AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en Castellano

Azkar doa denbora azkenaldian: ohartzerako urria da, hilabete pasatxo da jada hezkuntza-esparruko militanteok ikasturtea hasi genuenetik eta, hala ere, beharrezkoa iruditzen zait ikasturtearen hasieraz hitz egitea. Udan zehar gure bizi- eta militantzia-eremu izan ditugun sorterrietatik bueltan bilboratu garenontzat zaplada galanta izan da berriro ohartzea –ez baitugu sekula ahaztu– Erronda kaleko ikasle-egoitzarik gabe segitzen dugula, gure jardun politikoa aurrera eramateko espazio propiorik gabe, alegia.

Harritzekoa litzateke irakurleren batek oraindik egoera zertan den ez jakitea, baina jakinda ere, ez dago sobera hemen berriro azaltzea. Hamarkadetan zehar ikasle- eta herri-mugimenduko eragileen jarduerarako erabili izan da Errondako egoitza eta behar-beharrezko baliabidea izan da –eta da, oraindik ere– Ikasle Abertzaleak bezala biziraupen ekonomikoa indar militanteen esfortzu soilari esker bere bermatzen duen antolakunde batentzat edo autoantolakuntzan oinarritzen diren hezkuntza-esparruko bestelako taldeentzat. Erosi zenetik, espazioa Euskal Ikasleen Erakundea delako elkartearen izenpean dago eta hari dagokio, ondorioz, kudeaketaren ardura. Argi gera dadin, gogora dezagun elkartearen zuzendaritza Ikasle Abertzaleen esku egon dela urtetan. Iazko ikasturtearen hasieran, Sortu alderdiak egoitzatik alde egiteko agindua eman zigun: jakin genuen ikasle-antolakundearen bizkarrera elkarteko zuzendaritza aldatu zutela eta komenigarrien zitzaizkien beren hiru militanteri pasa zietela postu hori. Jokaera irregular horiekin politikoki kolpatu nahi gaituzte. Horregatik saihestu dute prozedura egokia: Ander Goiatxek kazeta honetan bertan egindako kolaborazioan ondo azaltzen duen bezala, 2006tik elkartearen zuzendaritza osatzen zuten hezkuntzako militante ohiek dimititzea eta elkarteko bazkideek asanbladan zuzendaritza berria hautatzea da egon daitekeen konponbide egoki bakarra, elkartearen estatutuek hala eskatzen dute-eta. Kontrara, inolako abisurik gabe eta ofentsiba intentsifikatuz, sarraila aldatu zioten egoitzari ikasturte amaieran. Ikasle Abertzaleok irtenbide egokia eman nahi izan diogu egoerari, bi aldiz proposatu zaie hitzordua egungo zuzendaritza faltsukoei arazoa asanblada legitimoan konpon dadin, baina ezer ez, ez dute ezein unetan inolako borondaterik erakutsi. Lapurretaz hitz egitea ez da egoera hanpatzea, beraz. Behin eta berriz frogatu dugu Errondako egoitza erabiltzeko zilegitasuna Ikasle Abertzaleok dugula. Gainontzeko argudio sasi-historizistek, justifikazio baldarrek eta deslegitimazio saikaera oportunistek ez dute ezertxo ere balio.

Auzia argitzeko elementu gehigarri batzuk eskaintzea garrantzitsua zela uste izan dudan arren, egoitzaren auzian sakontzen jarraitu baino, deslegitimazio saiakera horiei begira jarri nahiko nuke artikulu honetan, hain zuzen. Ez, ordea, edukiari begira soilik; iruditzen zait interesgarria dela hainbat ekintza erasokorrek hartzen duten formari ere erreparatzea. Izan ere, egoitzaren egoerak berriro azaleratu duen arren, atzeragotik eta sakonagotik datorren kontua da mugimendu sozialistaren aurka egindako ekintzena eta, gainera, auzi batzuk mahai-gaineratzea eskatzen du kulturari gagozkiolarik: sare sozialetako jardunarena, umorearen erabilera politikoarena, hain zuzen. Kultura postmodernoaren auzia, oro har.

Postmodernitatea ez dugu inola ere auzi artistiko edo estetiko gisa soilik ulertu behar, ezpada, Fredric Jamesonen bidetik, kapitalismo berantiarraren logika kultural gisa. Alegia, inplikazio eta aplikazio artistikoak dauzka, jakina, baina bereziki gure subjektibitateetan eragiten du, bizi-ohituretan, harreman sozialetan. Postmodernitatearekin lotzen dira, besteak beste, efimerotasuna eta kolektiboaren deuseztapena, informazio gainkarga eta inpotentzia politikoa. Sare sozialak ere ikuspegi horretatik ulertu behar ditugu. Ez dira baliabide neutroak: Twitter ez da gure garaiko agora, Facebook ez da herriko plaza sareetara eramana, Instagram ez da argazki-album digital bat. Sare sozialak, finean, kapitalismo postmodernoko mass-medien garapen teknikoak dira. Alegia: kapitalaren egungo beharretarako daude diseinatuak. Alegia: haien konfigurazio teknikoak objektiboki mugatzen ditu bertatik eratorritako espresioak. Memeak, gifak, oro har sare sozialetan azken hamarkadan garatu den umore millenniala espresio postmodernistak dira: erraz erreproduzitzeko eginda dauden formak dira eta sakontasunik gabeko umorea, plazer hiperrazkarra eta entretenimendu banala dituzte ezaugarri. Gif batek ez du inoiz poema baten konplexutasunik izango, ez meme batek bertso baten umore sakonik ere. Nik uste ulergarria dela, ondorioz, zalantzak sortzea kultur forma horiek izan dezaketen erabilera politikoaren inguruan.

Ez ditut hasieran alferrik aipatu mugimendu sozialista deslegitimatzeko egindako ekintzak, aspaldi samar baita dagoeneko ekintza horietako batzuek meme, bideo-muntaia eta umore millennialaren forma ere hartu izan dutela. Errondako egoitzaren harira, esaterako, ugariak izan dira modu horretako jokaerak: sare sozialetako eduki serioei gifekin erantzutea, meme-itxurako argazki-muntaiak, baita –lotsa ematen du aipatzeak berak– hainbat herritan determinazioz ipinitako pankartei txiste absurdodun pankartekin erantzuea ere. Ez naiz ni izango umoreari balio politikoa ukatuko diona: ados nago umorea gauza serioa dela dioen ideia zahar harekin eta uste dut beti-betitik izan dela erreminta eraginkorra arerioa lotsarazteko eta errealitatearen zokondoak argiztatzeko. Hala ere, benetako seriotasun eta heldutasun politikoz inguratuta ez dagoenean, uste dut halako umoreak ez duela Youtubeko katutxoen bideoek baino gehiago balio.

Egoitzarena kontu serioa da, daukagun  espazio bakarretako bat dago jokoan, eta auziak eskatzen duen arduraz eta seriotasunez jokatu dugu. Aski esanguratsua da bueltan jaso duguna, ia soil-soilik, umore baldarra izatea. Sare sozialetako jarduera horrek eta umore banalak, finean, Manex Gurrutxagak bere azken bi ikuspuntuetan ondo ezaugarritu zuen klase ertainaren jardun politikoari erantzuten diote, sentsazionalismoa eta performancea ipintzen delako eztabaida politikoaren eta gertakari konkretuekiko erantzukizunaren gainetik. Gifekin ezin da eztabaidatu, bideo-muntaiek ez dute argudio bezala inolako baliorik. Eduki politiko seriorik ez dagoenean, egoitzaren auzian erakutsi duten bezala, umoreak eta banalitateak ezin dute eduki horren lekua bete. Argazki-muntaia ergel batek edo “pesaus” (sic!) jartzen duen pankarta batek ez daukate eduki politikorik beren horretan, beren forma soilik daukate eta izan dezaketen aurkakotasunezko asmoa. Alde horretatik, ez dira mugimendu sozialistak orain arte jasan dituen erasoen oso desberdinak: txosnaguneko pankarta bat erretzearekin edo boikot sozialaren bidezko deslegitimazioarekin ere berdin bilatzen baita errealitate konkretua saihestea, egoerari erantzukizunez heldu beharrean. Alegia, funtsean, ekintza erreakzionario horiek azaleratzen duten edukia kultura politikoaren dekadentzia eta antikomunismoa baino ezin daitezke izan. Antikomunismo millenniala: jokaera erridikuluak izen erridikulua behar.

Argi dagoena da edonor baino bixkorragoak eta graziosoagoak direla uste duten horiek ez dutela lortzen beren buruak barregarri uztea besterik. Mugimendu sozialista erridikulizatu eta deslegitimatu nahian, beren buruak baino ez dituzte erridikuluan uzten eta beren proiektu politikoaren egokitasuna baino ez dute jartzen zalantzan. Oro har hori erakusten baitute, etengabe, gero eta argiago: programa politiko serio baten ageriko gabezia. Gu, aldiz, geure bidean goaz. Umore millenniala eta eraso erreakzionarioak baino zerbait gehiago beharko dute gero eta sendoago eta indartsuago dagoen mugimendu sozialista oztopatzeko.