AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Imanol Kañamaresek oraintsu idatzitako koiunturatik tiraka, Nafarroako Gobernuaren erabakiaren harira, pare bat hausnarketa plazaratu nahiko nituzke. Biltzeko eta mugitzeko murrizketei, manifestatzeko askatasun eza gehitu baitzaie. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren azken erabakia, askatasun politikoen ezeztatzeari dagokionez, manifestazioak mugatzea izan da. Deitutako manifestazioan, Nafarroako Gobernuak zein berau osatzen duten alderdiek ofentsiba burgesean betetzen duten papera salatu nahi zen, beste hainbat gauzaren artean. Harritzekoa iruditzen zait hain zuzen kritikatu eta salatu nahi dugun horrek kritika eta salaketa hori nola egin behar dugun erabakitzea. Askok esan dute manifestazioa ez dela debekatu, eta zentzu hertsian egia izan daiteke, baina manifestatzeko askatasuna bai izan da galarazia. Alde batetik, manifestazio horrek masen mobilizazioan zuen bere izatea eta berau mugatzeak manifestazioaren zentzua bera mugatzea eragiten du. Edukia bera ez mugatzeak ez du esan nahi manifestatzeko askatasuna bermatzen denik. Manifestazioen helburua performance bat ez dela ulertzen duen orok, ulertzen du ezkutuko debekua dela hori. Beste alde batetik, indibiduoaren manifestatzeko askatasuna zuzenean izan da debekatua; mobilizazioan parte hartu zezaketen 200 pertsona horietaz gain, mobilizatzeko borondatea adierazi zuen orok ezin zuen parte hartu mobilizazioan. GKSk Nafarroan deitutako aurreko mobilizazioa adibidetzat hartuta, 500 pertsona baino gehiagori ukatuko zitzaien mobilizazioan parte hartzeko aukera.

Mobilizazioak mugatzea larria da, batez ere proletalgoarentzako. Instituzioetatik kanpo politika egiteak asko du kaleko jardunaz. Askotan gure aldarrikapenetarako plaza bakarra da kalea, daukagun modu eraginkorrenetariko bat entzun gaitzaten. Baina hori ere ukatu zaigu. Ere diot, biltzeko eta mugitzeko askatasunak zuzenean debekatuak izen direlako, baina, horrez gain, politikarako bitarteko eta esparru ezberdinetara ere sarbiderik gabe aurkitzen da proletalgoa: politika instituzionalera, masa-komunikabideetara, ekonomiaren gaineko agintera, etab. Jakina denez, aipatutako askatasun politikoen mugatzeak ez digu guztiori berdin eragiten: alderdi politiko eta sindikatuek ez dituzte restrikzio horiek pairatu eta, hortaz, beraien jardunarekin jarraitzeko aukerak izan dituzte, besteak beste. Proletalgoaren presentzia eza instituzioetan nabaria da, gutxienez berau ordezkatzen duen proiektu politiko gisara eta larrialdi egoeran zilegitzat hartu den politika bakarra instituzionala izan da. Baina kontutan izanda guzti honen ondorio bortitzenak proletariotzak jasango dituela eta Espainiako Kongresuan egon den adostasuna ikusirik, oposizio erreal bakarra langile klasea da, hain justu antolatzeko gaitasuna, tresna eta baliabideak ukatu zaizkion sektorea. Horretaz ere ari gara askatasun politikoen ukatzeaz ari garenean, politika egiteko ditugun baliabideen ukapenaz. Adibidez, aipatzekoa da zenbait espazioren egoera alegala baliatu dutela antolakuntza politikoa  gelditzeko, esaterako, gaztetxeak, horrela behar beharrezkoak zaizkigun azpiegitura baliabideak ukatu zaizkigu.

Gainera, pandemiaren harira, zeharo kriminalizatu da antolakuntza proletarioa. Politika egiteko modu zilegi eta arduratsu bakarra instituzioetara bideratuz, politika erreala esfera horretara mugatuko bailitzan eta gainontzeko guztia negazionista izendatuz. Kaleetako manifestazio eta mobilizazioak kritikatu dira egite hutsagatik, osasuna guztiaren gainetik jartzeko garaia denaren aitzakipean, ez dirudi eskubideak lapurtu dizkigutela salatzea beharrezkoa denik. Erantzukizun falta gisa kalifikatu da gure eskubideen aldeko borroka, ez dakit, ordea, kritika horrek zenbat duen komuniston aurkakoz eta zenbat gazteriaren infantilizazioaren ondoriozko kriminalizazioaz. Hori horrela, politika esfera instituzionalera mugatzea lortu dute, horrek antolakuntza proletarioa lausotzea eragin eta ofentsiba honen oinarriak indartzea du ondorio gisa.

Proletariotza eta zehazki gazteria langilea larrialdi honek gogor kolpatu gaitu. Gure aisialdia erreproduzitzeko gaitasun gabe utzi gaituzte, langabezia tasa nabarmen hazi da, gure gaitasun ekonomikoa txikitu da... Gure proletarizazioa agerikoa da. Gazteriaren miseria areagotu da, eta ematen ari den aberastasunaren banaketa ikusita, miseria gure bizitzen parte izatera etorri da. Urkulluk maiatzean egindako deklarazioen arabera, bizpahiru urte beharko dira galdutako lanpostuak berreskuratzeko, ez bada, bitartean, polizia bilakatzen garela.

Barne Ministerioaren aurrekontuen arabera, 2021ean Ministerio honi 8.906 milioi euro dagozkio, 2020an baino % 3,91 gehiago. Partida guzti horren % 70 Polizia Nazionalaren (% 20ko igoera) eta Guardia Zibilaren soldaten igoerara bideratuko da. Gainera, plazak areagotuko direla aurreikusten dute, 2020an ateratako 5.500 plaza berriei gehituko zitzaizkienak. Poliziaren presentzia areagotzea eta horien soldaten igoera ez dira kasualitatea. Pandemiaren lehen zatian, kaleen militarizazio bortitza jasan bagenuen ere, presentzia eta jazarpen poliziala, gaur gaurkoz ere, erabatekoak dira, kamioi militarrik gabe bada ere. Militantzia politikoaren ondorioz jasotzen ari garen isun kopurua ikaragarria da, orain arte ekintza batzuk, adibidez, pankartak jartzea, askatasunez egiteko aukera bagenuen ere, orain jazartuak gara. Azpimarratzekoa da ere Gobernuak soldatak igotzeko egindako apustua, horien fideltasuna bermatzeko ote? Estatu poliziaren oinarriak ondo ziurtatzen ari dira.

Polizia kopurua eta horien bortizkeria handitu da, baita komunikabideen desinformazioa ere. Gobernuaren neurri berriek geroz eta insubordinazio gehiago eragiten dute, baina era berean sektore erreakzionarioa geroz eta nabariagoa da, estatu poliziala badabil bere fruituak ematen. Neurri berriak inposatzen direnean, protesten olatua izaten dute erantzun gisa, baina aste gutxiren epean neurriak naturalizatu eta gure bizitzak baldintza berrietara erraz moldatzen ditugu, horrela ematen ari da burgesiaren gidaritzapeko interbentzio kulturala, eta hor kaltetuenek badugu zer borrokatu.