AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

22 urteko gazte bat hil da Artzentalesen soldatapean lanean ari zela istripu bat izan ondoren. Gutxienez hogeita hirugarrena aurten Euskal Herrian. Estatistikei jarraiki, hamabost familia etxegabetu dituzte azken bost egunetan Hego Euskal Herrian. Ez da horien inguruko ia albisterik egunkarietan, telebistan, sare sozialetan. Inflazioak berriz ere gora egin du, eta langile-familiak itotzen ari den soka estutzen ari da. Bien bitartean, BBVAk jakitera eman du 2.200.000.000 euro irabazi dituela urteko lehen hiruhilekoan. 2.200 milioi. Iberdrolak, berriz, 2.760 milioi.

Bost egun. Oligarkiaren ofentsiba ekonomikoak ez du etenik, eta langileria bizitzen ari den basakeriak ez du atsedenik ematen. Ezta segundo batez ere.

Pintaketa faxistak agertu dira Iruñean, 36ko estatu-kolpearen defentsan "Eroritakoen" Monumentua bere horretan manten dezatela exijituz. Egun berean jakin dugu, Voxeko faxistei aurre egiteagatik, bi kide epaituak izango direla Lizarran. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU/UPV), bestalde, 6.000 kidek adierazpen bat sinatu dute Polizia unibertsitatera sartu ez dadila eta oinarrizko eskubide politikoak berma daitezela eskatuz. Martxoan, ikasle-mobilizazio testuinguruan, errektoretzak nahikoa izan zituen 2.000 sinadura komunikabide guztietan atera, ikasle-mobilizazioak kriminalizatu eta Ertzaintzaren errepresioa justifikatzeko.

Bost egun, faxismoaren gorakadaz, eskubide politikoen okertzeaz eta, oro har, estatuaren joera autoritarioaz jabetzeko.

Bost egun iraun ditu Pedro Sanchezen azken espektakulu mediatikoak. Komunikabideentzat urteko bost egunik garrantzitsuenak ziruditen horiek, baina, bizitzen ari garen egoera gero eta okerragoa islatzen duten beste bost egun baino ez dira izan gizartearen gehiengoarentzat. Eta, beste behin ere, gezur eta konpromezu faltsuekin eman diote amaiera alderdi sozialdemokraten aurpegia zuritzeko enegarren ariketari.

Hauek izan ziren Sanchezek espektakuluaren amaieran botatako esaldirik onenak: gizartea egoera ekonomiko ona bizitzen ari dela, bake soziala arnasten dela, eta konpromisoa hartzen duela eskubideen arloan aurrera egin dadin eta demokrazia biziberritu dadin. Itzuli ditzagun Sanchezen hitzak ulergarriagoa zaigun hizkuntza batera: klase esplotatzailearen interesen defentsa, errepresioa zein militarizazioa, eta demokrazia burgesaren izaera autoritarioan sakontzea. Hala erakusten dute joan den astean, antzezlan hau egin aurretik, Ministro Kontseiluan onartutako neurriek: Mediterraneoaren erdian dagoen Alboran uhartean pertsona migratuak preso izateko zentro bat eraikitzea, eta gastu militarrera beste 1.129 milioi euroko partida bat bideratzea, Mendebaldearen ofentsiba inperialista indartzeko zeregin bete-betean eta Espainiako Gobernuaren babesa daukan estatu sionistak 34.454 palestinar erail dituenean azken hileetan.

Sozialdemokraziaren gezurrek gero eta gogorrago egiten dute talka langileriak egunerokoan pairatzen duen klase-menderakuntzarekin. Gero eta agerikoagoa da ez dagoela inolako irtenbiderik sisteman integraturiko alderdien partetik. Eta, beraz, ezinbestekoa da guretzat horietatik aldentzea eta gure bide propioa garatzea.

Maiatzaren Lehena da bihar, langileon borrokaren historian giltzarria izan den eguna. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistatik (EHKS) Bilboko kaleak hartzera egin dugu dei; langileon elkartasunean, independentzian eta borrokan oinarrituriko alternatiba bat gorpuzten hasteko, eta langile-boterea eraikitzeko beharra zabaltzeko. Pauso sendoz, bagoaz aurrera. Bertan ikusiko dugu elkar! Badago alternatiba!

EZ DAGO IRUZKINIK