AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gaurkoan, hilabetean behin idatziko ditudan lerro hauei forma emanaz, aspaldi beste batzuek hasitakoari jarraipena ematea dagokit. Ezin uka kazeta hau jaiotzen ikusi genuenetik gertaera ugari izan direla, eta dezente aldatu dela gure errealitate hurbil hau, baita mundua begiratzeko dugun ikuspuntua zorroztu ere. Honezkero, ahots ezberdinek bete dituzte orriok, eta arrazoiz bete dira susmo ziruditen gure intuizio ugari. Kazeta hau burutzen ari den lanari aitortu beharreko meritua, borroka-prozesu iraultzaile orori berezkoa zaion lan ideologiko dei dakiokeena edo, bestela, inguratzen gaituen errealitatearen osotasuna ulertzen ahaleginduz proletalgoaren independentzia politikoa defendatzea da. Entzungor egin nahi duenak ere ezin ezkuta dezake bizi dugun garaiaren produktu eta isla den lanabes honen garrantzia. Anuntziatuta zegoen langileriaren interesen alde lanean jarduteko etorria zela gurera: langile mugimenduaren ahots izan eta prozesu sozialista bat indartzeko sortua izan nahi zuela. Eta halaxe egiaztatu du dagoeneko lan militante handiari esker.

Historiak utzitako irakaspenak ordenatuz, oraingo borrokak antolatzeko oinarriak topatzen dihardugu, batzuetan nahi baino astiroago bada ere, daukan presari erantzunez. Orain, gaur arte esandakotik abiatuta, askok iragarritako honetaz eta momentu honi bertotik idaztea egokitu zait niri ere, lan honetan ekarpena egiteko asmoz, zuoi, irakurri nahi duzuenoi, bederen, emakume langileok bizi dugun zapalkuntza egoeraren nolakotasunaz eta hori sortzen eta sostengatzen duten baldintzen abolizio aukerez jardutea, besteak beste. Izen propioz arituko naiz nire ikuspuntua ematen, hemen islatuko diren ideien sortzaile bakarra izango ez naizen arren; Euskal Herrian garatzen ari den potentzia iraultzailearen emaitza gisa baino ezingo dira ulertu. Hala ere, bertigo pixka bat ematen didala ere aitortuko dut, ez baita txikia bizitzen ari garen egoeraren aurrean erantzunak aurkitzearen kezka. Izan ere, bi dira eginbehar honen garrantziari topatzen dizkiodan arrazoi nagusiak: krisi testuinguruak areagotu duen iraultzaren urgentzia eta azken hamarkadetako proposamen politikoen balio gabezia agerian gelditu izana. Gainera, COVID-19ak sorturiko osasun krisiak eta horren ondorioz hartu diren zenbait neurrik iragarrita zegoen etorkizuna agerian eta zirudiena baino hurbilago utzi dute.  

Azken boladan, askok izan dute analisi-gai krisiak gaur egunean hartzen duen forma, are gehiago, pandemiak iragarrita zegoena aurreratu duenean. Ez naiz gaur horretan gehiegi sartuko, hemen testuinguratze azkar bat egitea soilik baitut hizpide. Hortaz,  motzean, honela laburbilduko nuke egungo krisi testuingurua: Bigarren Mundu Guda osteko baldintza ekonomiko eta politikoen desagerpena edo, «Ongizate Estatu» deiturikoaren gainbehera prozesua, zehatzago esanda. Proletarizazio prozesu bat, langile klasearen bizi baliabideen murrizketa bat suposatzen duena. Baina nola itzul daiteke hori hura hezurmamituko duen langileriarentzat? Kasurik onenean orain arteko lan baldintzen murrizketak, bere lana galduko duenik ere egongo baita –lan indarra kapitalarentzat ez delako gehiago lehen bezain errentagarria izango–. Horri gehi diezaiogun gastu publikoetako murrizketa bortitz bat eta digeri dezala norberak ekuazioak adierazten duena: miseria garaiak pausu sendoz datoz guregana, eta kateak gogor estutu litezke emakume langileontzat. Begira iragan maiatzaren 30ean Espainiako ministro kontseiluan proposatutako «bizitzeko gutxieneko diru sarreraren» onarpenak nola dioskun, ahots goxoz bada ere: datorkion berregokitze fase honetan Europako langileriaren zati handi bat sobera geldituko zaion kapitalak bake soziala merke erosi nahi duela. Bitartean, EAEn 68.000 pertsonek euren lanpostua gal dezaketela dio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak. Datorkigun etorkizunaren krudelkeria COVID-19ak sorturiko «ekonomia geldialdiaren» ondorio koiunturaletan ezkutatzen saiatzen dira, nahiz eta, esan bezala, iragarrita zegoena arindu baino ez duen egin.

Langile klase osoaren lan eta bizi baldintzen modernizazio prozesu bat abian da krisi garaian. Ordea, proletarizazioaren adiera honi ere errepara diezaiogun momentu batez: klase bereizketa nabariagoa, klase ertaina deskonposizio prozesu batean murgildu (sortu zuten eta jada existitzen ez diren baldintza ekonomikoei dagokiolako) eta langileria osoaren bizi baldintzek bere esentzia nabari ageriko utziko baitute. Ondorioz, klase dominazioaren sustantzia ­–hau da, kapital harremana– konbatitzeak askapen prozesuan duen ezinbestekotasuna ere argiago ager daiteke. Aitzitik, orain arteko programa politiko feministek, klase ertaineko emakumeen interesak oinarri dituztenek, emakume proletarioen egoeraren gordinari behar den bezala aurre egiteko muga nabariak dituztela erakutsi digute. Batez ere, jo puntua ez dagoelako argi aipatu programetan. Oinarriz, emakume langilearen zapalkuntzaren eta klase dominazio kapitalistaren arteko harremana kanpo harreman gisa kokatzeak (irakur dezagun aliantza) beronen fundamentua ulertzea mugatzen duelako. Hortaz, datorkigunaren aurrean erabat babesgabe jarraitu nahi ez duenak eta krisi garaian azaleratzen diren kapitalaren kontraesanek sorturiko testuinguruak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatu nahi dituenak, ezin dio ikusezin egin proletalgoaren independentzia politiko eta organizatiboaren printzipio politikoa garatzearen beharrizanari.

Egoeraren aurpegi krudelena mahai gainean da, baina ez dezagun etsi. Bada, bide egokien bila gabiltza, eta honezkero aurkitu ditugu horiek zabalduko dituzten erreminta egokiak. Kazeta honetan bertan zein hemendik kanpo, Euskal Herriko hainbat militante komunistak garbi azaldu dute nik baino lehenago zein den emakumeon gaineko zapalkuntzari ikuspegi proletario batetik heltzeko printzipio politikoa: inguratzen gaituenari osotasunaren begiradaz heltzea, hala, gaurko errealitatean, klase dominazio kapitalistaren izatean edo langile klaseak bere erreprodukziorako burgesiaren bitarteko produktiboekiko duen dependentzian topatzea zapalkuntza partikular ororen fundamentua. Genero zapalkuntzari dagokionez, politika antagonista bat garatu ahal izateko oinarrian dauden hipotesi nagusiak honela laburbilduko nituzke: 1) potentzial iraultzailea duen subjektu unibertsala langile klasea dela ulertuta, minimoetan oinarritutako programa baten beharrizana, berehalako eginbehar gisa sektore kaltetuenen ­–emakume proletarioak tarteko– bizi baldintzen defentsarako mekanismoak sortzea izango duena; 2) maila estrategikoan, helburua zapalkuntza guztien gaindipena izanik, opresio forma guztien kontrako borroken batasun politiko erreala ezinbestekoa izango da, ez borroka horien batura soil gisa ulertuta, baizik eta zapalkuntzen erroa erasotzeko gaitasuna izango duen batasun iraultzaile gisa, alderdi komunistaren forman baino ezin daitekeena gauzatu; eta 3) emakume langilearen lan indarra debaluatuta egotea, kulturalki subjektu gutxietsia izatea, eta horren ondoriozko biolentzia forma anitzak sufritzea zilegi egiten duena forma historiko desberdinen bidez eta bizitzako esparru guztietan azaleratzen den lan banaketa sexuala da. Horrenbestez, beharrezkoa da sexuen arteko desberdintasunaren gaindipen kultural absolutua, harreman sozial kapitalisten gaindipen testuinguruan soilik gauza daitekeena; egun kapitalaren erreprodukziorako betetzen dituen funtzio sozial, politiko eta ekonomikorik beteko ez lukeenez bere existentziak zentzua galduko luke. Datozen hilabeteotan ideia horietan sakondu nahiko nuke.

Gure jardun honek, batzuetan disimuluan pasatzen bazaigu ere, egungo testuinguru aldrebestuan daukan izugarrizko garrantzia aldarrikatu nahi nuke azkenik, izan ere, proletalgoa klase bezala antolatu ahal izateko oinarriak jartzen gabiltza, tresna politiko propioak asmatzen eta, finean, botere politikoa eskuratzeko borroka ehuntzen. Lehenengo sarrera honetan, egiten ari garenaren beharrezkotasuna azpimarratu besterik ez dut nahi izan. Hala ere, ez nuke pasatzen utzi nahi Euskal Herrian garatzen ari garen militantzia komunista berri honen goraipamena egiteko parada: zuon guztion ahalegin eta konpromisoak sortzen baitu hipotesia dena egia bihurtuko duen aukera erreala.

Segi dezagun, ba, lanean.