AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gazteria langilearengan esku hartzea da etorkizuneko gizartearen zimenduak ezartzeko modurik eraginkorrena. Gazte langileen artean zabaltzen ari diren joera kulturalak uneko baldintza materialen eta bertan egiten den esku-hartze kulturalaren ondorio dira. Proletarizazio prozesuak eragin du gure artean, oro har, etsipena, amorrua eta itxaropenik eza sentsazio orokor bihurtzea; eta horrekin mdlr bezala identifikatzen den kaleko kultura, non nagusitzen diren biolentzia, politikarekiko mesfidantza, unekoaz haratago pentsatzeko ezintasuna, drogaren kontsumoa... horrez gain, badaude dekadentzian den bizi-maila bati eutsi ahal izango diotenaren ameskeriaz bizi diren klase ertaineko seme-alabak ere, beren burua nolabait alderdi instituzionalen programetan errepresentatuta ikus dezaketenak, justiziaren eta moralaren zentzu burgesa guztiz asimilatuta; eta horrekin identitate-politiken gorakada izugarri bat eta alternatibismoa.

Nahaspila horretan batek pentsa dezake gazteen artean badela dagoenarekin hausteko borondate bat. Pentsa dezake denok gaudela nazkatuta eta modu eraginkorrean bideratuz eta antolatuz gero potentzialitate handia duten intuizioak existitzen direla, esaterako, hurkoaren defentsa, politika profesionalari errefusa, aberatsei nazka edo poliziari gorrotoa. Azken horri tiraka, baina, zaplasteko bat ematen dio aurpegian gazteen artean egoten ari den poliziaren normalizazioak. Polizia izatea lanbide bat gehiago balitz bezala, "batzuetan gehiegikeriak egiten dituzten arren". Une honetan Arkauten zipaio izateko formazioa jasotzen ari diren 706 ikasleetatik %83,5 dira 24 eta 33 urte bitartekoak.

Ez da kasualitatea. Pandemia hasi zen unetik poliziaren propaganda egiten dihardute komunikabideetan, errepresio sistematikoaren bidez dominazioaren bermatzaile diren burgesiaren borradun lekaioak heroismoz, adorez eta gizatasunez jantzitako langile moduan irudikatuta. Kapitalaren alderdia osatzen duten kolore guztietako alderdi politikoek izugarrizko aurrekontuak onartu dituzte indar polizialetarako. Behin eta berriro azpimarratu dute agintariek "delitu-forma berriei aurre egiteko" gazteak indar polizialetan sartzeko beharra. Inbertsio serioa ari dira egiten.

Askok ditugu kuadrilan, familian edo inguruan, eta gero eta gehiago dira beren lanbide posibleen artean ikusten dutenak langileriaren errepresio-agente izatearena. Mutrikuko Malen jaietan egondako iskanbilak eman digu kezkatzeko arrazoirik proletalgoaren askapen unibertsala helburu dugunoi, baina hein batean, gazte langileen artean poliziaren normalizazioa zein puntutara iritsi den hurbiletik ikusteko balio izan du. Zentzu komunean dagoen aniztasunaren eta askatasunaren ideiak polizia bat herri bazkari batean egotea arazorik gabe onartzeak borroka ideologikoaren garrantziaz jabetzeko balio bahar digu. 'Aniztasunak' ondokoaren zapaltzaile izateko eskubidea esan nahi badu eta 'askatasunak' bakoitzak nahi duena egiteko hautu librea esan nahi badu, gure marko ideologikoa dominazio-sistema baten mugen baitan ezarri delako da. Aniztasunaren ideiak ezin du gutxiengo batek gehiengoaren gainean ezarritako boterearen berme izan. Ezkerreko alderdi sozialdemokratek zentzu komun hori erreproduzitzen eta barnebiltzen dute beren programa antikomunistan. Ez dutelako behar aniztasuna errealki posible egingo duen askatasun unibertsalerako proiekturik, eta are gehiago, hori beren programa populista eta interklasistarekin kontraesanean dagoelako.

Eta ez. Kontua ez da polizia eredu bat ala bestea, bortizkeria maila bat edo bestea. Poliziak sistema kapitalistan betetzen duen funtzio sozialaz ari gara, proletalgoa politikoki ezgaiturik eta otzan mantentzeko duen funtzioaz, botere burgesaren aurkako proletalgoaren adierazpenak deuseztatzeko funtzioaz. Askatasun unibertsalaz ari bagara, eraitsi beharreko funtzioaz. Bitartean ACAB diote kaleetako hormek eta poliziari ihes egiten diote gazteek larunbat gauetan. Intuizio bat uneko interes pertsonalek gidatzen badute eta politikoki antolatzen ez bada edonork buka lezake poliziari eskua ematen. Horma sendorik eraiki ezean alperrik dira apaingarriak.

EZ DAGO IRUZKINIK