Gaurkoan, denbora faltagatik zutabea nahiko ezaguna zaidan gai batez hitz egitea erabaki dut. EH-Donbassen kide naizenez, hilabete honetakoa hurbil dagoen gai batez hitz egingo dut, Ukrainako gudaz.
Hala ere, gai hona, ikuspuntu historikotik hurbilduko naiz. Izan ere, zenbaiten arabera, guda hau alde batetik “ukrainar nazioak ” eta beste alde batetik “errusiarrek” egiten dute. “Errusiar” horrekin, denetarikoa sailkatzen da: izan Errusiar Estatuaren ustezko inbasio bat –gertatu ez dena- edo Donbasseko herritarrak deskribatu ohi dira. Bigarren hau, nahiz eta axioma objektibagarri faltsu bat ez izan, iritzi gisa askoz ere arriskutsuagoa da, Donbasseko herritarrak “atzerritar” gisa paratzen dituelako, hots, Errusiaren edo SESBren ustezko “errusiartzearen” produktuz identitatea aldatutako herritarrak, “jatorrizko” edo “zilegizko” nazioari guda egin nahi diotenak. Euskal Herrian ere entzun izan dira donbasstarrei buruzko halako iritziak.
Gure arabera, guda hau ez da hainbeste Errusiaren “espantsio guda” bat, baizik eta batez ere bi arrazoiren batuketa: batetik 2014ko Estatu-kolpe faxistak (edo faxistoideak) zanga zabaldu zuen Ukrainaren bi parteen artean. Baina zanga zabaldu ahal izateko, lehendik arrakala egon behar da. Eta kasu honetan arrakala egon bazegoen, hau da, Ukrainan 2014 artean bi “nazio” edo “protonazio” guztiz ezberdin ziren; historiari, gertakizun historikoei edo pertsonai historiko ezberdinei buruzko ikuskera guztiz kontrakoak zituztenak gainera. Izan ere, historian zehar, “Ukraina” deitutako nazio-bereizi batek sekula ez du izan (eta gutxiago Estatu independente gisa) 2014 arteko, Halitxina eta Donbass, Volinia eta Zaporizhia, Kharkov eta Odessa bezalako lur hain ezberdinak biltzen dituen mugarik: muga horiek SESBren produktu dira.
Egungo (beno, 2014 arteko) Ukraina oso historia ezberdina izandako lurrek osatutako lurralde bat zen: bazeuden mendeetan Errusiarekin lotura oso gutxi izandako lurrak (Halitxina), zein aro modernoan Kieven peko entitate politiko batean SESBk sartu zituenak (Kharkov, Krimea, Taurida…). Historia hain ezberdina zuten esparru geografiko hain ezberdinetan, jakina da, historia ikuskera oso ezberdinak sortzen dira, zati horietako bakoitzak “ukrainartasuna” oso modu ezberdinean ikusten baitu. 1991 eta 2014 artean, Ukrainar Estatu independenteak kale egin zuen herrialdearen bi zati nazionalak bat egin zitzakeen narratiba bat sortzen. Arrakala ez zuen itxi.
Hain zuzen ere, bigarren honetan zentratuko naiz gaur; arrakala honen inguruko irakurketa interesatuak baitira Donbassen inguruan iritzi desitxuratuetan oinarritutako narratiba sortzearen abiapuntua: nazio bakarra eta “naturala” omen dago, “Errusiak” ez omen du onartu hau “askatu” izana, “Errusiak” eta bere espantsionismoak ukrainar batzuk “pozoitu” omen zituen Ukrainaren gaineko kontrola mantentzeko eta egoera honi erantzuna izan omen zen Maidango mugimendua (tartean, katalan ezkerreko pertsonai ezagun batzuek sinatutako manifestu batean ere hala irakur daiteke: Maidana “dominazio stalinistari” erantzunean gertatutako mugimendu nazional bat omen zen). Beraz, Donbasseko altxamendua “kanpo dinamika” bati erantzuna izango zatekeen. Hau ihardesten saiatuko gara hurrengo lerroetan.
Esan bezala, egungo Ukrainaren mapa, parte handi batean XX mendeko produktua izan da. Era berean, “ukrainar” izena bera ere modernitatearen produktu izan da, izan ere, “Ukraina” hitzak berez “mugako lurraldea” (hau da, frankoek “marka” deitzen ziotena) esan nahi baitzuen. Nazio guztiak dira modernitatearen produktu, baina kasu honetan merezi du ukrainar herriaren formatze-prozesuari buelta bat ematea lehen aipatutako arrakala zein izan den ulertzeko.
Beraz, parte handi batean “Ukraina” deitutako entitate politiko baten sorrera, Errusiar Iraultzak bermatu zuen. Ez dugu hemen esan nahi ukrainar herria asmakuntza bat denik. Edo bai, praktikoki nazio guztiak baitira hein batean asmakuntza. Baina egon badago, beraz ez dugu hori eztabaidatuko. Esan nahi duguna da Ukrainaren garapena kasu askotan Errusiarekin batera gertatu izan dela, nabarmenki XX mendean. Goazen aztertzera.
Ukrainar nazionalismoak bi mugarri jotzen ditu bere nazioaren sorburutzat: IX-XIII mendeeen arteko Kievko Rus Estatua eta XVII mendeko Zaporozhiako kosakoen para-Estatua. Kievko Rus, oro har ekialdeko eslaviar guztien “Estatua” izan zen (Estatu aurre-feudala zen, izatez nobleziarena, baina aurrezteko esan dezagun lehenengoa), XII mendean feudo ezberdinetan zatituz joan zena, eta XIII mendean mongoliar (ekialdetik) zein poloniar (mendebaldetik) inbasioek konkistatu zutena. Kieveko Rusen garaian, hizkuntza ezberdintasunik ez zegoen eslaviar ezberdinen artean, beraz bai ukrainarrek zein errusiarrek zein bielorrusiarrek euren Estatu zein herriaren “arbaso” zela esan dezakete. Bertako biztanleei “rusin” (mendebaldeko hizkuntzatan “erruteniar” edo “errusiniar”) edo “ruski” deitzen zitzaien, oraindik ez baitzen “ukrainar” demonimoa agertu. XIII-XIV mendeetan, feudo errusiniar bat, Mosku ingurukoa, mongoliar nagusigoarengandik askatzen hasi zen, Moskovia sortuz. “Rus” delakoaren zentro berria Moskun ezarri zen, eta gerora XV mendean “Errusia” zein “errusiar” (Rossija eta russki) kontzeptuak agertu ziren, aurreko “Rus” eta “errusiniar/erruteniar” kontzeptuen eboluzio gisa. Beste alde batetik, egungo Ukraina aldeko errusiniarrak XIV mendean Lituaniako Dukerri Handia (Estatu eslaviarra, egungo Bielorrusiaren “arbasoa”) zelakoaren menpe erori ziren, eta XV mendean Poloniaren menpe. Garai hartan hasi ziren errusiarren eta erruteniarren artean nolabaiteko hizkuntza-ezberdintasunak agertzen. Gainera, poloniarrek beste erlijio bat zutenez –erromatar katolizismoa- eta berau inposatu nahi zutenez, bien artean zanga areagotzeko beste faktore bat izan zen (Ukrainan ortodoxiak erlijio nagusia izaten jarraitzen du, baina mendebaldean, Halitxinan, katolizismoa da nagusi). Bestetik, egungo Ukrainaren hegoaldea eta Krimea turkiarren menpe geratu ziren, eslaviar mundutik at izango ziren XVIII mendea arte.
“Ukraina” hitzaren zabalkundea, XVI-XVII mendeetan hasi zen, Turkia, Polonia eta Errusiaren arteko mugako lurraldea izendatzeko; hitzak hori bera esan nahi baitu “mugako lurraldea” (eslavieraz “krajina” hitzak muga edo muga-ondoa esan nahi baitu, Balkanetan badaude baita ere hainbat “krajina”). Hitz hori hasieran geografikoa zen: “Ukrainarrak”, “Mugako lurralde” horretan bizi zirenak ziren. Mugako lurralde hau egungo Ukrainaren erdialdea izan zen, Dnieper errekaren bi bazterretan, hau da, Donbassen mendebaldera, garai hartan Donbass jada Errusia barnean baitzen. Bitxikeria bat, Errusiar Inperioaren barruan zegoen lur bat, egungo Kharkov ukrainar probintzia denaren tokian “Slobidna Ukrajina” izenez ezagutzen zen, hau da “Ukraina Askea” edo “Mugaldeko Lur Askea” izenez. “Askea” jada poloniar katolikoengandik askatutakoa zela ulertzen zelako.
Mugako lurraldeak baserritar-soldadu abenturazaleentzat oso aproposak izan ohi dira, eta Ukrainan ere hasi ziren finkatzen halakoak, kosakoak; zeintzuk talde geroz eta handiagoak osatzen hasi ziren. Horrela sortu zuten euren antolakunde politiko handia, Zaporozhiako Olde Kosakoa. Hau, Ukraina mendebaldeko Halitxina eskualdeko politikari ultraeskuindar batek –Oleh Tiahnibok, Maidanean buru ibilitakoa- “lehen ukrainar Estatua” bezala identifikatu zuen. Hala zen edo ez, nik ez dakit eta ez dut hemen ebatziko. Baina egia bada, bi gauza esan behar dira: lehenik, Zaporozhiako Oldearen lurrak egungo Ukrainarenak baino askoz txikiagoak zirela, Dnieper ibaiaren arroa soilik hartzen zutela –ez Donbass, ez Hegoaldea-; eta, bigarrenik, Olde horretan ortodoxoak soilik onartzen zirela. Tiahniboken baieztapena egia bada, halitxinarrak, bera barne, katolikoak izanagatik, ukrainar naziotik at geratuko lirateke.
1648an, Zaporozhiako Oldea eta oro har, Ukrainako erruteniarrak, Poloniaren aurka altxatu ziren, batez ere erlijioa bide, ortodoxiaren defentsan. Hala ez da harritzekoa 1654an Olde horrek “anaia ortodoxoarekin”, Errusiarekin, autonomia zabal baten parte izateko integrazio-itun bat egitea. Honek Errusia eta Poloniaren arteko guda bat ekarri zuen, zeinak Errusiaren eta Zaporozhiako Oldearen lurrak Dnieperreraino zabaldu zituen, hau da, Kiev barne. Agian hau izan daiteke orduko zaporozhiarren eta egungo ukrainarren jarraikortasuna egiteko arrazoia. Hala ere, orduan beste toponimo bat erabiltzen hasi ziren: “Errusia Ttipia” (Malorossia), “ttipia” hitzak, eslaviar hizkuntzetan “zentrukoa” esan nahi duelarik (Kiev hiriburu zaharrarekiko zentrukoa)[1]; eta bertako biztanleak “errusiar ttipiak” edo malorossii (singularrean, maloros). Errusiar Inperioaren eta zaporozhiarren arteko aliantza ezin dugu esan oso harmoniatsua izan zenik, aro lasaiagoak eta erreboltazkoak bizi izan baitzituen, azken hauek XVIII mende bukaeran Kattalin Handia tsarinak Oldea disolbatzera eraman zutelarik. Hala ere, artean, errusiarren eta zaporozhiarren arteko aliantzak Malorossiaren mugak Dnieperren beste aldera eraman zituen, egungo Ukrainaren lurralde batasunaren oinarriak –era inkontzientean bada ere, orduan Errusiaz at zen beste nazio baten sorreran pentsatzen ez zutelarik- ezarriz.
1 Ilustrazioa: Zaporozhiar Oldearen lurrak (morez) eta Errusiarekin aliantzan Poloniaren kontra irabazitako lurrak (berdez). Ikusten dugun bezala, Ukraina hegoaldea kanpoan dago.
XIX mendea nazioen mendea izan zen. Europa osoan zehar nazioak agertu ziren historiaren subjektu bezala. Intelektualek “herriarengan” –subjektu interklasista bezala- pentsatzen eta “herriak” sortzen, osatzen joan ziren, batez ere “herria” edo “nazioa” osatzen. Honela, hauen parte gisa pentsatzen hasi ziren ordura arte estamentuez, eskualde- edo erlijio-ezberdintasunez zeharkatutako giza-talde soilak zirenak. Ukrainan berdin. Mikola Kostomarov historiagilea izan zen Errusia Ttipiaren kasuan nazionalitatea planteatzen lehena: bere liburua, modu esanguratsuan, Bi errusiar nazionalitate deitzen zen[2]. Beste historiagile batek, Mikhailo Hruxevskik, Ukrainan izan ziren Estatu-formazio ezberdinen azpian zegoen eta iraun zuen ukrainar herriaren jarraikortasuna planteatu zuen: ukrainar herria, berbera zena, bertan izan zela mendeetan zehar; bere tesiak ukrainar historia nazionalaren oinarri dira. Baina askoz ere famatuagoa Taras Xevtxenko poeta izan zen, nekazarien defentsagatik SESBn ere oso errespetatua –bere lanak Sobietar Batasun osoko eskola-kurrikulumean sartu ziren eta Errusiar Iraultzaren ostean honen omenezko estatua pila egin ziren-, “ukrainar nazioaren aita” deitutakoa . Garai honetan eman zen demonimo aldaketa, Errusiaz bereizitako herri baten existentzia aldarrikatzeko “errusiar ttipi” ez zen demonimo egokia, beraz, ordura arte izen geografiko izandako “ukrainar” demonimo bihurtu zen. Malorossii delakoak ukrajintsi (singularrean, ukrajinets) bihurtu ziren.
Hala ere, kontutan hartu behar da ukrainartasuna Malorossiaren oinarrian eraiki zela. Honen parte izan ez ziren eskualdeetan kontzientzia hori askoz ere ahulagoa izan zen; adibidez Donbassen, edo Kattalin Handiak XVIII mende bukaeran konkistatutako Krimean eta Tauridan, nora Errusiar Inperio osoko jendea –errusiar ttipiak, zein errusiar handiak zein errusiar zuriak- lekualdatu zen. Lur horiei Kattalin Handiak Novorossija (Errusia Berria) izena jarri zien, Donbassen 2014-2016 artean asko erabilitakoa.
Errusiar Iraultzarekin etorri zen Ukrainaren egituraketa politikoa. Bi iturri izan zituen, nazionalista lehenik eta komunista gero. Nazionalistak, Mikhailo Hruxevski buru, 1917ko otsaileko iraultzaren ostean autonomia eskatu zuten eta baita lortu ere: behin-behineko Gobernuak ukrainar parlamentua (Rada izenekoa) zein autonomia onartu zuen. Hala ere, Urriko Iraultzarekin batera, Errusiako behin-behineko Gobernua desagertu egin zen eta, ondorioz, Ukrainan bi zilegitasun sortu ziren, Radarena eta Sobietena. Radak ez zuen Errusiar Iraultza onartu eta hurrengo egunetan “Ukrainar Errepublika Nazionala” aldarrikatu zuen, programa sozialista moderatu batekin, hau da, Errusian Otsaileko Iraultzaren ostean nagusi izan zen antzeko programa batekin –iraultza burgesa, lurren banaketa moderatua, ordezkaritza parlamentarioa eta ez Sobieten boterea… -, batez ere burgesia-ttipiaren eta baserritar jabe ttipien babesa lortuz. “Otsaileko adostasunaren” ideiak, Urria ostean, Kieven nazionalistek eraman zituzten aurrera, edo behintzat saiatu ziren, kontrola mantendu zuten epe laburrean. Errepublika honek bere burua “federal” jotzen zuen hasieran, Errusian Iraultza iritsi ez zen zonaldeetako Gobernuekin bat[3] “Errusia federala” eraikitzeko deia egin baitzuen (are, Asanblada Konstituziogilea Kieven biltzea proposatu zuten). Hau izan zen eta ez independentzia edo autodeterminazioa ukrainar Radaren eta boltxebikeen arteko demaren arrazoia, momentu hartan Leninek eta Stalinek idatzitako gutunek adierazten duten moduan. Bien gutunetan inon ez da agertzen ukrainar herriaren edota bere autodeterminazioaren ukapenik, baieztapena baizik[4].
Errepublika honen independentzia aldarrikapena 1918ko otsailean izan zen, Alemaniaren laguntza lortzeko. Baina 1918ko urtarrilean, ukrainar Sobietek, ekialdean, Kharkoven bilduta, Ukrainako Errepublika Sobietarra aldarrikatu zuten. Honela hasi zen Iraultza Ukrainara hedatzen, urtarril bukaeran Kiev hartu zutelarik. Ukrainako Errepublika Sobietar hori, independentea -1922an, SESB sortu zenean, federatu zen Errusiarekin-, emakumezko Estatuburu (aristokraziakoak kenduta) bat zuen munduko lehen Estatua izan zen: Jevgenija Box. Egia da Errepublika horrek ez zuela lehen momentuan gehiegirik iraun, 1918ko martxoan, alemaniarrek, Brest-Litovskeko Ituna zela eta Ukraina inbaditu baitzuten, berriz ere boterean nazionalistak jarriz, lehenbizi Rada, eta gerora Skoropadski diktadorea.
Baina nazionalisten boterea euren sostengu nagusi ziren alemaniarrek I Mundu Guda galdu ostean eta Ukrainatik erretiratzerakoan desagertu egin zen. 1919ko urtarriletik aurrera, 1919-1921 artean Ukrainan garatu ziren Guda Zibileko gertakizunetan jada ez ziren lehen mailako aktore izango: gorri boltxebikeen, zuri kontrairaultzaileen eta beltz makhnovisten aldean oso babes gutxi izango zuten (Ukrainako Mendebaldera mugatua). Egia da poloniar armadarekin aliantzan, 1920ko amaitzean hilabetez Kiev konkistatzera iritsi zirela (hots, 1918an alemaniarrekin egindako aliantza 1920an poloniarrekin errepikatu zuten ), baina hilabete soilik iraun zuten, gorrien kontraerasoaren ostean Kiev berriz galdu baitzuten. Eta normala da, iraultzak, garatu ahala, klaseak polarizatu eta burgesia-ttipia xehetu egiten baitu. Beraz, ukrainar nazionalismoaren babes soziala urtu egin zen.
1920tik aurrera, Guda Zibila bukatuta, finkatu zen jarraikortasuna izan zuen historiako lehen Estatu ukrainarra: Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialista. Hain zuzen ere Estatu honen mugen barruan Donbass eta Ukraina Hegoaldea sartzeak beste ezerk baino gehiago lagundu zuen 2014 arte iraun zuen mapa sortzen. Kurioski , 1954ko Krimeako anexioa kenduta, egun oso nazionalista ukrainarrak diren Halitxina eta Volinia izan ziren azken eskualdea Ukrainan sartzen, 1939an sartu ziren.
[1] Egungo Errusia “Errusia Handia” gisa ezagutzen zen, hau da “Urrutiko Errusia”. Bielorrusia hitzak, berriz “Errusia Zuria” esan nahi du, hau da, Iparraldeko Errusia.
[2] Kostomaroven ideiek laguntza handia izan zuten Austriar Inperioak okupatutako Halitxinan. Austria oso interesatuta zegoen erruteniar nortasuna garatzean, orduan boteretsu zen poloniar nazionalismoa higatzeko asmoa baitzuen. Halitxinako erruteniar mugimenduan, paradoxikoki, ukrainar nazionalismoarekin bat mugimendu errusofiloa garatu zen, erruteniar askoren ustez Errusiara hurbiltzea erruteniar nortasuna garatzeko modurik onena baitzen. Bi fakzio hauen arteko borroka intelektualak Lehen Mundu Guda arte iraun zuen, orduan Austriak “errusofiloak” desagerrarazi baitzituen.
[3] Jendeak ohiko moduan pentsatzen duen kontrara, Errusiar Iraultza ez zen Petrograden Gobernu Sobietarra aldarrikatu eta aldeko hirietara berehalakoan hedatu. Hiri askotan, tokiko Sobietetan aliantzak edota gehiengoak aldatu arte edo Sobietek tokian-tokian botere sobietarra aldarrikatu arte egun edo aste batzuk pasatzen ziren. Errusiar Estatu zaharraren suntsipena gauza bat da eta hori Estatu sobietarraz ordeztea beste gauza bat. Errusiako zonalde batzuetan tokiko Sobietek ez zuten euren boterea aldarrikatzeko nahikoa indar, toki horiek Gobernu zurien lehen oinarriak izan ziren.
[4] Ikus adibidez, Leninen testu hau, hau eta hau. Ikus baita Stalinen testu hau, hau eta hau.