Proletalgoaren bizi baldintzen antolakuntza defentsiboa-sarrera

2019ko apirilaren 30a


Gaztelaniazko bertsioa

Ikuspuntu honen izena `Sindikalgintza´ izango da. Artikulu honek sarrera modura funtzionatuko duenez, atal honen asmoez arituko naiz eta testuinguraketa labur bat ere egingo dut. Gaur egun, auzia lan esparrura murrizten da gehienetan eta horren inguruan mintzatuko naiz hasiera batean, nahiz eta helburua proletalgoaren bizi baldintzei garrantzia handiagoa ematea ere izango den eta, beraz, honen borroka defentsiboetaz hitz egitea.

Nire ezinegon eta motibazioei dagokienean eta nire buruaren aurkezpen bat egite aldera, langile klasearen erresistentzia borroketan murgilduta nago. Hori dela medio, Gedar bezalako kazeta batean honen inguruan idazteak nire ideiak argitzea galdegiten du, gainontzekoentzat ulergarri izan daitezen eta, era berean, auziaren inguruan egiten dudan ikerketa diziplinatzea. Hausnarketa ekintza birpentsatzeko une gisa ulertzen dut eta horregatik nire asmoa ez da aztertzen dudan horretatik aldentzea, bertan eragin eta eraldatzea baizik.

Interesgarria da auzi sindikala deitu izan den horri loturiko eztabaidagaiak bueltan direla (edo behintzat, eztabaida geroz eta posibleagoa dela) ikustea. Hausnarketak gero eta gehiagotan eta sakontasunez mahai gaineratzen ari dira: alde batetik, sindikatuen baliagarritasunaz, hauen funtzioez, langile aristokraziaren paperaz, ekonomizismoaz, bizi baldintzen defentsarako antolakuntzaz, kapitala-lana harremanen baitako aldaketez, langile klase industrialaren beherakadaz eta herrialde inperialistetan zerbitzu sektoreko proletalgo berria izaten ari den gorakadaz; eta bestetik, Txina edo India bezalako herrialdeetan masa borroken gorakada edota kontzientzia iraultzailea garatzeko erresistentzia borroken baliagarritasuna –edo baliagarritasun eza-, ala korporatibismora edo sektorialismora itzulera, batzuk aipatzearren. Ezagutza mugatu batetik, gai hauen eta beste batzuen inguruko gogoetak mahai gaineratzen ahaleginduko naiz, gaietako batzuk berriak eta beste batzuk hamarkada edo mende batzuk beranduago itzultzen direnak, jakina, testuinguru guztiz ezberdinean.

Batzuetan tentagarria suertatzen da iraganeko gertakarien kronikan galtzea. Egia da denbora pasa izanagatik badela bizirik dirauen gairik, baina modu berdinean jarraitzen ote duten edota kontrara, urteen poderioz aldaketak jasan dituzten ikertzea beharrezko suertatzen da. Zehazki, iraganaren sakralizazio ariketa bat egitea baino, egun zer eta nola egin beharko genukeen pentsatzea da egin beharrekoa. Honek behar luke iraganeko borroketan metaturiko esperientziekin lotura berrezartzeko premisa: egungo borroken forma, praktika eta edukiak kolektiboki, eta perspektiban, planteatu ahal izatea.

Eztabaida hauetan guztietan ´sindikalgintza´ terminoaren eta beste kontzeptu batzuen baitako indefinizio semantikoa dagoela nabarmentzea garrantzitsua dela uste dut. Beraz, honi buruzko zenbait ohar plazaratuko ditut, nahiz eta hasiera batean behintzat gerta daitekeen berauen gaineko erabileran erabateko sendotasunik ez egotea. Lehenik eta behin, langile mugimendua eta sindikalgintza ez dira gauza bera, nahiz eta gaur egun lehena azken honetara murriztua izan. Haren ekintza esparruak eta antolakuntza ereduak forma sindikaletik haratago joan izan dira, nahiz eta sindikalgintza izan zen langile mugimenduaren lehen antolakuntza forma. Bigarrenik, ´sindikalgintza´ hitza soldatapeko lanaren esparruan sindikatuek gidatzen dituzten erresistentzia borrokei lotu ohi zaie. Haatik, ez da beti horrela izan, iraganean, sindikatuek lan esparrura mugatzetik haratago bizitzaren esparru askoz ere zabalagoak beren gain hartzen baitzituzten: aisialdi eta sozializaziotik hasita, errenta greben antolakuntzara edota ateneoen giltzarri funtziora iritsiz, non proletalgoak bazuen alfabetatzeko aukerarik eta klase kultura propioa eraikitzerik.

Langile mugimenduaren ahultasun une batean aurkitzen gara, klase borrokaren intentsitate bereziko ziklo bat bizi ostean. Zenbait iritzik dioten moduan, ia haren hastapenetara itzultzen ari garela dirudi. Baina hori horrela ez balitz, zer? Iragan mende hasieran langile mugimenduak zuen indarrak ere ez zituen Bigarren Internazionalaren porrot ideologikoa, bi Mundu Gerrek eraginiko txikizioa eta haietan parte hartzea edota herri fronte interklasistetan antolatzea saihestu. Azkenik, langile mugimenduaren zati bati botere harremanen sistemaren kudeaketan posizio bat esleitu[1] zitzaion, Ongizate Estatuaren izenpean. Une horretan sindikatuak[2] kapitala-lana harremanaren bitartekari bezala finkatu ziren. Modu honetan gerraosteko sozialdemokrazia eta erreformismoaren oinarrizko antolakunde izatera pasa ziren, gehien bat langile aristokrazia ordezkatuz.    

Beste hitz batzuetan; langile mugimendu indartsu batek ez du zertan asmo iraultzailerik izan. Beraz, gaur egungo testuingururako garrantzi handikoa den galderak aurkezten zaizkigu: berme bat ez badira, erabilgarriak al dira sindikatuak klase borrokarako? Zein interesi erantzuten diete? Langile mugimendu indartsu baten berreraikuntza mugimendu iraultzailerako aukeraren aurrebaldintza ote da?

Ikuspuntu gehigarri batetik gaur egun Sindikatu-Instituzioak duen izaeraz konturatzeko, afiliazioaren estatistikei so egin diezaiekegu, nahiz eta parte hartze aktibo errealarekin (edo kuotaren ordainketaz haratago doan jardunarekin) bat ez etorri[3]. Aipaturiko estatistikek erakusten duten moduan, sindikatuetan antolatzeko kultura nabarmenki baxua da Ongizate Estatua dekadentzia handienean aurkitzen den zentro inperialistako herrialdeetan, non burgesiarentzat amortizatuen[4] dagoen (esaterako, Estatu Espainiarra 2015ean %19an zegoen[5]). Bestalde, portzentaje altuenak herrialde nordikoetan aurki ditzakegu (%79 Finlandian eta %73 Suedian, 2015ean[6]). Estatu Espainiarrean[7], zifrak altuagoak dira industrian, funtzio publikoaren sektoreetan (Hezkuntza, Administrazio Publikoa) eta lantegi handietan, non kontratu finkoak, jardunaldi osoak edota antzinatasuna handiagoa den. Instituzio sindikaletik urrunen dauden langile klaseko sektoreak, emakumeak, gazteria, atzerritarrak eta etxeko lanetako zein ostalaritzako langileak lirateke.

Testuinguruaren beste adierazle garrantzitsu bat krisi kapitalistaren markoan ehun produktiboan gertaturiko berregituraketa ezberdinen emaitzak dira: fabrikek erdigunea galtzea, deslokalizazioa, proletalgoaren iritsiera kontsumo kulturara, automatizazioa (ekoizpenaren eta enpleguaren arteko ezberdintasuna argiki zehazten duena), langile klasearen gero eta kapa gehiagoren bizi baldintzen proletarizazioa eta kaxkartze kolektiboa eta noski, ezegonkortasuna, lotura sozialen haustura edota izpiritu kolektiboarena[8]

Azken finean, gauzatu behar ditugun borroketarako aurkitzen ditugun baldintzak dira aztertu behar direnak, modu zintzoan eta boluntarismorik gabe. Zenbait akusaziok era ankerrean seinalatzen dutenaren aurka, ez da inolaz ere ospatzen goranzko joeran den babesgabetasun egoera, lan merkatuaren esku erabat uzten gaituena (ironikoki, gure lan indarraren balioa negoziatuko duen eragilerik gabe eta tutelarik gabe, aukera gisa agertzen zaigularik). Beste era batera esanda: hau da dugun egoera. Eta orain, ¿zer egin?

Proletalgoaren bizi baldintzak gero eta gehiago aztertzen eta borrokatzen badira, hau ez da fetitxe sindikalista baten ondorioz (zergatia ikertzea baztertzen duen erabateko ukazioa ere hala litzateke, modu alderantzizkatuan). Defentsa borrokez ari bagara, hauen papera –beste momentu batean edo gutxienez gradu handiagoan- mugimenduaren izaera ofentsiboa erraztea da. Hau da, euren forman, bitartekoetan, ez dezatela bulkada edo grin iraultzailea itzaltzen utzi. Ez litzateke beraz borroka iraultzailearen, politikoaren –ofentsiboa- eta borroka defentsiboaren –ekonomikoa[9]- arteko banaketa mekanizistarik egingo; batak bestearen barnean beharko luke, hori posible bada behintzat (eta hauxe da ikertu behar duguna). Proposamen batzuek hasieratik marko kapitalistaren baitan gauzatzeko duten ezinezkotasunak marko horren beraren abolizioa galdegiten du, ¿Baina bitartean zer? Edonola ere, ez da alboratu behar ekoizpenaren kontrolaren[10] borroka, edo logistikarena, beste adibide bat jartzearren, lurralde baten gaineko kontrolaren borrokak baitira. Baina, gainera, eta bereziki, merkatu harremanek gure bizitzako esparru guztiak zeharkatzen dituzten momentu batean gaude eta hau, langile mugimendua lanpostua baino askoz haratago artikulatzeko beharrean dagoela ulertzeko oinarrizko baldintza da.      



[1]  Esleitu zitzaion edo bere egin zuen, edo biak, errelatoaren arabera.

[2]  Sindikatu guztiak ez dira ezaugarri horietara egokitzen, edo behintzat, pausa handiagoz ikertu beharko litzateke. Sarrera honetan, “sindikatu” herrialde inperialistetan langile klasea biltzen duen instituzioari deritzo, oinarrien eta buruen arteko bereizketa maila - handiagoa edo txikiagoa- jakin bat duena.

[3]  Kasu honetan estatistikek afiliaziak ekoizpenean duen posizio estatistikoa argitzen lagun dezaketen faktoreak agerian utz ditzakete, eta beraz, noren inguruan ari garen ulertzen. Aitzitik, ez zaigu arlo soziologikoa, kuantitatiboa interesatzen, baizik eta kualitatiboa, kontzientzia iraultzailearen potentziaz, edo haren aukera ezaz jabetzeko, edo langile aristokraziarengan subjektu iraultzailea topatzeko (edo ez), edo proletargoak hartu dituen forma berriengan. Estatistikak datu batzuk erraztu ditzake, baina ezin du politikoa den auzia kuantifikatu.

[4]  Jadanik betea duela burgesiarentzako funtzioa, ziklo zehatz batean zehar, eta beraz, ez dela beharrezkoa eta baztertu daitekeela

[5]  Pere J. Beneyto, Trabajo y sindicalismo en la globalización

[6]  Ídem

[7]  HIPÓLITO J. SIMÓN- ¿Qué determina la afiliación a los sindicatos en España?

[8]  Aldi berean, kolektibotasun hori aztertzeko orduan kontu handiz egin behar da, azken finean, ideologia burgesak proletargoaren gain duen eraginaren isladaren ondorio baita, gizarte burgesean eraikitzen baita, eta bere mugen baitan posible den hori bakarrik jorratu dezakeelako.

 [9]  Lehenago esan den bezala, sarritan borroken izaera politiko eta ekonomikoa bereizi ohi dira, gainera, lanpostura mugatzen direnak.

[10]  Kontrola, hemen, ez da kudeaketaren baliokide, proletargoak ekoizpena kudeatzeko aukera izanik ere, marko kapitalistan eta bere baitako interesei erantzunez egin dezakeelako.