Hemendik ondoriozta liteke hautatutako balio eta praktikek ez dutela pizgarri kultural erreal bat izatea xede, argiki komertziala den kulturaz jantziriko marka-hiri bat sortzea baizik, zerbaiten pizgarri izatekotan.
Egin-eginean ere, finean, “kultura” kontzeptuaren baitan bateratutako “jasangarritasun”, “kultur aniztasun” zein “bizikidetza” bezalako balio abstraktuek, hiriaren tonu morala goitituz bezala, hain galanki beztitzen dutena, ez baita eskala ertaineko eragiketa merkantilen sail oso bat baino; ez baita, agidanez, geroago eta ohikoagoa den turismo eredu dibertsifikatu eta espezializatuaren hariari jarraikiz, balio sinbolikoei lotutako marka-hiri bat sortu eta hirien merkatu modernoan sarrera bermatzeko modu bat baino. Eman lezake instituzioetatik egiten den “kultura” kontzeptu abstraktu honen gehiegizko erabilera hau gizartearen goititze espiritualaren inguruko arduraren ondorio dela; ordea, hemen “kultura” kontzeptua bera baino garrantzitsuagoa da jakitea zer den kontzeptu horrek beztitzen duena, hots, ikustea negozio hutsa dela: kontzeptu horren erabilera gehiegizkoa negozio eredu gehiegizko honen seinale da, beraz.
Halaber, tendentzia honen beste aspektu orokorretarik bat musika eszena urbanoa balorizazio prozesuetara inkorporatzearena dela esan dezakegu, zeina guztiz bat baitator azken krisialdiak ongarritutako proletalgoaren kultura espontaneoa kapitalizatzeko FITURen egitasmoarekin (“FITUR ES MÚSICA”k barnebiltzen dituen jaialdietako kartelburuak zeintzuk izan ohi diren ikusi baino ez dago). Egiazki, mota artistikoko adierazpen kultural konkretu batek jatorrian daukan klase gatazkari erreferentzia egiten dionean, modu hoberik ez dago bere potentzial subertsiboa indargabetzeko (bere potentzial balorizatzailea indartzeaz gain), adierazpen hau espazio kultural huts edo puru (hots, plano sozialetik zurrunki bereizitako plano kulturala) batera lekualdatzea baino, non jatorrizko gatazka errepresentazio hutsaren forman existitu baitaiteke. Bestalde, Iruñea kultur turismoko helmuga legez aurkezten duen asmakeria hau, bidenabar esanda, Donostia 2016 eta hiriburutza kulturalaren istorio hura gehiegi oroitarazten diguna, EH Bilduk geroago eta estaldura gutxiagorekin egiten duen apustuaren adibide bat gehiago da: ostalaritza, hotel industria, turismo aktiboko enpresa, bidaia-agentzia zein kongresu antolatzaile profesional motako burgesia txiki komertzial eta tertziarioaren klase interesen defentsa. Eta klase ertainaren autoatsegite kulturala.
Un ciudadano ilustre film argentinarreko protagonistaren bukaerako diskurtsoa ekartzen dit gogora honek guztiak. Diskurtso horren tesi nagusi bietatik, biziki erakargarriak gerta litezkeen arren, soilik lehenbizikoa konpartitzen dut partzialki (bigarrena ez dut inondik ere konpartitzen), hau da, 1) kultura suntsiezina dela, eta 2) kultur politikarik eraginkorrena, batere ez izatea dela. Lehenengo eta bat, kultura, gizarteei dagozkien bizimodu eredu aldagarriak bezala definitzen badugu, gauza nabaria da eta esan beharrik ez dago, hura (kultura) horiek (gizarteak) suntsitzearen bitartez soilik dela suntsigarria, gizarterik ez baitago bizimodu eredurik ez daukanik. Alabaina, praktika dominanteak hegemonikoki sustatzearen eta ikusgarri bihurtzearen bitartez, edo jazarpen zuzena dela medio, posible da hainbat praktika erresidual edo emergente suntsitzea. Aldi berean politikoa eta ekonomikoa den “gerra kultural” horren onarpenak, beraz, ondorengo baiespena egitera garamatza: gizarte baten baitako kulturaren konfigurazio partikular bakoitzak, normalki klase edo klase-estratu bat jatorri edo iturburu izan ohi duenak, kulturaren antolakuntzarako beharrezkoak diren azpiegituren eraikuntza eta atontze kultur politika propio baten beharra duela, antolakuntzaren kultura propio batean oinarrituz. Baita, noski eta bereziki, proletalgoaren kultura emergenteak ere.
[i]Iñaki
Gil de San Vicente, https://borrokagaraia.wordpress.com/2017/04/06/contra-la-industria-cultural/
[ii]Euskal Herria Irratia, https://euskalerriairratia.eus/irunea/1571745635585-iruneko-kultur-eta-musika-jaialdiak-hiriaren-propomozio-turistiko-kanpainan-sartuko-dira
[iii]Pamplona/Iruñeko 2017-2019 Turismo Plan Estrategikoa,https://www.pamplona.es/sites/default/files/2018-12/Plan%20Estrat%C3%A9gico%20de%20Turismo%202017-2019_1.pdf