AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

(Itzulpena)

Lerro hauek idazten ari naizen unean, astebete igaro da ezkutuko Salbuespen Egoera hasi zenetik, eta arrazoi horregatik, gauzen egoerari buruz ikuspegi handiagoa izan arren, egoera aldakorra da, eta elementu asko daude argitzeke. Gauzak horrela, artikulu honetan nire asmoa martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren[1] lanaren esparruari buruzko iruzkin bat egitea izango da.

Hornikuntza kateak

Dekretuak argi eta garbi adierazten du pandemiak hornikuntza kate globalak etetea ekarri duela. Logistikaren helburua horrelako oztopoak saihestea bada ere, pandemiaren hedapen eta intentsitate azkarra eragozpen larria izan da kapitala eskala globalean metatzeko premientzako. Izan ere, pandemia horren fokua Txina izan da, hornidura kateetarako funtsezko pieza; enpresa ugarik kostuak merkatzen baitituzte errentagarritasun txikieneko prozesuak Asiako erraldoiaren lurretara deslokalizatuz. Hori dela eta, Dekretuak inportazioko aduana izapideak arintzen ditu industria sektorean, hornidura kateak babesteko ahaleginean.

Horrela, «koiunturazko» ezegonkortasun egoera horrek enpleguan «egiturazko» eraginik ez izatea ezartzen da helburutzat, eta horrek ez dirudi oso sinesgarria[2]. Zehazki, arazoak sor ditzaketen zenbait alderdi aipatzen dira, hala nola stock falta (Just-In-Time delakoaren ondorioz) eta hornikuntza kateen zurruntasuna, beharrezko epeetan ordezko hornitzaileak aurkitzeko arazoak baitituzte. Hala ere, logistika enpresa handiak irabazten ari dira egoera horretan, lehen baino are lan gehiago baitute, Amazonek bezala, jende gehiago kontratatzen ari baita[3] berrogeialdiak eragin duen eskari handiari erantzuteko, langileen kontura, noski.

Telelana

Lanaren informatizazioa duela hamarkada batzuetatik hona eman bada ere, aldaketak gero eta azkarragoak dira. Dena den, estatu espainiarraren kasuan, informatizazioak asko du irabazteko. Gauzak horrela, Dekretuak estatuaren kapitala injektatzea aurreikusten du Eraldaketa Digitalerako Bulegoa handitzeko edo ACELERA PYME (ETEak azeleratu) planetan. Telelana birusaren euste-neurriak eta isolamendua bateratzeko modurik onena dela azpimarratu da, hau da, telelana egin berrogeialdia betetzeko. Hala ere, horretarako, lanaren informatizazioaren atzerapena oso azkar konpondu behar da; inbertsioak eginez ekipamenduetan, ordenagailuetan, softwarean edo I+G+Bn. Gainera, Dekretuak telekomunikazioak bermatzeko beharra aipatzen du, «ezinbestekotzat eta estrategikotzat» jotzen baititu; izan ere, azken finean, telelanak telekomunikazio azpiegitura operatiboa behar du; eta, beraz, zaurgarria da horrekin lotutako arazoen aurrean.

Termino praktikoetan, telelana errazteak estatuko kapitala enpresen kapital finko bihurtzea dakar; beraz, litekeena da telelana gero eta presenteago egotea. Bestalde, telelanak lan-indarra atomizatzeko eta malgutasun handiagoa izateko aukera ematen du; horrela, kapitalak, aldaketak egiteko aprobetxatzeaz gain, dominaziorako tresna moduan erabiltzen du – Estatuak diruz lagunduta –.

ABEEEak (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak)

Larrialdi Egoera deklaratzeak ABEEEen uholdea eragin du, eta berrogeialdia luzatu ahala, litekeena da datorren hilean askoz gehiago izatea. Sinpleki esanda, kontratuak aldi baterako etetea da; irauten duen bitartean, nominak ez dira ordaintzen, baina langabezia eskura dezakegu, sortutakoa gastatu gabe, eta Gizarte Segurantzan kotizatzen jarraitzen da. Eragin diezaguketen kalterik txikiena duen neurria da, nahiz eta ezkutuko kaleratzea den, gizartean sor daitekeen gatazkari eusteko funtzioa du.

Aldi berean, 50 langile baino gutxiagoko enpresak salbuetsita daude Gizarte Segurantzako kuoten % 100 ordaintzetik; edo % 75 ordaintzetik, 50 edo gehiago izanez gero. Onura horri heltzeko, «normaltasunera itzuli» ondorengo 6 hilabeteetan enpleguari eusteko konpromisoa hartu behar dute. ABEEEak, enpresei emandako laguntzarekin alderatuta, ez dira ia ezer; ez ahaztu, Gizarte Segurantzari egindako ekarpena gure soldatekin ordaintzen jarraitzen dute, eta, 6 hilabeteetako akordioa hausten badute eta kalera botatzen bagaituzte, itzuli beharreko kopuruak jasangarriak dira haientzako. Mantentzen bagaituzte ez da elkartasunagatik, balioa handitutako kapital aldakorak garelako baizik (formazioaren bidez, adibidez). Langile aristokraziaren presentzia handiagoa duten sektore batzuen kasuan, negoziaziorako posizio hobeari esker, enpresek beste % 25a ordaintzea hitzartu ahal izan dute, soldataren % 100 mantentzeko.

Hemen, sindikatu nagusiek «batasun nazionalari» dei egin eta «norabide onean» doazen gobernuak hartutako neurriak txalotu dituzte[4]. Horrez gain, grebak eten (Andaluziako ostalaritza, kasu[5]) eta, kasurik onenetan, ABEEEak negoziatu dituzte. Izan ere, ABEEE bat negozia daiteke, baina ezin da gelditu, azken erabakia enpresak hartzen baitu. Ondorioz, sindikatuen ekintza eremua nabarmen murriztu da.

Bereziki kolpatutako sektoreak

Kasu mediatikoez ari garela, Glovo, Deliveroo[6] eta beste hainbat enpresetako rider askok ezin dute hilabete egin lanik gabe, osasun babesik ezak dakartzan arriskuekin egin behar badute ere. Aurreztutakoei esker aurrera egin dezaketenak ere linbo batean daude; Justizia Auzitegiak autonomo faltsuak zirela ebatzi bazuen ere, enpresek ez diete dagokiena aitortzen. Bien bitartean, patronalak «etxean gelditu» leloa baliatzen du salmentak handitzeko -merkatari txikiak barne-. Zer esan beltzean lan egiten dutenei buruz, egoera irregularrean dauden migratzaileez, etxeko langileez, etab.; inolako ogi apurrik gabe, gaixotasun larri batek kutsatzearen edo miseria gordinaren artean aukeratzera kondenatuak.

Era berean, arriskuak ugaritu egin dira: industria gune handiak itxi egin dira, baina lantoki askotan lanean jarraitzen dute; osasun langileen baldintza negargarriak ez aipatzearren, arrisku larrian jartzen dira NBErik (Norbere Babeserako Ekipoak) ez dagoelako. Gainera, legeak, patronalak hala iradokita, kamioilariei egun gehiagotan jarraian lan egiteko “baimena” ematen die eta geldialdi[7] gutxiago egiten dituzte, istripu arriskua areagotuz.

Gutxieneko osasun neurriak betetzea eskatzen duten grebak eta gatazkak mundu mailan ugaritzen ari badira ere, Espainiako estatuko gatazka maila txikia da[8]. Astelehenean ekoizpena berriro hasi zen, enpresa handi batzuetan izan ezik, batez ere automobilgintza sektorekoak. Izan ere, euste neurriak kontraesankorrak dira "funtsezkoa ez den" ekoizpenak bere horretan jarraitzearekin.

Azken gogoetak

Agerian geratu da, beste behin ere, Estatua metabolismo sozial kapitalistaren parte baino ez dela, kaleetan eta lantokietan ordena mantentzen duena, integratutako sindikatuen lankidetzarekin. Gizarte laguntzari eusten dio egoera lehertu ez dadin, baina kapital pribatuari laguntzeko egiten du ahaleginik handiena; publikoaren eta pribatuaren arteko dikotomia faltsua modu gordinean agertzen da, posible bada.

Dekretuari dagokionez, patronala izango da bere hutsuneak gehien baliatuko dituena, eta ezin dugu ulertu babes sozialaren zatia enpresen "erreskatetik" eta kontrol sozialetik bereizita. Frogatuta geratu da, berriro ere, eskubidea izatea eta hori egikaritu ahal izatea ez direla gauza bera, bizitzak arriskuan jartzera behartutako proletario asko ikusten ari diren bezala. Egoeran laguntzen saiatzen diren sindikatuen koadroei errespeturik galdu gabe, egoera orokorra da sindikatu integratuak deskalabru honen kolaboratzaile zuzenak direla. Negoziazioan duten posizioa gatazkari eusteko duten funtzioaren araberakoa da duten boterearen araberakoa baino gehiago, azken hori guztiz deseginda baitago. Halaber, berriro mahai-gaineratu da produkzioaren gaineko kontrolaren auzia: ezin bada kalean borrokarik egin, lantegietan egin behar litzateke. Tamalez, hamarkadetan zehar integratutako sindikalismoa izanak hori ia ezinezkoa den tesitura batean utzi gaitu, ekoizpenaren borroka para-estatu eta estatu estrukturetan delegatu dugulako.

Gainera, etendako jarduera ekonomikoa erreskatatzeko kredituarekin jokatzeak zuzenean gure aurka etorriko diren ondorioak ditu. Azken finean, zorra dominazio mekanismo bikaina da. «Okerrena etortzeko dago», zioen Sanchezek pandemiari erreferentzia eginez. Alabaina, etortzeko dagoena hori baino askoz harago doa, eta egiturazko aldaketak suma daitezke lanaren esparruan. Nolabait, ABEEEak lan merkatuarekin izango dugun harremanaren iragarpen makabroa dira: gero eta jende gutxiagok egingo du lan, gero eta denbora gutxiagoan, eta aldizkakotasun handiagoz.

Lan esparrua alde batera utzita, laguntza sareak sortu eta zabaldu izana azpimarratu behar da. Horri dagokionez, Burgosko Elkartasun Sarearen adibidea aipatu nahi nuke; izan ere, osasun krisi honen ondorioak arintzera mugatzen diren beste sare despolitizatu batzuek ez bezala, klase etsaia seinalatzen dute eta ez dute zuritzen, beren elkartasun lanaz baliatzea eragotziz. Proletalgoaren autoantolaketarako gaitasuna jarri dute mahai gainean, eta gainera, klase independentziaren premisatik, horri esker zentzu guztiz politikoa ematen diote elkarri laguntzeari. Era berean, lerro hauek idazten ari naizen unean, alokairuen greba sustatzen ari dira hainbat herrialdetan, eta hori beti da interes handikoa.

Egia da erresistentzia oso azkar eten dela, baina ez erabat: COVID-19ko grebak horren adibide. Dena dela, itxitzat jotzen genituen gauza asko ditugu oraindik birpentsatzeko. Aspaldiko lagun batek esan zuen bezala: «Hobe da aldi baterako garaituak gaudela aitortzea, baldin eta lortu nahi dena hala ez jarraitzea bada».



[2] Supply Chain Digital aldizkarian, zalantzan jartzen zuten «normaltasunera itzuliko ote ginen, azken hamarkadetan ezagutu dugun baldintzetan». https://www.supplychaindigital.com/supply-chain-management/covid-19-global-supply-chains-expect-major-reshuffle

[4] https://www.ccoo.es/noticia:377251--CCOO_y_UGT_consideran_que_el_Plan_va_en_la_buena_direccion_pero_que_es_dudosa_su_eficacia

[5] CCOO eta UGTk aldi baterako bertan behera utzi zuten “borondate oneko” keinu moduan https://cadenaser.com/emisora/2020/03/12/radio_cartagena/1584006446_852821.html

[8] Mercedes-en (Gasteiz), Iveco-n edo Renault-en (Valladolid) pasatakoak pasata ere.