AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Zaila da paper txuriaren aurrean eseri eta hitzei forma ematen hastea. Iragan den urteari eta datorrenari begira, igaro ditugunez eta etortzear daudenez aritzea. Baina hitz soltez, urte honetan behintzat, gazte problematikaz arituko natzaizue, edo saiatuko naiz behintzat. Ez espero testu akademikorik edo akatsik gabeko testurik, esperientzia militantetik jasotako ondorioetatik eta kideen bizipen eta eskarmentuetatik idatzitako testuak izango baitira; ekarpen xumeak egiteko saiakerak, ez besterik.

Gazte problematika abordatzeko helburuaz solasean arituko natzaizue, alegia, fenomeno desberdinez eta gertakari anitzez. Horien ulerkerarako baina, argi utzi nahiko nuke lehendabizi, geroko testu guztien oinarri izango denaren muina, datozen testuek ideia horren inguruan orbitatuko baitute. Kontzepzio hegemonikoetatik haratago, gaztetasunaren ulerkera politikoaz eta gazte problematikaren funtzioez arituko naiz.

Gazteriaren definizio edo ulerkera politikoa azalduko dudala diot, gazteriaren ulerkera despolitizatu bat dagoelako, hegemonikoa dena. Kontzeptu hegemoniko honen arabera, gazteria 16-29 urte bitartean kokatzen den bizi zikloa litzateke. Dimentsio sozial eta biologikoa duen bizi ziklo horri, ezaugarri kultural eta soziologiko batzuk dagozkio, berezkoak zaizkionak eta ziklo horren kausalak direnak. Badira ondorioztatu daitezkeen ezaugarri komunak eta, hortaz, arazo komunak dituen kolektiboa osatuko zuen; ustez, ezaugarri horiek ez dituen eta, kontrapartidan, arazo horiek ez dituen helduen kolektiboaren aurkaritzan. Badirudi honen emaitza litzatekeela gazte problematika; helduen boterearen ondorio bat. Hau da, helduen eta gazteon arteko botere harremanetik ondorioztatzen den auzi bat omen da, helduen nahien araberako gazteon manipulazioaren ondoriozko arazo-multzo bat edo.

Analisi hori kontzepzio desklasatuen ondorio da, izan ere, gazteriaren kontzeptua abstraitu eta botere burgesa eta klase zapalkuntza analisitik kanpo uzten ditu. Hau da, boterea indar dinamika errealetatik kanpo kokatzen du, helduengan kasu honetan, eta ez boterea errealki ardazten duen botere burgesean. Burgesiak determinatzen eta egituratzen baititu indar dinamika errealak, horren egituraketaren bidez gizartearen funtzionamendua eta pauta sozialak determinatzen dituelarik. Irizpide sozial horiek kapitalaren nahi edo beharrizanen arabera ebatziak direnez, auzi biologikoa auzi sozialari azpiratuta agertzen zaigu, kolektibo horren sorreran determinantea dena ez baita adina, baizik eta betetzen duen funtzio soziala. Helduek, bada, ez lukete botere modalitate bat osatuko, baizik eta, tarteka, figura diziplinario edo burgesiaren eta gazte langileon arteko mediadore funtzioa baizik.

Guk gazteria termino desklasatu horri, hortaz, gazte langilearen terminoa aurkaratzen diogu. Izan ere, burgesiak sortzen duen gazteriaren forma soziala gazteri langilean gorpuzten da, berau baita gazte problematika pairatu eta burgesiarentzat funtzio estrategikoak betetzen dituena.

Burgesiarentzat funtzio estrategikoak betetzen dituela esaten dugunean, gazteria langileak, subjektibitate bat den heinean, botere burgesa handitzeko eginkizuna duela esan nahi dugu. Funtzio-multzo hori bi logika orokorren baitan barnebildu daiteke: ekonomikoa eta despolitizatzailea. Gazteriari dagozkion baldintza ekonomikoak, lan baldintzen ondorio eta bizi baldintzen errudun direnak instituzio ezberdinen bitartez erregulatzen dira, eta berdina gertatzen da gazteriaren despolitizazioarekin, kontrol sozialaren, hezkuntzaren edo masa kulturaren bidez ematen baita.

Logika orokor horiek, gure egunerokotasunean antzemateko zailak izaten dira, baina erraz irudikatu daitezke fenomeno konkretuekin. Auzi ekonomikoa irudiztatzeko, ABLEak (Aldi Baterako Lanaldi Enpresak) eta horiek ekartzen diguten etengabeko mobilitate eta ezegonkortasunaren auzia dago, langabezia tasa ikaragarria edo praktiken fenomenoa, esaterako. Bistakoak diren auzi horiek logika orokor baten baitan ulertu behar ditugu, ez fenomeno isolatu bezala, ezta halabeharrez igaro beharreko fase bateko baldintza gisa ere, baizik eta instituzio konkretu batean gorpuzten diren eta helburu zehatz bati erantzuten dieten auzi gisa. Helburu hori burgesiak ahalik eta etekin handiena bereganatzea litzateke; soldata baxuen bidez, ordaindu gabeko eta praktika forma hartzen duen lan indarrarekin edo oporren nahiz bajen ordaintzea saihestuta. Horrela, Gazte Lan Merkatua deituko diodan instituzioa gorpuzten da. Horri hertsiki lotuta ageri zaizkigu gazteen gaitasun ekonomikoek dakartzaten bizi baldintza proletarioak: etxebizitza eskuratzeko ezintasuna, baita elikadura edo garraioa ordaintzekoa ere, familiak osatzen duen unitate ekonomikoari dependentzia absolutua, ikasketa prozesu etengabea…

Beste logika orokor batean egituratzen dena gazteria subjektu despolitiko gisa ekoiztearena da, gazte masa kultura jakin bat produzitzearena. Jaialdi kapitalista, drogen kontsumoa, arte eredu dekadentea edo sare sozialei lotuta egotea lirateke fenomeno horren adibide batzuk. Horiek ezaugarri jakinak eragiten ditu gazteriarengan; idiotizazioa edota infantilizazioa, kasu. Masa akritikoak ekoitziz borondate sozialista diluitzea lortzen da, eta antolakuntza posible baterako aukerak desagerrarazten dira.

Funtzio inmediato horiez gain, epe luzerako perspektibaz erreparatzen badiogu, gazteriak kapitalismoari beharrezko zaion modernizaziorako interbentzio subjektu gisa jokatzen duela ikus genezake, gazterian interbenitzeak etorkizuneko langileria ezaugarritzea eragiten duelako, eta datozen urteetako baldintzak ezartzen direlako. Horregatik, esentzian, gazte problematika klase problematika da, eta guztion erantzukizuna da berau abordatzea, etorkizuneko baldintza ekonomiko eta soziologikoen inposizioa ekiditea xede.

Gutxi gorabehera, horiek dira argitu eta ordenatu beharrean nagoen kontzeptu edo auzien multzoa, datozen hilabeteetako oinarriak izango direnak. Absurdoegia litzateke ukatzea kazeta honetan idaztearen erronkak suposatzen duen bertigoa niretzat; esku izerdituak, lo etena eta urdaileko marapiloak ezkutatzea alperrik da. Baina indarrez helduko diot gazteria langileriaren auziari, auzi honek langileriaren independentzian duen garrantzia argi uzteko, burgesiarentzako baliagarri zaion subjektibitatearen ezaugarriak azalarazteko eta burgesiarekin bateraezina den subjektibitate bat garatzeko beharraz eztabaidatzeko, baina batez ere, gazte belaunaldiak prozesu sozialistara batzeko arrazoiak defendatzeko.

Izango dira ikuspuntu askotarako testu berriak!