AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

(Adi, spoilerrak!)

Tony Montanaren gorpua galdera ikur bat da The World is Yours idazkunean. Hori da agian Scarface mafia pelikula ezagunetik nabarmendu daitekeen ideia interesgarriena: kapitalismoaren berezko irrazionaltasun eta zitalkeria, eta zentzu horretan, kapitalak, subjektu automatiko gisa, ezinbestean dakarren txikizioa.

Protagonista desjabeturik heltzen da Estatu Batuetara; ordea, bertako askatasun, berdintasun, eta jabetza kapitalistek eskaintzen dizkioten aukerei esker —esan nahi da, hurkoaren esplotazio eta suntsiketari esker—, mafiaburu boteretsu eta ikaragarria bilakatzen da, maskara eta disimulu gabeko burges.

Sandwich postutik jauregi bateko jacuzzira daraman norgehiagoka odoleztu horretan, bada protagonistak bi aldiz errepikatzen duen esaldi bat: «Komunistek etengabe esaten dizute zer egin, zer pentsatu, eta zer sentitu behar duzun». Hitzontzikeria antikomunista horrek, akaso ustekabean, kapitalismoaren eta bere ideologiaren kritika ahalbidetzen du. Izan ere, filmak aurrera egin ahala, komunismoari aurpegiratzen dion zoria aurkituko du «aukeren lurraldean»: formalki inork esan ez dion arren, materialki finkatua zaio zer egin behar duen boterea eskuratzeko eta mantentzeko, eta bere alde jarri nahi duen kapital-metaketa prozesuak berak ezartzen du bere jardun pertsonala, arrazoimena baliogabetuta eta balio eta desirak bazterrarazita. Gainera, suntsiketa da prozesu horren ondorio etengabea: indarkeria eta zentzurik eza.

Narratiba tragikotik aparte, interesgarria da zer nolako gordintasunez gorpuzten duen Montanak botere burgesa. Agerian uzten digu balioa balioztatzeko prozesu amaigabeak edozer bitarteko erabili dezakeela bere xedea betetzeko, norgehiagoka zitalean ez dela epe luzerako irizpide arrazional edota moralik ezartzerik, eta baten aberastasunerako ezinbestekoa dela bestearen miseria eta desjabetzea. Azken batean, historian, filmean bezala, kapital-metaketa prozesua bera bilakatzen da egiazko protagonista, subjektu, berak antolatzen ditu gizakion bizitzak, berak esaten du, ezkutuko kode batez bezala, zer egin. Bera da «the world is yours» perpausaren hartzaile posible bakarra, eta langile klasearena da jauregiko eskaileretan isuritako odola.

Larriena da filmeak iradokitzen duen hori egunero ikusten dugula: sarraskiak, suteak, gerrak, garestitzeak, eskubide urraketak, erailketak, errepresioa… onartezin azaltzen zaizkigu pantailetan. Baina Tony Montanaren gehiegikeriak ikusten diren bezala irakurtzen ohi dira berriak: atsekabez, «nola da posible?» galdetzera mugatu, eta edonolako amaieraren zai geratzea da errazena, bereziki sabela krispetaz betea duenarentzat. Basakeriaren ikusle izan nahi ez duenak, aldiz, errotik ukatu behar du bere ikusle izaera, eta, aipatu galderari erantzun ondoren, egungo protagonistari aurre egingo dion pertsonaia antagonista idatzi. 


scarface_martin.png