AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Irudi lezake gizartean egon badagoela aukera askatasunik, nork bere burua nahi duen eran erreproduzitu ahal izateko askatasuna, adibidez. Eman dezake, egun, inoiz baino dibertsoagoa dela bizitza, nahiz eta ideologia kontserbadoreak eta jendartearen ideia erreakzionarioek bakoitzak bere indibidualtasuna askatasunean garatzeko aukera hori ukatzen duten. Hau da, eman dezake, aniztasunaren arazoa bere aitortza faltan dagoela, ideia matxista, arrazista, homofobo, transfobo eta abarrengatik ez balitz, indibidualtasun askeez gozatzeko aukera izango genukeela. Badago horrelako uste hedatu bat inguruan baina, ideologiok norbanakoaren zein kolektiboaren bilakaera askea oztopatzea lor dezaketen arren, horrek ez ditu ideia progresistak automatikoki garapen libre baterako berme bihurtzen, ez bederen bere horretan.  

Izan ere, kontrakoa pentsatzea lasaigarria izan daitekeen arren, ausartuko naiz esatera ez dagoela kapitalismoaren baitan ez norbanako eta ez kolektiboaren garapen kualitatiboki aske baterako aukerarik. Kapitalaren interesak unibertsalizatu diren garai honetan, identitateen garapena merkatuarekiko menpekoa baita. Soldatapeko lanaren eta truke balioaren logikari azpiraturik agertzen da garapen indibidualerako aukera, eta, horrenbestez, erreprodukziorako aukerak inoiz baino homogeneoagoak direla ondoriozta daiteke. Hau da, kapitalismoak norbanakoen garapen askerako aukerak mugatu eta berdintzen ditu, fenomeno desberdinen merkantilizazio (homogeneizazio) prozesuak emanaz. Modernizazio kapitalistarekin, kapitalismoa mundu osora hedatu da eta bizitzaren esparru guztiak konkistatu ditu, horiek bere esplotazio logikaren barruan txertatuz. Hedatzeko behar horren ondorioz, kapitalak aniztasuna sistematikoki jazarri eta, oinarri ekonomiko burgesen barruan funtzionala den identitate oro merkatuaren kategorietara mugatzeko joera erakutsi du, eta aniztasuna merkatuak eskaintzen duen horretara mugatzekoa.  Esan beharra dago horrek ez duela aditzera eman behar fenomeno horiek berezko potentzialitate emantzipatzailea daukatenik eta merkatuaren asimilazioa denik potentzial iraultzaile hura kentzen diena, ezein fenomeno partzialek ezingo baitu osotasuna eraldatu. Horrez gain, argitu esandakoak ez duela ukatzen merkatuaren logikarentzat zuzenean baliagarriak ez diren identitateak existitu ezin daitezkeenik gizarte kapitalistan. Baina bai ez dagoela merkantilizatua izateko potentziala ez den identitaterik, merkantzia bere aldagarritasunak definitzen duelako eta ez bere edukiak.

Ideia nagusira bueltatuz, kapitalismoan ez dago bizitza erreproduzitzeko moduaren alternatibarik, eta garapen indibidual eta sozialerako aukerak soldatapeko lanari eta merkantzien ekoizpen prozesuari azpiratuta agertzen direnez, hau da, norbere izatea kapitalaren organo izatetik pasatzen denez, ezin daiteke indibidualtasun askerik erreproduzitu. Kapitalak, identitate desberdin ugari ekoitz ditzake merkatuaren hedapen beharren arabera, ad infinitum, eta nolabaiteko aniztasun bat irudika dezake, beti ere bere logikaren barruan eta bere logikarentzat baliagarriak baldin badira. Identitateen ugaritasun horrek ez du, ordea, bizitza soziala heterogeneoagoa bihurtu denik frogatzen, esan bezala, modernizazio kapitalistak erreprodukzio logika homogeneo bat ezarri baitu gizartean, hain zuzen ere, merkantzien ekoizpen orokortuari dagokiona. Merkantziak inposatzen du aukera, eta bizitza «masan» ekoizten da baldintza kapitalista berberen pean.

Horrek argi erakusten du aniztasunaren defentsa egitea guztiz beharrezkoa dela. Baina akats larria egingo genuke baldin eta defentsa hau desberdintasunen edo identitateen apologia hutsal batekin nahastuko bagenu –hutsal, ulerturik, errealitatearekin konektatuta ez dagoena bezala-. Norbanakoak forma anitzetan garatzeko aukera edo aukera eza ez baita pentsamenduaren bitartez ebatz daitekeen zerbait; kontrara, harreman sozialen logikari erantzuten dionez, errealitatearen esparruan soilik ebatz daiteke. Zera esan nahi dut: askok kapitalismoaren eta bere gaindipenaren arazoa kategorietan kokatu dezaketela, eta beraz, kategoriei izaera eraldatzaile bat aitortzen dietela edo iradokitzen dutela aniztasuna aitortzen duten kategoriak erabiltzen baditugu aniztasuna errespetatu eta posibilitatu dezakegula. Edo kontrara, argudiatzen dute historiaren tendentzia eta subjektuak unibertsalizatzen dituzten kategoriek gizartean existitzen den heterogeneotasuna ukatzen dutela. Esaterako, hemen sartuko lirateke kontzeptuak nolanahi eraldatuz subjektu berriak sortu daitezkeela pentsatzen duten horiek edo hizkuntza inklusiboaren erabilera bere horretan askatzailetzat defendatu dezaketenak. Bestalde, hemen leudeke langileria eta burgesia gizarte kapitalistako bi klase sozial antagonikoak direla baieztatzean klasea bera homogeneizatzen dela esan izan dutenak, eta hala, marxismoa intentzionalki aniztasunaren ukapenarekin lotzen dutenak.

Filosofia egiteko inongo pretentsiorik gabe, baina argitu dezagun, zertan datzan mundua ulertzearen auzia. Bada, gizartea egokien azaltzen duten kategoriak aurkitzean ala lasai gaitzaketen kategoriak erabiltzean funtsatzen al da? Esan nahi baita kapitalismoak daukan tendentzia unibertsalizatzailea mahai gaineratzeak ez duela aniztasuna baztertzen, kategoriek kapitalismoak berak ukatzen duena azaldu baino ez dutela egiten, hau da, ezkutuan dagoena begi bistan jartzen dutela, alegia. Beraz, esango genuke errealitatean tentsio bat existitzen dela, bai, harreman sozial kapitalisten eta desberdintasunen menderakuntzaren artean, baina soilik ebatz daitekeela errealitatean, tentsio horren sorburua eraldatzen bada: kapital metaketan oinarrituriko gizarte antolaketa eraldatuz.

Kuriosoa da, errealitatean identitateen aniztasuna existitzen dela aldarrikatzen duen diskurtso hau giza bizitzaren homogenizazio prozesu batekin batera agertu izana. Politika hauen gorakada bere momentu historikoan kokatu behar dugu, hain zuzen: osotasun sozial desberdin baten ortzi-mugak falta diren garaian. Ideiok lotura zuzena dute XX. mendearen bigarren erdian post-estrukturalismoaren hedapenarekin, eta tendentzia filosofiko eta politiko hau langile mugimenduaren porrot ideologikoaren ondorengotza eta kapitalismoaren berrantolaketa garai batean koka dezakegu. Besteak beste, proletalgoaren ahultasun organizatibo eta politikoaren ondorioz, alde batetik, ezkerraren ekoizpen teorikoa zabaldu zen, eta horren bidez, ordura arte oinarrizkoak ziren kontzeptu batzuk baztertu ziren. Bestetik, lekua egin zitzaion bi klase sozialen interesen sintesia egitea eta klase borroka lausotzea helburu duen burgesiaren interbentzio ideologikoari. Marxismoaren desitxuratze bat gertatu zen, eta  hura soilik estruktura ekonomikoa deritzonaren ulermen markora mugatu zen, albo batera utziz botere burgesa harreman sozial gisa ulertzea. Bide horretatik, klasea beste identitate bat gehiago bihurtuta, gainontzeko identitateak kontuan hartzen ez zituela leporatu zitzaion marxismoari eta identitate desberdinen aniztasunaren apologia bat abiarazi zen, ezkerretik. Orokorrean errealitatea osotasunean aztertzeko pretentsioa duten teorien kontra, eta espezifikoki, marxismoaren kontrako ofentsiban. Gizartearen osotasunari erreferentzia egiten zioten oinarrizko kontzeptu batzuk eta kosmobisio oso bat izango dira baztertuak garapen teoriko-politiko horretan.

Hala ere, historiak oraindik ez du kontrakorik frogatu: unibertsalak diren kontzeptu hauek guztiz beharrezkoak izaten jarraitzen dute edozein politika eraldatzailerentzat. Esaterako, klase interes unibertsalek koiuntura politikoa ulertzen lagundu diezagukete, eta alegia, errealitateari aurre egiteko estrategia eraginkorra ikustatzea ahalbidetu. Aniztasunaren eta desberdintasunen apologiek eta identitateetan oinarritutako berehalako interes desberdinen aldarriek gako gutxi eskain ditzakete unibertsala den eta bizitza  sozial osoa menderatzen duen esplotazio kapitalistari aurre egiteko. Baina uste dut unibertsalki dominazio burgesaren mendeko garen ideiak aniztasuna defendatzeko arma eman diezagukeela. Izan ere, kapitalismoak erreprodukzio logika berbera ezarrita aniztasuna ukatzen duen heinean, erresistentzia komun bat aurkitu lezake. Baina aniztasunaren ukapenaren kontrako erresistentzien edo bere defentsaren auzia kapitalismoaren gaindipenarena da, eta beraz, hori ahalbidetu dezakeen subjektuaren politizazioarena.

Kapitalismoari  norbanakoen eta kolektiboaren garapen askerako posibilitatea aitortzen diotenek, politizazioa «munduan egoteko beste modu batzuk» performatzean adieraz dezakete, edo oinarri berberarekin aniztasunaren auzia aitortza faltan koka dezakete, baina horrelako proposamenek  nekez ahalko dute aniztasuna defenda dezakeen osotasun sozial berri bat garatua. Unibertsalizatutako kapitalaren logikaren aurrean soilik antolakuntza komunistaren bidez gaindi daiteke gaurko homogeneitate soziala; soilik komunismoaren proiektu politikoak defenda dezake errealki harreman sozial askatzaileen baitako aniztasuna; eta, bakarrik orduan, indibidualtasunak kanpo logika bati erantzuten ez dionean, egingo du aniztasunak posible askatasun unibertsalaren erreprodukzioa. Bide horretan, auzia norbere indibidualtasuna aldarrikatzean kokatu beharrean, gure indibidualtasun hori subjektibitate iraultzaile bihurtzean datza. Eta aukera argia da, norbere indibidualtasuna logika kapitalistari subordinatzen zaio, edo aldiz, bere gaindipenari.