«Ibiltari, ez dago biderik», zioen Machadok, «bidea ibiliaz egiten da». Hori argi izan beharko luke ibiltzen hasi nahi duen orok. Ez dago maparik ez bide-orririk, etorkizun mugagabea baizik, itsaso zabala bailitzan. Eta bidaiaria itsaso horren aurrean, bete beharreko ezaren handitasuna. Bera bakarrik, bidaiaria eta aitzina egiteko kemena, olatu itogarrien artean bidea zabaltzeko grina, haren beso eta hankekin, sorbalda eta izterrekin, bere gorputz osoaren indarra baliatuz marea izugarriaren aurka egiteko.
Bai, bidea ibiliz egiten da, eta aurrera jarraitu beharra dago, oin sendoez korrika, bide zabalagora iritsi arte. Eta handik, aurrera, bideak ez du eta amaierarik, bidearen baitan dagoelako etorkizuna, bidea bera baita helmuga. Horretaz gainera, kontuan hartu beharra dago bideak ez duela hasierarik: bidera batzean hasten du norbanakoak bidaia, bidera batzean dago bakoitza etorkizunari begira, helmugaren barne, helmuga bidearen jarraipena bera baino ez delako.
Bidea ezin da aurreikusi, etorkizuna aurreikusi ezin daitekeen modu berean. Etorkizuna izendatu ezin daitekeen modu berean. Bidean aurrera egin ahala ikusten du bidaiariak ingurua, eta bidezidorretan barrena murgiltzean bihurtzen da oztopoei aurre egiteko gai. Bidaiariak ez daki bere pausuek nora eramango duten, eta beste batzuen urratsak jarraitzen ditu ia oharkabean, bidegurutzeetan erabakiak hartuz. Ingurua eraldatuz doan heinean aldatzen da ibiltari bera ere, moldatuz, ikasiz, geroan barneratu bezain laster etorkizuna ezagutuz. Dena da berdina: ibiltaria, sortzen duen bidea, urrunean antzeman dezakeen helmuga. Bata ez da existitzen bestea gabe. Ezinezkoa da helmugara heltzea bidea ibili ez baduzu, batez ere helmuga, etorkizuna, guztiona denean. Bidea ezin da aurreikusi; beraz, ezinezkoa da hartuko duen forma asmatzeko kapaz izatea, baina gutxienez hori badakigu, antzemateko gai garelako: etorkizunak guztiona izan behar du. Edonola ere, parean ageri diren hodei beltzen artean argi izpiak ikusteko kapaz izan arren, argi horrek ikusgarri bilakatuko duen paisaia urrun dago oraindik, eta ezagutzen ez dugun neurrian, ezin dugu izendatu. Horregatik, guk bidearen inguruan hitz egitea aukeratzen dugu; horrek, etenik gabeko bidaia luze batean murgiltzearekin batera, prozesua ahoskatzera behartzen gaitu.
Prozesu hitzak aurrera egiteko akzioa edo denboraren igarotzea esan nahi du, eta prozesu sozialistak bi esanahiak biltzen ditu. Aurrera egitea konbikzioz, etengabe; helmugara heldu bitartean bidean aurkitutako oztopoak gaindituz, gure oinatzak lurrean utziz eta gu baino lehen etorri zirenenei jarraituz, itsasoan uberak baleude bezala. Ekaitza bukatu eta atzera begiratzean gure arrastoa ozeanoan ikus dadin, bidaia gogoratzea ere badelako helmugaren parte. Prozesu terminoa gure jarduna barne biltzeko gai da denboran aurrera egiteak ez duelako ezertarako balio bidearen parte garen guztiok ez badugu hartzen aurrera egiteko konpromisoa, etorkizunik ez dagoelako prozesuaren baitan ez bada.
Horretan gabiltza: etorkizuna loratu artean haziak landatzeaz arduratzen, bidean topatzen dugun oro gure bidaide izatera gonbidatzen, etorkizunaren parte izatera, horrela hodei beltzei, ezintasunari, itsaso mugagabeari eta ibilbide faltari aurre egin ahal izateko. Apatiaren aurrean itxaropena gailendu dadin, eguzkia lainoen artetik aterako dugu gure esku hutsez bada ere.
Etorkizunik ez dagoelako prozesuaren baitan ez bada.