Espazioaren gaineko kontrolaz

2020ko urtarrilaren 25a


Versión en castellano

Gedar Langile Kazeta-k eman didan aukerari eusteko ordua badela deritzot. Bada denbora militantziaren inertziek ikuspuntu proletario batetik espazioaren eta jabetzaren arteko auziaz hausnartzera eraman nindutela. Klase menderakuntzaren aurpegirik gordinenetakoa dugu hori, jabetza ezak proletalgoari dakarkion hauskortasun eta babes falta etengabea metropoli handietako eskaparate erakargarrienak ere ezkutatu ezin duen errealitatea baita. Logika ekonomikoarekiko erantzukizunez diharduen arrazionaltasun kapitalistaren baitan, azaldu bai, baina nekez defendatu ahal dena: kale gorria, ezereza.

Espazioen gaineko kontrolaren gaia mamitsua bezain erakargarria da, ortzi-muga politiko berriak esploratzea ahalbidetzen baitigu. Problematikari aurre egiteko bideak irekitzen eta epe luzera begira marraztu beharreko pausoak norabidetzen laguntzen digu.

Txoko honetan espazioaren gaineko langile kontrolaz hitz egingo dut: burgesiak dituen kontrol estrukturez, antolakuntzaren beharraz, indar metaketaz, okupazio, desjabetze eta birjabetze prozesuen logika politikoaz zein langile kontrolpeko guneen esperientzia historiko ezberdinez. Finean, politika antagonistari hertsiki lotuta doakion gai hori abordatzeko saiakera bat da hau, beste ekarpen bat eztabaidari.

Gaurkoak sarrera moduan balioko duenez, optika orokor bat plazaratu nahiko nuke, espazioen gaineko langile kontrolaz baino, espazioen gaineko kontrolaz hitz egiteko.

Izan ere, badaude bi kontrol forma edo kontrol eredu, gizarte kapitalistan aurkakoak izanik ere, elkarrekin bizi direnak. Lehena, hegemonikoa, burgesiak lurraldea komandatzeko duen gaitasun generalaren ondorio dena, botere burgesaren ondorio dena: espazioen gaineko kontrol burgesa. Bigarrena, aldiz, modu hauskor eta desegonkor baten ageri zaigu, eta ez du denboran irauteko gaitasunik: espazioen gaineko langile kontrola.

Klase botere burgesa lurralde bateko prozesu sozialak antolatzeko burgesiak duen boterea da. Burgesiak espazio baten gaineko kontrola bermatzeko egitura oso bat dauka, instituzio ekonomiko, juridiko, politiko eta ideologiko-kulturalez konfiguratzen dena (Estatua, marko juridikoa, eskolak, etab.). Instituzio horiek klase boterearen aplikazio konkretuak dira.

Diruaren bitartez gauzatzen dira unibertsal gisa ageri zaizkigun eskubideak, tartean, espaziorako sarbidea. Beraz, marko juridiko burgesaren atzean trukea oinarrian duen harreman ekonomiko bat daukagu, zeinetan jabeak jabetza baterako eskubidea ordaintzen duen. Harreman ekonomiko hori da estruktura juridikoaren aurrebaldintza. Estruktura juridikoaren izateko arrazoia trukearen harreman ekonomikoa modu ordenatu batean gauzatzen dela bermatzea eta harreman hori babestea da.

Konkretuan, botere legegile, judizial eta betearazlearen bitartez, burgesiak espazioen erabilera diruaren eta jabetza pribatuaren printzipioen arabera arautzen du, eta arau horiek hausten dituena zigortzeko mekanismoak sortzen ditu.

Langile klasea, ordea, kontrol burgesa hautsi eta espazioaren kontrola bereganatzeko beharrean gertatzen da. Izan ere, espazioa erabiltzeko eskubide burgesa diruarekin erosi ordez, bera kontrolatzeko gaitasuna eskuratu dezake indarrez: okupatuz, ordainketak desobedituz, guneak eskuratzeko borroka politikoz etab. Langile indarra eszenatokian sartzean, hots, kontrol burgesa puskatuz espazioa erabiltzeko gaitasuna lortzen denean, langile kontrola ezartzen da. Gazte asanblada batek beharrizan politiko, sozial zein kulturalak asetzeko okupatu duen gaztetxea; hipotekari aurre ezin egin eta kaleratze aginduaren aurrean intsumisiora jo duen eta zilegitasunez berea duena defendatzeko hautua egin duen familiaren etxea; unibertsitate, fabrika, ospitale, zein bestelako azpiegitura berreskuratuak; guztiak langile kontrolpeko espazioen esperientziak dira.

Proletalgoak espazioaren gaineko kontrola bere esku hartzea  jabeekiko, eta beraz, trukearen  logika ekonomikoarekiko independentzia edo autonomia akto bat da. Baina,  klase menderatzailearekiko independentzia akto horrek sortzen duen zaurgarritasun egoera larria da. Antolakuntzaren beharra agertzen da, klase barneko antolakuntza, elkartasun eta babes dispositibo efektiboen bitartez gorpuzten dena. Izan ere, paradoxikoa dirudien arren, klase arteko independentzia klase barneko dependentzia bihurtzen da, eta hor guri dagokigu erantzutea. 

Kapitalaren logika operatiboari antagonikoa zaion fenomeno soziala dira langile kontrol espazioak; bertan, espazioaren gaineko funtzio ekonomiko-soziala apurtu eta proletarioaren behar inmediatoetara subordinatzen da espazioaren kudeaketa, langileak espazioaren gainean ezartzen du bere kontrola bere beharrizan materialak asetzeko ezinbesteko neurria duelako. Ez da logika politiko bat duen ekintza deliberatu bat, kapitalak sektore jakin batzuetan sortzen duen agoniaren aurreko erreakzio espontaneoa baizik, antolatu gabe egonik ere, etengabe erreproduzitzen dena, baina sekulako potentzialitate politikoa duena agonia antagonismo bihurtzeko, antolakuntzaren bitartez fenomeno politiko bilakatzeko. Gizarte egitura aldatu ezean ezin baitzaio espazioen gaineko arazoari ebazpen betiereko bat eman, langilegoaren eta, azken instantzian, gizadiaren interes kolektiboak botere metaketa basatiaren logikaren gainetik jartzea ahalbidetzen duen gizarte antolamendu eta botere egitura oso baten bitartez soilik gauza baitaiteke horrelakorik; Estatu sozialistaren bitartez.