Asko esan da gizartearen sexualizazioaz azkenaldian; eztabaidarako gai zentrala ez bada izan bestelako debateen parte izan da, baina errealki harritzekoa ustez gizartearekiko «kritikoak» diren zenbait espaziotatik eman zaion trataera da, kapitalismoaren tendentzia sexualizatzaile hori emakumeon askatasun sexualarekin nahasteraino. Gai honen inguruan arituko naiz hurrengo bizpahiru ikuspuntuetan, sexualizazioak emakume langileon zapalkuntzarekin duen loturan zenbait elementutan sakontzeko asmoz.
Interpretazio ugari egin dira sexualitatearen inguruan historian zehar, filosofiatik hasi eta medikuntzaraino, baina, batez ere protagonismoa 70eko hamarkadako iraultza kulturalaren konbultsio testuinguruan hartu zuen, lehenengo aldiz politizatu baitzen sexualitatea. Askapen sexuala, beste aldarrikapen batzuekin batera, ozen aldarrikatu zen garaiko muga eta estereotipoen kontra. Etorkizunak eskaintzen digun esperientziatik, ezin genezake esan garaiko gazteen ahotsak gaurko errealitatean lasaitua aurkituko zukeenik. Alde batetik, ez delako halako iraultzarik gauzatu, nahiz eta sexualitatearen ulerkera kulturalki aldatu egin den ez baita interes ekonomiko-politikoetatik askatu. Bestetik, garaiko aldarri antikapitalistak kapitalismoari bere modernizazio ekonomiko zein kulturalerako baliagarri gertatu zaizkiolako.
Esan dezakegu orduko harreman sozial ereduaren kritika desira indibidualaren autonomia mugagabearen izenean egin zela eta, ondorioz, ez zela erreakziotik haratago harreman sozialen eta, beraz, desiren antolakuntza forma berririk planteatu. Eta hain zuzen ere, kapitalismoak, garapenenean, erreakzio forman egiten diren aldaketa kulturalak bereganatzeko saiakera etengabea egiten du, eta aldaketa horiek ez badira dominazio egituraren gaindipenerako termino politikoetan ebazten, kapitalak bere interesetarako erabil ditzakeela demostratu du behin eta berriz. Hortaz, bi irakaspen edo hipotesi atera ditzakegu hemendik: 1) aldaketa kulturalak ez badira programa politiko iraultzaile bati loturik eta hori gauzatuko duen antolakuntza proposamen baten eskutik gauzatzen, nekez lortuko dute kapitalaren hatzapar orojaleetatik ihes egitea eta 2) aldaketa kulturalek ez lukete soilik erreakzio forma bat izan behar, hots, ezarrita dagoenaren kontrako forma bat, baizik ezarri nahi den gizarte berri horren fundamentu etikoen enbrioia izan beharko lukete bere sakonean.
Bistan da azken hamarkadetan sexualitatea ulertzeko moduari dagokionez sakoneko aldaketak gertatu direla gizartean, hein handi batean, diziplina eredu familiar eta erlijiosoaren gainbeherarekin batera edo agian gainbehera hori bultzatuz neurri batean. Kapitalismoaren joera ekonomiko eta sozial berriekin batera garatutako teoria postestrukturalisten gorakadak ere eragin zuzena izan zuen zenbait ideien hedapenean, esaterako, gorputzen askapenari dagokionez. XX. mendearen bigarren erdian gertatutako iraultza kultural batez hitz egiten da, zeinaren fundamentuan norbanakoak gizartearen gainetik hartu zuen zentralitatea koka dezakegun. Biraketa horretan eragina izan zuten fenomeno sozial, ekonomiko zein politiko ugari aipa daitezke, emakumearen lan munduratze hedatuaren ondorioz feminismoak izan zuen gorakada, proiektu kolektiboen gainbehera… baina testuaren luzera-muga dela eta hemen ez ditugu landuko. Gaiari dagokionez, garaiak utzitako ondorioen artean, nabarmentzekoak dira hauek: askatasun indibidualaren goraipamena egin zela askatasun soziala eskuratzeko bide gisa, eta ordura arte onartezinak ziren jokaera zein harreman sexualei loturiko zenbait jarrera zabaldu eta desestigmatu zirela, eta horrekin batera sozialki onargarri zenaren mugak zabaldu. Alegia, aldaketa hura baliagarria izan zen zenbait sexualitate forma diskriminazio egoeratik ateratzeko.
Sexu askapenerako aldarriak bere barnean biltzen zituen zenbait elementu benetan egikaritu dira. Agerikoena sexualitateak bizitza publikora egindako jauzia da, familiaren esparru pribatutik ateraz eta, bizitzako esparru gehienak blaituz. Sozializatu egin da, beti ere, aldaketa ekonomiko-politikoek hala ahalbidetu dutelako. Dimentsio kontrolaezinetaraino hedatu da, hain justu, kapitalarentzat etekinak ateratzeko baliabide ezin hobea delako. Azkenerako, termino guztietan sexualizatu da gizartea. Eta emakumeon askatasun sexualerako baldintzak jartzetik urrun, hainbeste eta hainbeste emakumeren gaitzen sorburu bihurtu da. Izan ere, emakumeon gaineko zapalkuntzak badauka partikularitate sexual bat, nahiz eta zapalkuntza ez den soilik forma horretan gauzatzen, espezifikotasun hori hartzen baitu: jazarpen sexualak, bortxaketak, esklabutza sexuala, estereotipo sexistak, gorputzen kosifikazioa eta beste. Hau guztia, gainera, gero eta modu gordinago eta hedatuago batean erreproduzitzen da, eta, hainbesteko erraztasunez kontsumitzen den kultura sexualizatu guztia dela eta, kezkagarria da egungo gazteon artean ematen diren eraso eta mota askotariko jazarpenen ugaritzea. Ikusi besterik ez daude Maria Fuentesek kazeta honetarako eginiko kolaborazioan aipatzen dituen datuak.
Esanguratsua da sexualitate askeen aldarria izan zena nola bihurtu den etekin ekonomikoak areagotzeko baliabide burgesiarentzat. Nola, merkatu libre eta mugarik (ezta moralik) gabekoaren testuinguruak inpultsua eman dion emakumeon gorputzak merkantzia bihurtzeko tendentzia historikoari. Emakume langileoi ezarritako diziplina sexual eta iruditeria sexualizatuaz gain, hipersexualizatutako gizarte baten ideologia orokorraren baitan, emakume proletarioak plazer sexualaren ekoizpenerako erabiliak baitira, kapitalak emakumeon gorputz aurrez sexualizatuetan gainbalioa erauzteko bitarteko ezin hobea aurkitu duelako.
Era berean, hori forma hedatuan gerta dadin, zenbait baldintza ekonomiko eta kulturalek existitu behar dute. Alde batetik, emakumeon lan indarrak gutxiago balio izateak (soldata baxuagoak, lan baldintza zinez nekagarriagoak) eta langabezia tasa altuek bermatu dezakete emakume ugarik biziraupena beren gorputzen salmentetan bilatu behar izatea. Bestetik, emakumea sinbolo sexual gisa sozializatuta egotea ezinbestekoa da merkantzia horrek merkatuan salmenta izan dezan. Azken hori, industria sexual eta kulturalaren bidez bermatzen da: bertan aurki ditzakegu aurrez aipaturiko estereotipo burgesak eta kanon estetiko burgesa sozializatzen dituen publizitate eta marketing guztia, prostituzioa, pornografia, masa kultura hipersexualizatua (serieak, filmak, marrazki bizidunak, komikiak, eleberriak), eta beste hainbat.
Horrez gain, aipatu beharrekoa da oraintsu ikus-entzunezko formatuek zentralitatea hartu duten kontsumo eredu berri baten garapenak sexu industriaren kontsumoa zabaldu eta eskuragarriago egin duela, eta bide eman diola haren hazkundeari eta hedapenari. Sexualizazio forma maistreamingak ugaritu dira baina, baita, normaltasunaren transgresiotik planteatutako eredu berriak, edota desira indibidualaren autonomiaren ilusiotik norberak «hautatutako» eredu sexualizatuak ere. Baina, finean, ez al dago guztien erroan emakumearen iruditeria sexual baten erreprodukzioa, aldi berean, bere zapalkuntzaren logika erreproduzitzen duena? Edo, planteatu al daiteke gorputzen merkantilizazioa kapitalaren logikatik at norbere autodeterminaziotik?
Ni ezezkoan nago. Hasteko, kontuan izan behar baitugu gorputz sexualizatuak produzitzen dituen egungo heziketa sexualak, eta horren bidez errotzen diren estereotipo sexistek, indarkeria matxistari ateak zabaltzen dizkiotela. Are gehiago, emakumea objektu sexual bilakatu izana emakume langileon zapalkuntza gorpuzten duen funtsezko formetako bat da eta, aldi berean, zapalkuntza horren erreprodukziorako bitarteko. Arazoaren erroa, beraz, ez dago norberak bere gorputzarekin nahi duena egiteko erabakimen askean, ez baita baldintza sozialik existitzen norbere askatasuna askatasun unibertsaletik eratorria izateko ezta gure erabakiak ideologia burges dominantearengandik baldintzatuta ez egoteko. Eta beraz, azpimarratu, erabakimen «askearen» eta gisa horretako apologien izenean kapitalismoaren tendentzien justifikazio batean erortzeko arriskua dagoela. Azken finean, emakumeon gorputzen sexualizazioa menderakuntza mekanismo bat besterik ez da askatasun edo autonomia indibidualaren aurpegiaren atzean, eta hori bera da borrokatu beharrekoa, eta ez soilik bere forma. Begirada zorroztu eta asmatu behar dugu ikusten libertate gisa saltzen digutena emakume burgesentzat baino ez dela askatasuna; emakume langileon gaineko menderakuntza mekanismoak sakontzen eta fintzen diren bitartean, emantzipazio sozial eta askatasun unibertsalaren alde borrokatzeko geroz eta indargabeago gaude.
Beraz, sexualitatearen auzia zinez da konplexua, behintzat politika iraultzaile baten begiradatik begiratuta: zer du gure sexualitateak askotariko indarkerien jo puntu bihurtzen duena? Zer mekanismoren bidez egikaritzen da gure gorputzen sexualizazioa? Nola zuritzen edo normalizatzen da sexualitatearen gaineko kontrola? Zein da gure zapalkuntzarekin duen erroko harremana? Ba al dago hipersexualizatutako gizarte batean sexualizazio eredu ez zapaltzailerik emakumeontzat? Zorionez, gai hau behar besteko zorroztasunez jorratzeko asmoa duela iragarri berri du Itaiak.