AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Mundu zahar hau berritu ala mundu berri bat eraiki. Krisiak zabaldu du joko-zelaia, eta burgesiak martxan jarria du zaharra berritzeko makinaria guztia. Artean, gu hemen, gasolindegietako prezioen pantailei inpotentziaz begiratzen diegunok, urte berean bigarrenez kaleratu duten erizaina, gaur ere poliziarengandik ihesi etxeratu den gaztea, senarraren tratu txarretatik ihes egin ezin duen emakumea, Lanbideren egoitzatik negarrez atera den migratzailea, jan ondoren botaka egiteko atzamarrak sartu dituen neska, bere laguna hil zen itsasontzi berean itsaso zabalera irten behar izan duen arrantzalea. Albistegia pizten dugu eta jada ez digu sabelak buelta handiegirik ematen. Burgesiak ezarritako markoaren mugetatik kanpo ez da ulertzerik eta jokatzerik, eta plastilinazko marko hori nahieran moldatzen ari dira, moldatu gaitezen datorren etorkizunera. Gure mundu-ulerkerak eta jokabideak ez dezaten mundu zaharraren azken bertsioa zalantzan jarri.

Kultur ofentsiba betean dihardu burgesiak: proletalgoan kulturalki esku-hartzeko bitarteko gero eta handiagoen kontrolarekin, hura metaketa-fase berri baterako prestatzen du. Burgesiaren ofentsiba ekonomiko eta politikoak ezinbestean behar du kultur ofentsiba ere. Aurreko ikuspuntuan bereziki gazte-belaunaldien interbentzio kulturalerako Instagram sare sozialak duen funtzioa modu orokor batean aztertu banuen, oraingoan hedabideen paperaz arituko naiz. Sare sozialak baino era bistakoagoan –baina ez horregatik maila handiagoan– dira hedabideak burgesiaren kontrolpeko interbentzio-bitartekoak: informazioaren eta komunikazioaren gaineko kontrola kosmobisio kapitalistaren hedapenerako eta ekoizpenerako ezinbesteko arma da. Hori ulertzeak gehiegizko neurona-erretzerik suposatu behar ez lukeen arren, gaia behar bezala kokatzeak bide-orri komunistan auzi honek izan behar duen garrantziaz jabetzea ahalbidetuko digu. Kosmobisioen arteko gerrarako prestatu behar bagara ezinbestekoa da joko-zelaia ezagutu eta gure lekua ondo definitzea.

Komunikabide burgesak ekoizpen kapitalistaren adar gisa eta era berean ekoizpen-bitarteko gisa ulertu behar dira. Lehenari dagokionez komunikazio-industriaren indarra gero eta handiagoa da. Munduko komunikabideen %70 kontrolatzen dira sei enpresaren artean[i]: horien artean dago, adibidez, Walt Disney, 2021ean 339.900 milioi dolarreko merkatu-balioa izan duena, munduko komunikazio-enpresen artean handiena[ii]. Aurreikus daiteke digitalizazioaren garapenak industria honen hedapen izugarria ekarriko duela, hedabideak, gero eta gehiago, ikus-entzunezko eduki erraz eta azkarretarako jauzia egiten ari baitira.

Hala ere, gehiago interesatzen zait kasu honetan komunikabide burgesek ekoizpen-bitarteko gisa betetzen duten funtzioa, «zentzu komun burgesaren eta iritziaren ekoizpen-bitarteko gisa»[iii], hain zuzen ere. Zentzu komuna filosofia espontaneoaren adierazpena dela definitu zuen Gramscik[iv], errealitatearen azaleko ezagutza-forma bat, akritikoa, gertakizunen kausak ezagutzeko beharrezkoa den kritika oztopatzen duena. Ordea, produktu historikoa da zentzu komuna, eta burgesiak unean uneko metaketa beharren arabera gaitasuna du hegemonikoa den mundu ikuskera moldatzeko, masen berehalako filosofian, errealitatea hautemateko azaleko eran, zuzenean eraginez. Beraz, komunikabide burgesen bitartez egiten dena bada ezarrita dagoenaren erreprodukzio bat, baina baita sortzen diren behar berriei erantzuten dien kosmobisio-ekoizpen bat ere, nolabait esatearren.

Lehertu den mundu mailako krisiak eta bertatik bizirauteko burgesiak egin beharreko aldaketa ekonomiko eta politikoek urgentzia handiz galdegiten dute gero eta zabalagoa den proletalgoaren kosmobisioan egokitzapen bat. Hedabideak tresna baliotsua dira burgesiarentzat, batetik, interesekoa zaion zentzu morala ezartzeko eta egokitzeko: gaizkiaren eta ongiaren kontzepzio jakin bat zabaltzen da, herritar orok jarraitu beharreko «jokaera egokiak» seinalatuz. Esaterako,  pandemiak aukera ezin hobea zabaldu du «guztion ongizateagatik bere eskubideak behin-behinean alde batera uzten dituen hiritar onaren» irudia hauspotzeko (bide batez, ezkerreko alderdi sozialdemokraten laguntzarekin). Esan beharrik ez dago honek zabaltzen duen testuingurua zein den arriskutsua. Baina bestetik, hedabide burgesen funtzio behinenak sekulako pisua hartzen du testuinguru honetan: koiunturaren gaineko doktrina ezartzearena. Ofentsiba burgesaren adierazpenak ikusten ari gara astero, izan langileen kaleratze masiboak, etxegabetzeak, prezioen gorazko malda etengabea, doako osasun-arretaren desmantelamendua, behin-behineko lan kontratuen orokortzea… eta burgesiaren komunikabideek aktiboki lan egiten dute proletalgoak gertatzen ari zaiona behar bezala kokatu ez dezan. Ez dezan usaindu ere egin zer gertatzen ari den, zergatik eta zertarako; eta horren ordez, basakeria hau guztia pandemiaren ondoriozko arazo koiunturalen multzo gisa ikus dezan, edota erreforma honen edo bestearen bidez konpon litezkeen arazoen multzo gisa.  

Baina krisiak, eta harekin ongizate estatuaren gainbeherak eta proletarizazio-prozesuak badakar, potentzialki, zentzu komun burgesaren nolabaiteko ezegonkortze bat. Masa zabalek ordura arte egonkortzat zuten oro bihurtu da desegonkor eta ziurgabe, eta egiatzat zituzten zenbait kontzepzio zalantzan ikus ditzakete. Esango nuke hor zabaltzen dela gudu-zelai bat non zentzu komuna disputan den, hegemonia duen klaseari nork disputa egin baldin bada, behintzat.

Burgesiak bertan abiarazten duen borrokak bereziki mundu zaharra beren azalean hiltzen ikusten duten gazte-belaunaldiak ditu jomuga. Horregatik belaunaldi horien despolitizazioa ezinbesteko auzia zaio burgesiari. Zentzu horretan, hedabide digitalek batez ere ikus-entzunezkoen arloan kaleratzen dituzten zenbait proiektu eta edukik guztiz funtzio despolitizatzailea betetzen dute, eta sarri gainera, kritikotasunaren eta kontzientziazioaren izenean. Aipatzekoa da Espainiar estatuaren telebista katea den RTVEk ekoizten duen gazteentzako eduki digitaleko plataforma, Playz, eta bertako programa arrakastatsuena, Gen Playz. Z generazioaren kezkak eta ikuspuntua lantzen omen dituen programa honetara gonbidatzen dituzte modan dauden influencer-ak, youtuber-ak eta beste, gaurkotasun eta pisu handiko gaiei buruz hitz egitera: emakumeen gorputzaren merkantilizazioa, harreman toxikoak, osasun mentala, elikadura nahasteak, bizi- eta lan-baldintzen kaxkartzea… guztiak, ezbairik gabe, egun gazte proletarioek parean hautematen dituzten arazo errealak. Gai horiek abordatzeko bakoitzaren esperientzia pertsonaletan oinarritzen dira, arrazoiarekiko arduragabe, eta behin eta berriro azpimarratuz ekintza indibidualen garrantzia problematika sozialen gaindipenerako. Ia saio guztietan «kapitalismoa» kritikatuko dute era abstraktu batean, gure bizitzan kalte egiten duen kanpoko izaki gaizto bat bailitzan. Eta hortxe dago koxka: burgesiak, bere ofentsibak sortzen duen oinazea eta amorrua bere aurkako indar antolatu bilakatu ez dadin, oinaze hori erabiltzen du bere instituzioen bidez (kasu honetan, estatu burgesaren kontrolpeko telebista) «sistemaren kontrako kritika» proletalgoarentzat politikoki ezgauza izango den iritzien elkarbanatzera eta aktibismora bideratzeko. Finean, funtzio despolitizatzailea betetzen dute zentzu komunaren egokitzapenean lagunduz. Eskala txikiagoan bada ere, EITBk berdina egiten du, esaterako, Gazteak sortzen dituen edukien bidez.

Horrez gain, kapitalaren erreforma modu aktiboan bultzatzen duten alderdi ezkertiar sozialdemokratek komunikazioaren alorrean egiten duten apustua ere bide antzekotik uler daiteke; izan ere, atentzioa ematen duen beste fenomeno bat da Ernaik kudeatzen duen entretenimenduko Klak telebistarena, bere Kabala programaren bidez zenbait auzi sozial ia absurdora eramateraino heldu izan baitira. Gazteen ahotsaren bozgorailu izateko asmotik, dagoen despolitizazio orokortuaren bozgorailu izatera. Beren politika ulertzeko eta egiteko bide erreformistak ez du behar zentzu komun burgesaren gaindipenik: kontrara, zentzu komun hori bera erabiltzen dute alderdiaren erreferentzia zabaldu eta behar denean bozka emango duen oinarri sozial bat erakartzeko.

Komunistontzat pisuzko auzia da komunikazioarena, kosmobisio berri baten (hots, mundua hautemateko, ulertzeko eta bertan jokatzeko modu berri baten) ekoizpenerako bitarteko gisa ulertzen badugu.  Errealitate materialak berak zabaldua digu zentzu komun burgesa gainditu eta mundu ulerkera berri bat hedatzeko zirrikitua. Alabaina, burgesiari hegemonia borrokatu ahal izango dion indarraren eraikuntzarekin batera baino ezin daiteke ulertu borroka kultural hori, bata bestearen esistentziarako baldintza baita. Gure praktika eta etika politikoa posible den mundu berri baten erakusle izan behar dira, uneoro antolakuntza komunistaren eraginkortasuna erakutsiz. Eta horrek, besteak beste, berarekin galdegiten ditu komunikazio-bitarteko esanguratsuak. Burgesiari komunikazioaren gaineko kontrola irabazten joatea ezinbestekoa zaigu. Hala eragin dezakegu zentzu komunean, proletalgoak koiuntura hautemateko duen moduan esku hartuz: 1) ulertzeko zer, zergatik eta zertarako ari den gertatzen, hots, zer esanahi duen gertaera bakoitzak osotasun kapitalistan; eta  2) arazo zehatz bakoitzean programa komunista lurreratzeko, posible den mundu berri bat begiztatuz. Zentzu horretan aipagarria eta txalogarria da zinez Gedar Langile Kazetak egiten duen lan nekeza web-orrian, telebistan eta Arteka hilabetekarian.

Joko-zelaian egiaren aldea hautatu dugu, askatasun unibertsalaren aldea. Guri beha den fusila jar dezagun zapaltzaileei begira. Nagusiei, estatuari eta gutaz probesten diren kolore guztietako iruzurgileei.


[i] Opcions. (2019). Grandes medios de comunicación: de quién son y a quién se deben. https://opcions.org/es/consumo/grandes-medios-comunicacion/

[ii] Forbes. (2021). The World’s Biggest Public Companies. https://www.forbes.com/lists/global2000/#1f8e5e0f5ac0

[iii] Ekida. (2021). Komunikazioa eta gerra kulturala [Editoriala]. http://ekida.eus/posts/Komunikazioa-eta-gerra-kulturala

[iv] Gramsci, A. (2017). Sentido común, intelectuales y cultura democrática. In C. Rendueles (Ed.), Gramsci: Escritos (269-333. orr.). Alianza.

EZ DAGO IRUZKINIK